Jaizkibelen babesa itsasora ere zabaltzeko eskatu du Diputazioaren txosten batek

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Jaizkibel mendiaren babesa itsasaldien arteko uharrietara eta itsaso hondora ere zabaltzeko eskatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak agindutako txosten batek 2004an. Jaizkibel mendia Europako Natura 2000 Sarean dago, babes berezia behar duten eremuen sarean. Ondorioz, erakundeek Jaizkibel kudeatzeko plan bat egin behar dute, hala eskatzen baitu Europako Batasunak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumen ikerketak egiten dituen enpresa bati agindu zion plana, Ekos enpresari, eta horrek 2004ko irailean aurkeztu zuen zirriborroa.

Txostenaren berri ez du Gipuzkoako Foru Aldundiak eman, Jaizkibel Bizirik plataformak baizik. Jaizkibelgo uretan bertan aurkeztu zuen, itsaslabarrak lekuko, olatuen kulunka lagun.

Jaizkibel Bizirik-ek ondorio nagusi bat atera du: «Pasaiako kanpo portua egiteko alternatiba bat bera ere ez da bideragarria, ezta portu-irla ere, babestutako eremuan egongo bailirateke». Berez, itsasoa ez da sartzen Natura 2000 Sarean, baina, kudeaketa planaren zirriborroak nabarmendu zuenez, «azken urteetan Europan Natura 2000 Sarea osatzen ari dira itsaso hondoan habitatak dituzten lekuekin».

Kanpo portua uharte moduan egiteko proposamenak 200 metroko tartea uzten du itsaslabarretatik uhartera, portuak itsaslabarretan izango lukeen eragina txikitzeko asmoz. Uharteak ez duela kaltea gutxituko uste du Jaizkibel Bizirik-ek. Eta itsasoa babestutako eremuan ez badago ere, aintzat hartu behar dela itsasoan egindako lanek izango luketen eragina: «Kanpoan eginda ere, ezingo da saihestu babestutako eremuari eragingo dioten kaltea. Nola uler daitezke olaturik gabeko itsaslabarrak? ».

Jaizkibel Bizirik-ek kanpo portua egitea auzitan jartzen duten bi txosten eta atzo aurkeztutako kudeaketa planaren zirriborroa bidali dizkio Europako Batasunari. Erakundeek aholkua eskatu diote EBri proiektua aukeratzeko.

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi