Pasaiako portuari buruzko eztabaida sustatu dutela dio Txabarrik

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Gizarte eztabaidaren garrantzia nabarmendu dute Helsinkiko (Finlandia) portu berriko proiektuaren arduradunek, Pasaiara (Gipuzkoa) egindako bisitan. «Jendeari halako ideiak azaltzea zaila da, baina guk egin genuen, eta ideia ezin hobea izan zen», adierazi zuen, atzo, Jari Heikkilak, Helsinkiko portu berriko proiektua egin duen ingeniariak. Eredu hori haintzat hartuta, herritarrei proiektua azaltzeko ahalegin «bizia» egiten ari direla nabarmendu zuen Joxe Juan Gonzalez Txabarrik, Pasaiako portuko lehendakariak. «Halako proiektuen ardatzetako bat da herritarrekin komunikatzea».

Jaizkibel Bizirik taldearen ustez, ordea, Helsinkiko portuko proiektua ezin da Pasaiako kanpo portukoarekin parekatu. «Alderantziz, Helsinkiko eredua oso adibide txarra da Pasaiarentzat». Hala, protesta egin zuten atzo Portu Agintaritzaren egoitzan.

Pasaiako Portuko Agintaritzak gonbidatuta, jardunaldi tekniko batzuetan hartu zuten parte Finlandiako ordezkariek. Bertan, Helsinkiko portu berriaren -Vuosaariko portua-xehetasunak azaldu zituzten. «Ondo egindako gauzetatik ikasi nahi dugu, eta hobetu daitezkeenak ikusi», azaldu zuen Gonzalez Txabarrik.

Vousaariko portua azaroan inauguratuko dute, eta, adierazi zutenez, Europako lehen ekoportua izango da. Pasaian gertatu bezala, inguruan Natura 2000 Sareak babestutako gune bat dago. Arduradunek aditzera eman zutenez, proiektua gauzatzerako orduan «oso kontuan» hartu zuten hori. Besteak beste, ondorengo ingurumen baldintzak hartu zituzten kontuan: itsasontzien emisioak ahalik eta gehien murriztea, hondakinentzako biltegiak izatea eta itsas hondoa garbitzea. Horrekin batera, arreta berezia jarri zuten inguruan bizi ziren animalia eta landareetan. «Azterketa ugari egin genituen, lanek haiengan ahalik eta eragin gutxien izan zezaten», argitu zuen Mikko Leppanenek, portuko zuzendariak.

Leppanen oso pozik agertu zen emaitzarekin. «Naturan integratutako proiektu bat gauzatu dugu». Gainera, portu berria Helsinkiko erdigunetik kanpo egotea «oso garrantzitsua» dela esan zuen. «Hiriaren erdigunetik igaroko den kamioi kopurua askoz txikiagoa izango da».

Jaizkibel Bizirik protestan

Jaizkibel Bizirik plataformak gogor kritikatu ditu atzoko jardunaldi teknikoak. «Herritarrak nahastea helburu duen beste publizitate ekintza bat da. Iritzi publikoa manipulatu, eta Oarsoaldeko herritar gehienek arbuiatu duten proiektuaren inguruan babesa lortu nahi dute», adierazi du.

Haien ustez, gainera, Vuosaariko portuaren proiektua eredu okerra da Pasaiarentzat. «Portu Agintaritzak eredutzat hartzen badu, ingurumen araudia eta aditu, erakunde nahiz Europako Batzordearen beraren iritziak saihesteko izan duen moduagatik da».

Jaizkibel Bizirik-en irudiko, bi kasuak oso desberdinak dira. «Jaizkibelen egin nahi den basakeria oraindik handiagoa da». Ikusi duten berezitasun nabarmenetakoa merkantzietan dago. «Vuosaariko portura iristen diren merkantziak garbiak dira. Pasaian, berriz, burdineria deskargatuko da. Gainera, zentral termiko bat eta biodiesel planta bat eraiki nahi dituzte bertan».

Azaldu dutenez, Vuosaariko portua ez da Natura 2000 gune babestu baten gainean kokatzen. «Babestutako gunea 400 metrora dago. Pasaiaren kasuan, portua Natura 2000 gune babestura bertara iristen da».

Eraikitzeko guneak oso diferenteak direla ere nabarmendu dute oharrean. «Pasaiako kanpo portua olatu eta sakonera handiak dituen itsasoan eraikiko da. Beraz, zailtasun teknikoak handiak izango dira. Vuosaaran, berriz, ez». Finantzaketan ere ikusten dituzte aldeak bi proiektuen artean. Helsinkiko Portu Agintaritzak portu berriaren eraikuntzaren %100 finantzatuko du «Jaizkibelgo portua herritarren diruarekin finantzatu nahi dute. Horrek erakusten du ekonomikoki proiektua bideraezina dela», salatu du Jaizkibel Bizirik-ek.

www.berria.info

Iruzkina idatzi