‘Haitz-gibel’-go saminaren bidetik

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Jaizkibelgo itsas portuak balio natural handiko tokietan eragingo dituen kalteez ohartarazteko ibilbidea da honako hau, ibiltariak ikus dezan ingurune ikusgarrian zer-nolako kalteak eragingo dituen. Lezotik itsas portura Jaizkibel -Haitz-gibel hitzetik datorkio izena-zeharkatuko luketen tunel batzuetatik iritsiko litzateke. Kanpo kaiak hiru edo lau kilometroko luzera hartuko luke, Azabaratzako senaiatik Porrustarri haitzen pareraino. Ibiltariak ikusi eta neurtu ditzala inpaktu eta ondorioak.

Lezotik emango ditugu lehenengo pausoak. Jendeari galdetu, eta bidezidorraren abiapuntu Sorotxoko bihurguneko parajera aterako gara. Sorotxotik gora jarraituko dugu, bidezidorretik, eta Menditxiki inguruan errepidearekin bat egingo dugu. Han errepideak behera egiten du. 300 metro inguru ibili behar dira errepide nagusitik, eta ezkerretara doan pista zabala hartuko dugu. Militarrek erabiltzen dute bide hori, beren maniobra militarrak egiteko. Hondatutako seinale eta tiro zelai batzuek hori adierazten dute. Adi, beraz.

Pista nagusia bukatu eta, bihurgune eta iturri bat pasatuta, errekasto bat sortzen den tokian, Arrangoa baserria zenetik pasatuko gara. Pixkanaka itsasaldera joko dugu, beherantz, mendi bizkarretik, ezkerreko pista eta bideari segituz. Ikuspegi zabala dugu bertatik: itsasertza, mendi magala eta burkaiak. Burkaia deritze Jaizkibelgo mendi bizkartxoei, bata bestearen ondoan amaieran duten hareharrizko ertzagatik. Zazpi edo zortzi burkaia daude eta egitura geologiko bereziak dira. Guk mendi bizkarretik zuzen jarraituko dugu.

Itzalarriko burkaiaren muturrean gaude. Haitz-gibel-go gibela dugu bistan; erreka zulo eta burkaiak parean, itsasoaren hotsak eta aparra bistan. Eskuinean Azabaratzako senaia dugu. Ondar urteetan Azabaratza hondartza bihurtzen da. Pasaiako portuaren proiektua gauden lekuaren azpian kokatu nahi dute.

Itzalarritik mendebaldera jaitsiko gara, ubide edo kanal baten erreferentzia aurkitu arte. Bidezidorretik behera atzemango dugu, eta, bertan gaudela, bi burkaien arteko bailara zeharkatuko dugu. Jaizkibelgo ubide sarea Pasai Donibane hornitzeko erabili izan da. Orain zati gehienak hondatuta daude. Tunel bat pasa eta Kostaundiko burkaien ospelera iritsiko gara; ubideen zati lauean gaude. Beste tunel batetik kareharrien labarren erraia gurutzatu eta norabide beretik jarraituko dugu. Burkaien ertza baino lehen, ezkerretik gora joko dugu, ertzaren gainaldera heldu arte. Handik Algorriko bailara dugu bistan, eta, bidezidorraren arrastoei segituz, ubidera jaitsiko gara berriro. Harekin bat egin eta beste aldeko maldan trikuharri itxurako haitz batera iritsiko gara. Ezkerreko aldetik gainditu eta beherantz joango gara berriro. San Joan harri burkaia zeharkatu, eta ubidearen arrastoari segika mendian gora jarraituz gaindituko dugu ubide hondatua.

AZKEN IGOERA. Bide arrastorik gabe, belar eta sastraka artetik gora igoko gara, beste bailaratxo bat eta zidor bat topatu arte. Marra zuri eta orlegiz tindatutako markei jarraituz iritsiko gara errekazulora. Ibilbidearen azken igoera dugu aurretik; eskuinetara ikusiko ditugun burkaiek irudi eta forma bitxiak dituzte eta zuloetan txoriek habiak dituzte. Kontuz, beraz!

Gora egin ahala, pista batek eramango gaitu gainaldeko belardi zabalera. Mitxitxoiako gailurraren azpian dago Buenos Aires baserrien arrastoa. Talaia paregabea Ulia begiztatzeko. Zidorrari segituko diogu, kareharrizko ertzaren magaletik Pasaiako fiordoaren sarrera irteeraraino. Inguru hartan egin nahi dute superportuaren dike nagusia. Itsasontzientzat semaforo batzuk daude ertzaren bukaeran. Hara doan pistatik jaitsiko gara Kalaburtzara, Pasai Donibanetik datorren pasealekutik Lezorako bidea hartzeko.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi