Bi urte barru hasi nahi dute Pasaiako portuko tunela egiten

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Portu Agintaritzak bi urte barru hasi nahi dute Pasaiako kanpoko portuaren lanak egiten. Hain zuzen ere, Jaizkibel mendia zulatuko duen eta portu berriarekin lotuko duen tunela egiten. Lau urte barru, berriz, portu berria egiteari ekin nahiko liokete.

Proiektu berriaren lanak koordinatzeko bi erakundeek laster hitzarmen bat sinatuko dutela iragarri dute. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Eneko Goiak esan zuen hilabeteko epean sinatuko dutela hitzarmena, eta hori proiektua bultzatzeko garrantzitsua izango dela gaineratu.

Goiak esan zuenez, portu berrira iristeko bideen alternatibak ari da aztertzen Gipuzkoako Foru Aldundia. Edonola ere, ezinbestez bi kilometro inguruko tunel bat egin beharko dela iragarri zuen. Bi erakundeek berehala hasiko dute ingurumen alorreko tramitazioa, eta horrela Aldundiak porturako sarbideen proiektua idatzi ahal izango du, eta 2009. urtearen hondarrean amaitu. Gauzak hala, Goiak esan zuen 2010eko udaberrian tunela egiten has daitezkeela.

Ordurako, Aldundiak portu berriaren proiektua idatzita izatea espero dute, eta hura eraikitzen hasiko lirateke tunela amaitu bezain pronto.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi