Pasaiako kanpoko portuaren itzalak

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Erakundeak iritzi kontrajarriak ematen ari dira Pasaiako kanpoko portuaz. Jaurlaritzako ordezkariak ez datoz bat; Espainiako Gobernuak zailtasunak aipatu ditu, eta hauteskundeek gehiengo berriak ekarri dituzte udaletara.

Eusko Jaurlaritzako Herrilan sailburu Nuria Lopez de Gereñu eta Espainiako Gobernuko Portuetako zuzendari Mariano Navas elkarrekin izan ziren asteartean Donostian, kosta eta portuei buruzko kongresuan. Biek aprobetxatu zuten Pasaiako kanpoko portuaren egitasmoaz hitz egiteko, baina ez ziren bat etorri emandako mezuan. «Proiektuak aurrera jarraitu behar du, denok gehiengoz hala erabaki genuelako», esan zuen Lopez de Gereñuk. «Ikusi egin beharko da zenbateraino den beharrezkoa azpiegitura hau egitea», adierazi zuen Navasek.

Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta eskualdeko udalek Jaizkibia erakunde publikoa osatu zuten iazko abenduan, Pasaiako badia lehengoratzeko xedearekin. Hasieratik argi utzi du zein den bere lehentasuna: Pasaiako kanpoko portua.

Erakundeak, ordea, ez datoz bat portua beharrezkoa den edo ez. Asteartean Espainiako Portuetako zuzendariak adierazi zuen ez dutela «aldez aurretiko jarrerarik» proiektuari buruz. Hala ere, gogoratu zuen badirela zailtasunak: egitasmoaren zailtasun teknikoa aipatu zuen, alde batetik, besteak beste, 15 metrora arteko olatuak izaten direlako inguru horretan. Bestetik, Jaizkibelek duen ingurumen babesa aipatu zuen. Europako Batasunak (EB) interesekotzat jo du Jaizkibel, eta ildo horretan, EBren erabakia Espainiako Gobernukoaren gainetik egon litekeela aipatu zuen. Azkenik, ekonomikoki bideragarria ote den aztertu behar dela gaineratu zuen Navasek.

Lopez de Gereñuk zalantzak uxatu nahi izan zituen, nahiz eta haren gobernukideak ere ados ez izan. Esaterako, Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte sailburua proiektuaren kontra agertu da, eta Esther Larrañaga Ingurumen sailburuak ere aipatu du oso zorrotz aztertu behar dela proiektuaren ingurumen eragina, eta ezin dela baztertu kanpoko kaiaren egitasmoa baztertzeko aukera. Hiru kontseilariok daude Jaurlaritzaren izenean Jaizkibiako ordezkarien artean. Gobernuaren barruan dagoen iritzi dantza zuzentzeko, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak egitasmoaren aldeko adierazpenak egin behar izan zituen, exekutiboaren jarrera argitze aldera.

LEZO, OIARTZUN ETA PASAIAN, EAE-ANV. Jaizkibia barruan egoera nahasia izanda, are eta gehiago nahas daiteke udal hauteskundeek eragin duten egoera berriarekin. Izan ere, Jaizkibian ordezkatuta dauden eskualdeko hiru udaletan egitasmoaren aurkako jarrera agertu duen EAE-ANVko alkatetzak osa daitezke: Oiartzunen, Lezon eta Pasaian. Oiartzun eta Pasaian, esaterako, gehiengo osoa lortu du ezker abertzaleak.

Horretaz galdetuta, Lopez de Gereñuk ziurtatu du udaletan dagoen ordezkaritzak ezin duela kolokan jarri kanpoko kaiaren egitasmoa.

Ordezkari politikoen artean dagoen ezadostasun giro honen isla da joan den asteartean Jaizkibiako administrazio kontseiluan gertatutakoa. Enpresa publikoa kudeatuko duten hiru zuzendariak aukeratzeko bilkura egin zuten, eta EAko ordezkariek izendapenen aurka bozkatu zuten. Izan ere, erakunde berriak osatu arte izendapenak atzeratzeko eskatua zuen EAk, baina proposamena ez zuten onartu. Bi kargu EAJkoak dira, eta bestea PSE-EEkoa.

I. PETXARROMAN

www.berria.info

Iruzkina idatzi