Jaizkibel Bizirik: «Kanpoko portuaren arazo larriak ezkutatu ditu azterketak»

Egilea: JB  |  Atala: Prentsa Oharrak

Atzo Pasaiako Portu Agintaritzak aurkeztutako txostena «faltsu eta interesatua» dela, eta kanpoko portuaren proiektua aurrera ateratzeko asmoz egin dutela salatu du Jaizkibel Bizirik elkarteak. «Azterketa lerratua eta bukatu gabea aurkeztu dute. Bakarrik ustezko onurak aipatzen ditu, baina kanpoko portuak eta garraio korridore intermodalak Pasaian eta Oarsoaldean ekarriko dituzten arazo larriak ezkutatzen ditu».

Jaizkibel Bizirikek leporatu dio Pasaiako Portuari badiaren lehengoratzea kanpoko portuaren lanaren menpe uztea, Eusko Legebiltzarrak «aho batez onartutakoari muzin eginez». Elkarteak kritikatu du Portuak esatea barruko portuaren jarduera etengo dela. Izan ere, gaur egun 30-50 urte arteko jarduera baimenak eskaintzen ari baitzaizkie hainbat enpresari. Egun tramitatzen ari den plan bereziak pabilioiak egiteko guneak handitzea aurreikusten duela gogoratu du. «Kontraesan horiek erakusten dute barruko portuko jarduerak aurrera jarraituko duela».

Kanpoko portuak ustez ekarriko dituen onura ekonomikoen gainean ere datuak faltsutzea leporatu diote Pasaiako Portu Agintaritzari. «Txostenak dio portuak Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %1,8 eragiten duela. Alabaina, Foru Aldundiaren eskariz Ikeik egindako azterketaren arabera, kopurua %0,7koa da».

Jaizkibel Bizirikek oroitarazi du kanpoko portuarekin batera Oarsoaldean gune logistiko bat egitea aurreikusten dutela. Gune horrek milioi bat metro kuadro lur hartuko luke Lezoaldean, gaur egun berdea den eremuan. Hor, besteak beste, garraio estazio intermodalak, errepideak eta autobideak eraikiko lirateke, eta haiek trafiko butxadura eta kutsadura areagotuko dutela uste du Jaizkibel Bizirikek. Horretaz deus ez aipatzea gaitzetsi du.

Kanpoko portua egiteko 25 milioi harrobi agregatu ekarri beharko liratekeela gogoratu dute, eta horretarako Gipuzkoako beste natur ingurune batzuetan eragingo duela. «Gai horiek guztiak garraiatzeko bi milioi kamioi bidaia beharko dira egin, badiaren inguruetan. Eragin horietaz ez du hitz egiten Portu Agintaritzak aurkeztutako ikerketak».

Jaizkibel Biziriken ustez, Pasaiako Portuko Agintaritzak gabezia handia du ingurumen alorrean. «Ikusi besterik ez dago nola kudeatzen duen portua gaur egun, batere ingurumen babes neurririk gabe, eta herritarrei ahalik eta eragozpen handienak sortuz». Kanpoko portua proiektu kaltegarria izango da, ingurumen, gizarte eta ekonomiaren ikuspegitik, Jaizkibel Bizirikek dioenez. «Hori erakutsi dute orain arteko azterketa guztiek. Begi-bistan dago ez ingurumena ez herritarrak ez daudela haien kezken artean».

Iruzkina idatzi