«Kanpo kaiaren planak aurrera ez egitea lortu behar dugu»

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka, Iritziak / Opiniones

David Hammerstein (1955, Los Angeles, AEB) Europako Parlamentuko Berdeen diputatuak Pasaia (Gipuzkoa) eta inguruak lehen aldiz bisitatu ditu aste honetan. Kezkatuta alde egin du bertatik. Pasai Donibaneko zentral termikoa «ikaragarria» iruditu zaio. Jaizkibel mendiaren itsaslabarretan egin nahi duten kanpo kaia irudikatze hutsak, berriz, min egin dio. «Basakeria da». Duen kargutik zentral termikoaren zein kanpo kaiaren aurkako ahotsa zabaltzen saiatuko dela adierazi du, eta Oarsoaldean ingurumena babesten ari diren elkarteei laguntzeko ahalegina egingo duela. «Gipuzkoaren trasteleku zikina bihurtu nahi dute eskualde hau».

Pasai Donibaneko zentral termikoa dagoen tokia bisitatu duzu. Jaizkibelgo kanpo kaia egiteko erabili nahi duten eremua ere bai. Zer iritzi duzu?

Inguru honen guztiaren baliorik berezienak erre egin nahi dira. Pertsonei zentzua ematen diena inguru zoragarri hau da [Jaizkibel]; portu eta makroportu asko daude munduan, baina horrelako itsaslabar ederrak ez horrenbeste.

Europako Parlamentuan duzun kargutik ezer ere egin dezakezu kanpo kaia egiteko asmoaren kontra?

Lortu behar dugu kanpo kaia egiteko planak aurrera ez egitea. Ordezko proiektu bat sustatu behar da, egungo portua garbitu eta eskualde honetako gizartearentzat etorkizun hobea lortuko duena.

Portuaren aldekoek eskualdea biziberritzeko giltza izango dela diote.

Kanpo kaia egiteko asmoa errazkerian erortzen dela iruditzen zait; aukera konplexuagoak aztertu behar dira, herritarren onura bilatuko eta, bide batez, ingurumena aintzakotzat hartuko dutenak.

Baina asmoak badira, eta plan estrategiko bat plazaratu berri du Pasaiako Portuko Agintaritzak kanpo kaia egin nahi duela esanez. Plan horiek gauzatzeko bidean jarriko balira, deus egin ahal izango litzateke EB Europako Batasunetik geratzen saiatzeko?

Nik uste dut Europa barruko esparruan modua legokeela Jaizkibelgo kanpo kaia edo horrelako beste proiektu bat gerarazteko; izan ere, zantzuak badaude Europako Batasuneko zuzenbidea hausten duela pentsatzeko. Aurretik antzeko kasuak izan dira, eta horietan espedienteak ireki dira arau-hausteak egotzita. Hori gertatu da, esate baterako, Kanariar uharteetako portu batean. Pasaiako kasuan ere adi egongo naiz, ezer bada ere, aurre egiten saiatzeko.

Castejongo (Nafarroa) zentral termikoei buruzko azken epaia Europako Batzordera eramango duzula esan duzu. Eta baita Pasaiako zentral termikoaren inguruan hainbat galdera egingo dituzula ere Europako Parlamentuan. Zer egin daiteke?

Argindarra sortzeko instalazio handien gaineko zuzentaraua apurtzen duen galdetuko dut, etxebizitzekin duen gertutasunari buruz, isurtzen dituen gai toxikoen gainean, eta baita erabiltzen duen teknologia motaren inguruan ere. Aski teknologia aurreratua erabiliz funtzionatzen duen galdetuko dut; izan ere, zaharkitua dagoen susmoa dut. Etxebizitzekiko distantziarena ere benetan nabarmena iruditu zait; zentralak eta etxeek ezin dute elkarrengandik hain gertu egon.

Ez dira kezka eragiten duten instalazio bakarrak, eta gehiago ere egin nahi dira. Muskizen (Bizkaia) koke planta bat egin nahi dute…

Ez dut egitasmoa ezagutzen. Baina argi izan behar da ikatza iragana dela; alternatibak daudenean behintzat ez litzateke ikatza erabili behar. Ikatzak arazo handiak sortzen ditu: ateratzekoan arazoak sortzen ditu, ura kutsatzen du, basoak ere bai, eta klima aldaketa eta osasun arazoak ere aintzakotzat hartu behar dira. Horregatik da ikatza iragana, eta horren ordez, energiaren eraginkortasuna bilatu behar da, eta energia berriztagarrien alde egin behar da. Gainerakoan ez gara solidarioak gure planetarekin.

AHTren gaineko eztabaida ere bizi-bizi dago, eta zenbait zati egiteko lanak martxan dira.

Euskal Y egitasmoa ezagutzen dut. Guztiz itxuragabekoa da, gehiegizkoa iruditzen zait. Ez dago inguru hauetako orografiara egokituta. Bazter hauek ikusita hain nabarmena da hori! Benetako diru xahutzea da. Abiadura handiko trena aski erabilgarria izan daiteke elkarrengandik urrun dauden bi punturen artean, eta ingurua laua bada. Baina, nik dakidala, Euskal Y-aren kasuan bide ia osoa tunelen azpitik joango da, eta benetako zentzugabekeria iruditzen zait hori. Orografiara egokitutako trena beharko litzateke; kostua egungoaren laurdena izango litzateke, eta ingurumenean egindako kaltea ere askoz txikiagoa.

Errepideetatik zama arinduko duela diote alde daudenek. Ez da hala izango?

Nik Europan dudan esperientziaren arabera, oso herrialde gutxitan garraiatzen dira salgaiak abiadura handiko trenean, batez ere bidaiarientzat erabiltzen da. Eta ni abiadura handiko trenaren alde nago, baina baldin eta tren zerbitzu hori hegazkin bidezko trafikoaren ordezko izango bada. Hemengo kasuan zergatik ez da Euskotrenen zerbitzua hobetzen? Baina, tira, tren lasterra egiteko lanak hasi dira, eta orain borroka egin beharko da ingurumenean ahalik eta kalte txikiena eragiteko. Baina, berriro esango dut, egitasmo erraldoia iruditzen zait, neurriz kanpokoa guztiz. Oro har, adreiluan oinarritutako ekonomia porlanean oinarritutako ekonomiarekin ari gara ordezkatzen.

David Hammerstein – Europako Parlamentuko diputatua

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi