Jaizkibel eta Foru Aldundiaren handigura

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka, Iritziak / Opiniones

Gipuzkoako Foru Aldundian Lurraren Antolamenduko diputatua den Koldo Azkoitia jaunak Aldundiaren jarrera «konstruktiboa» azaleratu du Jaizkibelgo Portu Berriari buruzko azken hitzarmenetan. Hain zuzen ere, Europako Natura Sare 2000n sarturik dagoen Jaizkibelgo esparru honetan «argi» dago Pasaiako Portu Berria eraiki egingo dela, Azkoitiaren arabera.

Eskuzabaltasun eta adimen handiz eskainitako keinu horrekin, Jaizkibel babestu nahi duten ekologista talde eta alderdi politiko guztioi jai daukagula esan digu, eta Portu Berria egingo ote den edozein zalantza burutik kentzeko. Dekretukadaz jositako garai hauetan (Mutrikuko Portu Berrikoa adibidez), ardura handiz jasotzen dugu gure instituzioetako ordezkarien jarrera garratz eta makatzailea. Ontasuna baino gehiago, beren jarduerak defendatzeko daukaten argumentazio eskasia lagatzen digute agerian hauen karia konpartitzen ez dugun herritar gehiengoei.

Foru Aldundiaren enkarguz eginiko txosten bat «zirriborro» nola bilakatzen den jakin nahi genuke, hain zuzen ere, txosten horrek oso argi gomendatzen zuenean proiektua atzera botatzeko, garapen jasangarri hitz xelebre horren hiru ardatzak kontuan edukirik: ekonomikoa, soziala eta ingurumenari buruzkoa. Jaizkibel Bizirik taldeak kaleratu behar izan zuen txostena. Zuengatik izan balitz herritarrok ez genuke aukerarik izango proiektu erraldoi honen zentzugabekeriaz eta Jaizkibelek gordetzen duen ingurugiroarekiko balio handiaz jabetzeko.

Foru Aldundiak hobe izango luke datu sinesgarriekin Pasaiako Badia birsortzea gaur egungo portuarekin bateraezina dela frogatzea. Urban programaren barnean Europatik jasotako diru laguntzak -ekonomikoki etsita dauden eskualdeentzat zuzenduak eta gure kasuan La Herrera-rako bideratuak- zergatik erabiltzen dituzte beste gauza batzuetarako? Zergatik diote hain temati, eta gizartearen iritzia bereganatu nahian, Kanpoko Porturik gabe bizitzarik ez dagoela. Eta zer dela eta Jaizkibia elkarte erdi publikoa dago hain geldi, Espainiako Sustapenerako Ministerioak Pasaiako Kanpoko Portua bere egin dezan zain.

Benetan sinesten dugu posible eta askoz ere eragingarriagoa dela Pasaiak daukan lekua eta logistika behar den bezala kudeatzea, horrela, portua hilabetez hilabete txatarrar, ikatz eta mineral biltegi izaten jarrai ez dezan. Energia berdearen profeta den Zentral Termikoarentzako behin betiko erantzun bat ere eman beharra dagoela uste dugu.

Azken finean, gure instituzioen benetako lehentasuna Pasaiak daukan lautada handi horiei ahalik eta probetxu handiena ateratzea izan beharko litzateke. Eta ez bertan kirol portu eta etxe berriak ikuskatzea.

Zuek prediku egiten diguzuen aukera bakarra Abrako handitzearen ondorioz gaur egun bere kapazitatearen herena bakarrik erabiltzen duen Bilboko edota oso hurbil dagoen Baionako portuekin lehiatzea izango litzateke, futbol derby bat izango balitz bezala. Europako Batasunaren barnean eta Bizkaiko eta Iparraldeko lurraldeekin sinergiak bilatu beharrean, gure instituzioak proposatzen diguten etorkizun bakarra eskualdeen arteko konpetentzia da, beste edozeren gainetik. Horrela, Europar Batzordearen kredu produktibista eta liberalari jarraituz.

Hainbat azpiegitura erraldoi aldi berean eta oso esparru murritzean bultzatu beharrean (AHT, 2×2 Pirinioetako autobidea, Pasaiako eta Mutrikuko portuak…) hobe izango genuke epe luze batera begiratzea askoz ere modu solidarioago eta jasangarriago batean. Ordua da eskualdeen arteko koordinazioa eta osagarritasuna bilatzeko, medioak eta baliabideak konpartitzeko. Hau da, Europa lehiakorraren aurrean lankidetasunaren Europa bultzatzea.

Iñigo Agirre, Florent Marcellesi eta Jean Lissar

Berdeak-European Greens-eko bozeramaileak eta Akitania Eskualdeko kontseilaria

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi