Jaizkibeli berehalako babes juridikoa emateko eskatu die Eguzkik erakundeei

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Berriki Maro ontziak izandako hondoratzea gogora ekarrita, Jaizkibel mendiari (Gipuzkoa) eta haren itsas eremuari «berehalako babes juridikoa» emateko eskatu die Eguzki talde ekologistak erakundeetako ingurumen arduradunei. Hain zuzen ere, mendiaren magalak eta bi milia arteko itsas eremua babestu beharko liratekeela uste du Eguzkik.

Maro-k martxoaren 6ko 23:00 aldean jo zuen hondoa, Jaizkibelgo itsaslabarrean, Hondarribia eta Pasaia artean (Gipuzkoa), Higerko lurmuturretik bi miliara. 95,7 metroko ontzia Baionatik Pasaiara zihoan, zamarik gabe, bertan altzairuzko produktuak zamatzera. Kapitainaren esanetan, bidean makinetan matxura bat izan zuten, ontzia nora ezean geratu zen eta hondoa jo zuen. Handik egun batzuetara puskatu, eta 55 tona erregai isuri zituen itsasora.

Eguzkik gogora ekarri du 1980ko hamarkadatik Jaizkibelgo Antolaketa Plana idatzita dagoela, eta Foru Aldundiaren «tiraderetan gordeta» dagoela. Halaber, talde ekologistak nabarmendu du Europako Batasunak 2004an Natura 2000 Sarean sartu zuela Jaizkibel, Garrantzi Komunitarioko Gune izendatuta, Ulia, Txingudi eta Hendaia-Sokoa (Lapurdi) itsasbazterrekin batera.

Eguzkik dei egin die Pasaia, Lezo eta Hondarribiko udalei Jaizkibel babes bereziko gune izendatzeko, eta bertako bioaniztasunaren balioak betiko zaintzeko elkarrekin lan egin dezaten, «Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren oztopo eta jarreren aurrean eraginez».

Eguzkik adierazi du Jaizkibel mehatxatutako ingurunea dela, eta zerrendatu ditu haren arrisku nagusiak: kanpoko portua egiteko proiektua, indar militarren tiro eremua, baso espezie exotikoen landatze masiboak, Hondarribiko Udalak Junkiz aldean golf zelai bat egiteko duen asmoa. Eguzkik erakundeei eskatu die ontziaren deseraikitze lanak amaitu ondoren, inguru horretan berreskuratze plana jartzeko martxan, «natura aurreko egoerara bueltatuz».

Halaber, Jaurlaritzari, Gipuzkoako Aldundiari eta Baionako Suprefeturari eskatu die Ulia-Jaizkibel-Hendaia-Sokoa eremuak itsas erreserba eta babes bereziko gune izendatzeko, horren gestio planak onartuz.

www.beria.info

Gaiak: ,

Iruzkina idatzi