Kanpoko portua Jaizkibel babestuz egingo dutela dio Portu Agintaritzak

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaiako kanpoko portua egiteko lanak «ingurumena ahalik eta gehien errespetatuz», egingo direla ziurtatu du Pasaiako Portu Agintaritzako presidente Joxe Joan Gonzalez Txabarrik. «Jaizkibel babestuz egingo ditugu». Hori lortzeko asmoz, atzo aurkeztu zuen Portu Agintaritzak, Ekos enpresak kanpoko portuaren inguruan egindako txostena. Han kanpoko portua eraikitzeko lanek ingurumenean kalteak eragin ditzakeela onartzen da, eta horiei aurre egiteko neurriak proposatzen ditu: «Portuaren eta herritarren arteko elkarbizitza orain baino hobea izatea nahi dugu».

Egungo egoeraren azterketa egiten du lehenbizi Ekos enpresak. Diotenez, egungo portuaren jarduerek ingurumen arazoak sortzen dituzte badian: soinua, uraren, airearen nahiz lurraren kutsadura eta eragozpenak herritarrentzat: «Kontuan izan behar da portu inguruko herriak oso jendetsuak direla. 60.000 herritar baino gehiago bizi dira, eta interes gatazka handia da». Aldi berean luzera sakonera aldetik portuak arazo «gaindiezinak» dituela jasotzen du azterketak. «Moilak gainezka daude eta portuko jarduerak egin ahal izateko lur eremua murritza da. Zaharkitua eta txikia geratu da. Horren ondorioz portuak gero eta zailtasun gehiago ditu lehiakorra izateko». Egun 150 enpresa daude portua, eta 3.500 pertsonek egiten duten lan han. «Gipuzkoako industriagune nagusia da».

Hori abiapuntu hartuta, Portu Agintaritza egindako proposamena aztertzen du txostenak. Pasaia biziberritzeko planaren barnean kokatzen dute kanpoko portuaren eraikuntza. Haien arabera, jarduera kanpoko portura eramateak hainbat ondorio onuragarri ditu: partikula kutsagarrien igorpenaren murriztea badia barruan; berotegi efektua eragiten duten gasen isurketa murriztea; habitataren nahiz sistema sozioekonomikoen hobekuntza; zarata murriztea; zirkulazioa gutxitzea Errenterian, Lezon, Pasaian eta Donostiako Herrera eta Altza auzoetan; portuaren jarduera ekonomikoa handitzea; badiaren lehengoratzea eta badiako lurren nahiz uraren kalitatea hobetzea.

Kanpoko portuaren eraikuntzak lurreko zein itsasoko ingurumenean ondorioak izan ditzakeela onartzen dute. «Hori jakinda, horiek saihesteko edo murrizteko neurriak hartzea da kontua, eta haien eraginkortasuna ziurtatzea».

NEURRI ERAGINKORRAK. Europako Batzordeko Natura 2000 sarearen barnean dago Jaizkibelgo itsaslabarra, eta hori babestea da hartuko diren neurrien ardatza. Ezinbestekoa ikusten dute ingurumen irizpideak hartzea kontuan portuaren sarbidea non jarri erabakitzeko orduan. Horrekin batera, dekantatze eta irazte sistemak jarri beharko dira abian, badiako uretan pila daitezkeen partikula solidoak murrizteko. Horrekin batera, lanek eragingo duten kutsadura akustikoa murrizteko, pantaila akustikoak jartzea proposatzen dute, eta kaltetutako lurretan landatzea. Ingurumenaren ikuspegitik sentiberenak diren guneak adierazi egin beharko dira, horietan ahalik eta arreta handiena jarriz. Gainera, lanek dirauten artean zein amaitu ostean kanpoko portuak Ingurumenean duen eragina zehazteko kontrolak egin beharko dira: ur, aire eta lurraren kutsadura, fauna eta floraren egoera…

2010ean hasi nahi ditu Pasaiako Portuak kanpoko portua egiteko lanak, eta 2020rako amaituta egotea. «Lehiakorra eta berritzailea den portu bat sortu nahi dugu. Bilboko, Helsinkiko edo eta Rotterdamgo portuen eredua jarraitu nahi dugu». Egun Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %1,8 portuari esker lotzen da. Aurreikusten dutenez, kopuru hori %2,7ra igoko da kanpoko portua abian jartzen denean.

Horrekin batera, egungo portuko 76 hektarea libre geratzea aurreikusten dute. «Gizartearen interesgarriak diren gauzetarako erabiliko dira». Haien ustez, gainera, portua badiatik ateratzeak, badiaren ingurumen baldintzen hobekuntza ekarriko du.

www.berria.info

Iruzkina idatzi