Kantauri osoko egitasmo «larrienetakoa» salatzeko, bandera beltza Pasaian

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

«Hemengoa lotsagarria da, ez du beste hitzik». Ekologistak Martxan taldeko kide Jorge Saezek Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) plazan gogor egin zuen atzo Pasaiako kanpo kaia egiteko egitasmoaren aurka. Aurten, erakunde ekologistako beste hainbat lagunekin batera, Kantauri itsasoko kosta guztia zeharkatzen dabil Diosa Maat belaontzian, eta, aditzera eman zuenez, salagarritzat hartu dituzten egitasmoen artean «larrienetakoa» da Pasaian Jaizkibel mendian kanpo kaia egiteko proiektua. Horregatik, egunotan euskal kostako beste zenbait tokitan egin duten bezala, bandera beltza jarri zuten atzo Pasaian.

Kanpo portua egiten bada, Jaizkibelgo itsaslabarren -«interes orokorreko eremua dira»- hiru kilometro txikituko dituztela nabarmendu zuen Jorge Saezek. «Eskualde honen guztiaren geroa baldintzatzen ari dira». Tamaina honetako beste egitasmoa, Kantauriko itsasertzean, Gijongo portuan (Asturias, Espainia) dutela ohartarazi zuen, eta bi proiektuen aurka gogor egingo dutela.

Diosa Maat belaontziko ekologistek antolatutako ekitaldian parte hartu zuten Jaizkibel Bizirik eta Termikarik ez! taldeetako kideek ere. Jaizkibel Bizirik taldeko kideek argi utzi nahi izan zuten kanpo kaiaren egitasmoa salatzea dutela helburu nagusi: «Diru xahutze handia izango litzateke». Egungo portuaren funtzionamendua hobetzeko eskaria ere ozen zabaldu nahi dute. Txatarra erruz heltzen da portura, eta ondorioz zabaltzen den hautsak inguruko bazterrak zikintzen eta kutsatzen dituela diote, eta horren kontrako neurriak hartu behar direla. «Erradioaktibitatea neurtzeko gailuak ere jarri behar dira. Izan ere, askotan altzairutegietan-eta atzeman dute erradioaktibitatea». Dirua portuaren egungo funtzionamendua hobetzeko neurrietan gastatzeko deia egin nahi dute.

Gaur, Donostian

Donostiatik egin zuen atzo Diosa Maat ontziak Pasaiarako bidea. Iragarrita zeukaten azken bandera beltza bertan jarri, eta gaur, Donostian, Klima Aldaketa Kantauriko Itsasertzean kanpaina abiatuko dute. Klima aldaketak Kantauri itsasertzean zein ondorio izan ditzakeen azaltzeko da kanpaina hori, eta horiei aurre egiteko zer egin daitekeen jakinarazteko. Kanpainaren nondik norakoak bihar jakinaraziko dituzte, Donostiako kaian.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi