EAk Pasaian portu-uhartea eraikitzea defendatu du

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Pasaian (Gipuzkoa), Jaizkibelgo itsaslabarretan egin nahi duten kanpo portuaren inguruan, egitasmoak soluzio bat behar duela adierazi zuen atzo Gipuzkoako EAk. Proposatutako proiektuen artean, portu irla eraikitzea aurreikusten duena babestu zuen EAk, eta portuaren alternatiba horretan sakondu behar dela azpimarratu.

Kanpo portua uharte moduan egiteko ekimenaren arabera, portu berria Jaizkibel mendiaren magalean eraikiko litzateke eta 200 metroko tartea geldituko litzateke itsaslabarretatik uhartera. Proiektu honek, EAren ustez kalte txikiagoa eragingo lioke ingurumenari, eta gainera abantaila batzuk ere ekarriko lituzke.

Portu- uharteak «berrikuntzetarako aukera handiagoak» emango dituela adierazi zuen EAk atzo, eta Pasaia biziberritzen lagunduko duela. Horretaz gain, portu-uhartea Gipuzkoako ekonomiaren beharretara hobeki egokituko litzatekeela iritzi dio, besteak beste, ekonomia haztearekin batera 3.648 lanpostu sortuko lituzkeelako, zuzenean edo zeharka. «Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %2,5 izango litzateke», aipatu zuen EAk: «Horrelako datuekin ezin dugu Pasaiako portua eta bere jarduera galdu». Itsasoan eta lur eremuan ere beste proiektuek baino aldaketa txikiagoak sortuko lituzke portu irlaren proiektuak, EAk azaldu zuenez.

EAk herenegun aurkeztu zuen txostena Eskualde Batzarrean eta atzo onartu zuen Gipuzkoako EAko Exekutibak. Exekutiba nazionalera bidal i dute orain.

HIRU TXOSTEN, PORTU BAT. Kanpo portuaren inguruan hiru txosten ofizial aurkeztu dira. Jaizkibel mendiaren hegaletan besoak jartzea aurreikusten du lehenak, baina proiektu hori ez zela onargarria esan zuen atzo EAk. Bere ustetan, Jaizkibelgo babestutako lur eremuetan kalte handiagoak sortuko lituzke. Bestalde, ekimenaren kontrako Jaizkibel Bizirik plataformak, hiru egitasmoak baztertu ditu hasieratik, proiektu bat bera ere ez dela bideragarria salatu izan du, babestutako eremuan egongo bailirateke.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi