Uharteak eta uhartediak

Egilea: JB  |  Atala: Iritziak / Opiniones

Azken garai honetan asko entzun eta irakurri dugu Pasaiako portuari buruz. Aldi berean, Donostiako aireportuko luzapenaren gaia itzuli da komunikabideetara. Nire Txingudiko badiatik burutazio bat otu zait eta saiatuko naiz azaltzen.

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen Pasaia garatzeko behar-beharrezkoa dela badia suspertzea. Horretarako, portua eta gaur egungo jarduera lanpostuak galdu nahi ez baditugu, nasak eta egiturak Jaizkibelgo kanpoko itsas labarretara eraman behar omen dira. Azken egitasmoak irla edo uharte bat eraikitzea aurreikusten du. Errepidea Jaizkibel azpiko tunel batetik eta zubi batetik zehar iritsiko da irlara. Hori izango litzateke bertsio ofiziala; ingurumenaren alde dauden taldeek ez dute argi kalteak hain txikiak izango direla eta, gainera, uste dute itsas labarretan eragingo diren ondorioak larriak izango direla. Nik uste dut bigarrenak egiatik gertuago dabiltzala.Eta zer gertatzen da Txingudiko badiaren barruan? Hemen dago kokatua Donostiako aireportua. Orain dela gutxi eztabaida sortu zen pista luzatu nahi zutela eta. Egitasmoak, hori lortzeko, etxebizitza eta lantegi asko eraistea proposatu zuen. Azkenean, dirudienez, arrazoiak aurre hartuta, bertan behera geratu zen egitasmoa. Baina, berrikitan, Gipuzkoako Aldundiak piztu du gaia, izan ere, luzapen laburrago bat proposatu du; nahiz eta eraisteak urriagoak izango liratekeen pista Irungo eta Mendelu auzoko etxe alboetara iritsiko litzateke. Hori guztia kontuan hartuta, beste irtenbide bat proposatu nahi dut. Zergatik ez eraiki beste uharte bat aireportua ipintzeko? Pasaian portua lekuz aldatzearekin eremu ugari berreskuratzen dira herriaren onurako. Hondarribian eraikinak botatzea ez litzateke beharrezkoa izango, eta ez hori bakarrik, lur eremu zabal bat lortuko genuke Txingudiko guztiok goza dezagun. Akabo mugako gatazka, zaratak, arriskuak hegazkinak lurreratzean ala aireratzean…Agian, norbaitek esango du diruaren gaia ez dudala aipatu, baina Pasaiaren kasuan ez diote garrantzirik eman arazoari eta nik ere, inozo naizen heinean, ez diot emango. Halere, bukatu aurretik, ideia maltzur bat otu zait. Aireportua ofizialki Donostiakoa da; beraz, Donostian itsasoa dagoenez, zergatik ez eraiki irla hantxe bertan? Horrela bere izena egokiago geratuko litzateke. Eta aldi berean, zergatik ez eraman Pasaiako portua Uliako itsas labarretara, kontuan hartuta aireportua Igeldo ondoan ondo koka daitekeela?

Patxo Beltran de Heredia

Hendaia

Iruzkina idatzi