Portua bai, hiria biziberritzeko prozesua ere bai

Egilea: JB  |  Atala: Iritziak / Opiniones

Ezker Batuaren ustez, Pasaiaren unea iritsi da. Hain zuzen ere, urteetan Euskadiko ekonomia eta gizartea garatzen laguntzeko asmoz eskuzabaltasunez eman zuen guztia itzuli behar diogu Pasaiako badiari. Euskadik ordaindu gabeko zorra du Pasaiarekin, eta zor hori kitatzeko unea iritsi da. Pasaiak Euskadiko erakarpen-gune berria izan behar du, Bilboko Abandoibarraren osagarri. Ez dago atzerapenak eta ingurumena hondatzeko modu berriak onartzerik. Pasaiak ez du halakorik merezi.

Azken hamarkadetan, portuko sektorean gertatutako aldaketa handiek eta desindustrializazioak ondorio larriak eragin dituzte Pasaialdean. Hori dela-eta, Pasaiako eta Errenteriako biztanleen kopurua %23 eta %16,5 jaitsi da, hurrenez hurren, 1981. urtetik 2001. urtera. Langabezia-tasa Gipuzkoa osokoa baino %20-%30 handiagoa da. 65 urtetik gorako biztanleen kopurua %20tik gorakoa da Pasaian; eta %17koa, Errenterian. Horrez gain, ingurumenean eragindako kalteek bere horretan diraute, eta hiriaren hondamendia larri-larria da.Era berean, Pasaialdean ez da ekonomia suspertzeko eta hiria biziberritzeko prozesurik jarri abian.

Beste eremu batzuetan, ordea, prozesu hori garatu egin dute; esate baterako, Bilboko itsasadarreko Ezkerraldean. Hori dela-eta, hurrengo urteetan, euskal erakundeen jardueraren erronka nagusia Pasaialdea bera izan behar da maila guztietan. Azken urteotan, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere harri-koskorra ekarri du, Urban Planeko Europako laguntzak osatu dituelako, eta babestutako etxebizitza ugariren eraikuntza sustatu duelako eskualdean bertan. Horra hor Pasaiako Luzuriagako antzinako lursailetan eraikiko dituzten 285 etxebizitzak.Esandako guztia kontuan hartuta, Ezker Batuak azterlan sakona garatu du azken hilabeteotan, eta erakundeekin zein adituekin jarri da harremanetan, pasaiatarrei eta Gipuzkoa osoari Pasaialderako baliozko eta etorkizuneko aukera orekatua eskaintzeko. Beraz, gure proposamenak ez du inolako zerikusirik EAJk eta PSEk euren gobernupeko erakundeetan dituzten jarreren bidez defenditzen dutenarekin.Alderdi horiek, hain zuzen ere, kanpoko portua eraiki nahi dute, eta, horretarako, 1.000 milioi eurotik gorako inbertsio ikaragarria egingo dute.

Ezker Batuaren iritziz, ostera, askoz hobea izango litzateke funts horiek Herrerako hirigintzan eta alboko kaiak biziberritzeko eta portuko jarduera eguneratzeko erabiltzea. Horrela, bada, lurzoruaren gaur egungo okupazioa murriztu egingo litzateke erabat. Kanpoko portuaren aukera aurrerantz egindako ihesa da, portuak ez duelako ezertxo ere egin garai berrietara egokitzeko. Portua Gipuzkoako burdingintzako enpresen biltegia besterik ez da, eta ez du beharrezko inbertsiorik egin bere etorkizuna bermatzeko.

Portuko jarduera suspertzeko, Jaizkibeleko magalen azpian ez dago plataforma berria zertan eraiki, behin eta berriro irtenbidea horixe bera dela azaltzen badigute ere. Egia esan, eraikuntza horren helburua ez da barruko portua ordezkatzea, barruko portua handitzea baizik. Izan ere, barruko portuaren etorkizuna bermatzeko, balio erantsi gutxiko eta ingurumenaren gaineko eragin handiko zirkulazioak alde batera utzi eta balio erantsi handiagoko zirkulazioak bultzatu behar dira; esate baterako, solteko zamek baino balio handiagoa duten merkantziak eta ibilgailuak. Ezin da txatarraren eta ikatzaren biltegia izan, era guztietako merkataritzaren eta industriaren bultzatzailea baizik. Aldi berean, aisialdiarekin zerikusia duten jarduerak sustatu behar dira; esate baterako, kirol-portuak, ostalaritzako azpiegiturak eta jarduerak eta garrantzi handiko proposamen kulturalak. Horrela, bada, hiria biziberritu eta aberastasuna sortuko da ekonomia berriaren barruan.

Horrez gain, instalazioak eraiki beharko dira, portuko jardueretarako lurzoruak bete-betean ustiatzen direla bermatzeko, eta soinuen zein isurien eragin kutsagarria gutxitzeko. Era berean, merkantzien zama-lanak kudeatu beharko dira, beste hiri-portu batzuetan arrakastatsuak izan diren sistema aurreratuen bitartez.Aldi berean, Pasaiako portuak Udalari laga beharko lizkioke Herrerako lurzoruak. Horiek horrela, gaur egungo industria-jarduerak lehendik dauden industrialdeetara eramango lirateke, eta eremu hori egokitu egingo litzateke, aisialdirako eta jarduera ekonomiko eta kulturaletarako gunea izateko.Horrela, bada, Pasaialdean eskualdeak merezi ez duen ingurumenaren gaineko eraginik sortu gabe, badiako gizartea eta ekonomia garatzeko bi gune nagusi ezarriko dira: eguneratutako portua eta zerbitzuen sektorearekin zerikusi handiagoa duten jarduera berriak. Jakin badakigu uztarketa horrek emaitza onenak eskainiko dituela eskualdearen etorkizunari begira.Ez dago inolaz ere onartzerik eskualdeko biztanleei xantaia egitea.

Izan ere, gaur egungo egoera larriak bere horretan iraungo duela esaten diete, kanpoko portuaren aukera onartu ezean. Era berean, gure ustez, ez da batere egokia Pasaiako badia biziberritzeko prozesua Donostia-Irun barne bideko proiektu estrategikoaren barruan sartzea, proiektuko jarduketa zehatzak urteak eta urteak atzeratu daitezkeelako. Epeak laburtu egin behar dira, eta abian dauden ekimenak behar bezala ustiatu behar dira. Hain zuzen ere, Badia Berri sozietatea oso tresna egokia da badia biziberritzeko prozesuko eragiketak zuzentzeko. Bertan, Foru Aldundia, Pasaiako Portuko Agintaritza, Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila eta Sustapen Ministerioa sartu beharko lirateke berehala, eskualdeko udalen eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren agerpena osatzeko. Izan ere, sozietate horrek biziberritzeko asmo handiko plan estrategikoaren oinarriak ditu prest ia-ia, eta, erakunde guztiek adostu ondoren, hurrengo urteetarako jarduketen ardatza izan daiteke.

Bestetik, Ezker Batuak eskualdeko ingurumena berreskuratu nahi du. Horretarako, ezinbestekoa da zentral termiko zaharkitua eraistea, eta lurzoru horiek zein alboko ikatz-parkea beste erabilera batzuetarako askatzea. Gainera, ez dugu uste zentral horren ordez Gipuzkoako lurraldean beste bat eraiki behar denik, zentral hori gabe ere Euskadiko Plan Energetikoa soberakinduna delako oraindik. Horrez gain, Natura 2000 Sarean sartu ahal izateko, Jaizkibel bera Euskadiko parke naturalen barruan egon beharko litzateke, garrantzi erkideko lekua da-eta.Azken batean, gaur egiten dugun proposamen hori ustezko gobernu-hitzarmena negoziatzeko giltzarrietako bat izango da Ezker Batuarentzat, beti ere apirilaren 17an hautesleek euren konfiantza ematen badigute. Pasaiak merezi du eta.

Antton Karrera

Ezker Batuko Gipuzkoako koordinatzailea

Gaiak:

Iruzkina idatzi