Jaizkibelen hondoa jotako merkantzia ontziarekin zer egin aztertzen ari dira

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Jaizkibel mendiaren magalean hondoa jota eman zuen atzo ere eguna Maro zamaontziak, Pasaiako (Gipuzkoa) portutik hurbil. Ostiralean matxura baten ondorioz istripua izan eta arroka baten kontra hondoa jota geratu zenetik, berriro ur gainean nola jar daitekeen aztertzeko ardura hartu dute hainbat teknikarik, eta, atzo ere, horretan eman zuten eguna. Ostiralean eskifaiako zazpi marinelak itsasontzitik atera, eta kapitaina bakarrik geratu zen barruan, uko egin zion erreskate taldeek handik ateratzeko egindako proposamenari. Atzo, ordea, goizean, itsas salbamendurako taldeek atera egin zuten kapitaina ere merkantzia ontzitik eta lehorrera eraman zuten. Soilik ontzia aztertzen ari ziren teknikari eta adituak geratu ziren barruan.

Ostiralean pentsatzen zen, mareak gora egitean, zamaontzia berriro bere bidean jartzeko aukera izango zela, baina egindako ahaleginak antzuak izan ziren, ontziak uste baino egonkortasun eskasagoa zuela ikusi zuten, eta erraz hondora zitekeela. Itsasontziaren zenbait zati, halaber, urak hartuta daudela ikusi zuten. Horregatik, atzo, beste aukera batzuk aztertzen aritu ziren teknikariak, arrisku txikiena ekarriko duenaren bila.

Ontzitik erregaia ateratzeko lanek ere ez zuten etenik izan egun osoan. 54 tona erregai eta 2,6 tona olio daramatza zamaontziak barruan, eta horiek itsasora ez isurtzeko ahalegina egiten ari dira. Istripuan jasotako kolpearen ondorioz pitzadura bat egin zitzaion , eta hortik erregaia isur daitekeen kezka dago. Nolanahi ere, orain arte kutsadura oso txikia izan dela jakinarazi dute itsas salbamendu arduradunek.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi