Ingurumen Sailak Pasaiako kanpo portuaren aurkako jarrera berretsi du

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Pasaiako kanpo portuaren kontrako iritzia du. Hori berretsi dute sail horretako iturriek, nahiz eta Pasaiako badia berritzeko ardura duen batzordea azpiegitura horren alde agertu den. Batzorde horretako kide da Eusko Jaurlaritza bera, Espainiako Sustapen Ministerioarekin, Gipuzkoako Diputazioarekin eta inguruko udalekin batera.

Hala ere, EA Eusko Alkartasuneko Esther Larrañaga buru duen sailak uste du proiektu horrek ingurumenari kalte nabarmena eginen liokeela. «Pasaiako gizartea, ekonomia eta ingurumena berritzea da gure lehentasuna; hori lortzeko helburua duen edozein proiektuk txosten serioak eta zorrotzak izan beharko ditu atzean», azaldu dute. Sail horrek jarrera horri eutsiko dio Jaizkibiaren baitan. Elkarte horrek kudeatuko ditu Pasaiako badia berritzeko proiektuak.Gaur egun, Pasaian kanpo portua egiteko hiru proiektu daude mahai gainean. Horien artean bat aukeratu nahi dute inguru hori berritzeko ardura duten erakundeek. Ingurumenerako egokiena zein den erabakitzeko, hain zuzen ere, Europako Batasunari eskatuko diote erakunde horiek iritzia, asteon bertan ezagutarazi dutenez. Pasaian kanpo portua egiteak itsas hondoari eta Jaizkibel mendiko labarrei eraginen lieke.Kanpo portuaren aldeko erakundeen jarrera kritikatu dute jada Aralarrek eta Ezker Batuak, erabakiak bertako erakundeek hartu behar dituztela uste baitute talde horiek. Ez dute ontzat jo Europaren esku hartzea.

www.berria.info

Iruzkina idatzi