Jaizkibel Bizirik-ek dio portuaren xedea jarduera kutsagarriak ezartzea dela

Egilea: JB  |  Atala: Prentsa Oharrak

Jaizkibel Bizirik-en ustez, Pasaiako Portuko Agintaritzak aurkeztu berri duen plan estrategikoak argitu du zertarako egin nahi duten kanpoko portua, alegia, jarduera kutsatzaileak ezartzeko. Horretarako, planak berak ematen duen datu bat gogorarazi du elkarte horrek: gaur egun 0,5 milioi tona ikatz baliatzen ditu Iberdrolaren zentral termikoak. Kanpoko portua egiten denean, 3,5 milioi tona ikatz espero dute deskargatzea azpiegitura berrian. Alegia, zazpi aldiz handituko litzateke gaur egun erretzen den ikatz kopurua. Zentral hori da Euskal Herrian CO2 gehien isurtzen duena, eta 2006an 1.120 milioi tona isuri zituen atmosferara, Europak ezartzen duen muga 100 milioikoa bada ere.

Baina ikatzezko zentral termikoa ez ezik -gaur egun Iberdrolak badia barruan duenaren parekoa-, kanpoko portuan biodieselezko planta bat egitea aurreikusi dute. Zentral horretara, 1, 5 milioi tona petrolio eta petroliotik eratorritako beste zenbait gai eramango lirateke. «Guztira bost milioi tona deskargatuko lirateke portuan. Horiek eragingo dute kanpoko portuaren trafiko hazkundea, eta ondo azaltzen dute zeintzuk diren azpiegitura berriaren benetako helburuak».

Jaizkibel Bizirik-en iritziz, Portuko Agintaritzak aurkeztutako txostenak «fidagarritasun eskasa» du, eta ez du zehazten nola handituko den ikatza eta petrolioa ez diren salgaien trafikoa.

Kanpoko portuaren aurkako taldeak kritikatu du txostenak kontuan hartu ez izana kanpoko portua ez den bestelako aukerarik, besteak beste, inguruko portuekin osagarri egitea Pasaiako jarduera. «Kanpoko portuaren alternatibaren balorazioan denak dira abantailak, aldeko joera nabaria erakutsiz». Izan ere, Jaizkibel Bizirik-en arabera, plan estrategikoaren asmoa kanpoko portuaren beharra justifikatzea da. «Kostu ekonomikoa bezalako kontu negatiboak ez dira aipatu ere egiten, eta eragingo duen ingurumen kaltea positibotzat jotzen da».

Eta galdera egin dio Jaizkibel Bizirik-ek Portuko Agintaritzari: «Nola da posible gure kostako natur altxor bat birrinduz eta kutsatuz esatea kanpoko portua egitea aukera ezin hobea dela tokiko balioak areagotzeko?». Ekoportu izena jarri izana «zinikotzat» jo du Jaizkibel Bizirik-ek.

Gaiak:

Iruzkina idatzi