«Kanpo portuak eskualdea biziberritzea galaraziko du»

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka, Prentsa Oharrak

Proiektuak eta bere premiek eskualdea baztertuko dutela salatu du Jaizkibel Bizirik-ek

Jaizkibelgo itsaslabarretan egin nahi duten (Gipuzkoa) kanpo portua funtsezkoa da Pasaia biziberritzeko Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailarentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, Gipuzkoako Merkataritza Ganberarentzat, Pasaiako Udalarentzat eta Pasaiako Portuko Agintaritzarentzat. Jaizkibel Bizirik plataformarentzat, ordea, kanpo portua eta kanpo portuak behar dituen azpiegiturak eraikitzeak kontrako ondorioa izango du: «Eskualdea biziberritzea galaraziko du».
Are gehiago. Eusko Jaurlaritzak eskualdean aurreikusi dituen azpiegiturek Oarsoaldea (Pasaia, lezo, Errenteria eta Oiartzun) «baztertutako ingurune» bihurtu nahi dutela salatu dute: «Europako garraio mugimendu handienetakoa bilduko litzateke bertan eta horretarako plataforma logistiko eta errepide berriak egingo dira. Jada oso kaltetua dagoen inguru hau periferia beltza (black land) bihurtu nahi dute». Hala adierazi dute egin berri duten eta lehen atxikimenduak jaso dituen agiri batean.Berez, Jaizkibelgo itsaslabarrak Europako Red Natura 2000 sarearen barruan daude. Alegia, babes berezia du bere balio ekologikoarengatik. Jaizkibel Bizirik-ek aberastasun horren garrantzia ageria utzi du atzo aurkeztu zuen bideo batean. Bertan hainbat adituren iritziak biltzen dira Jaizkibelgo inguruari buruz. Bideoan Mikel Etxaniz ornitologoak kanpo proiektuak ingurumenean izango duen eraginaren txostenaren paradoxetako bat azaldu du: «Txostenaren egileak duela zenbait urte egindako azterketa baten arabera, Jaizkibelgo hegaztien bizilekuak ahalik eta isolatuen mantendu behar ziren, hegaztiek bizirauteko; orain, ordea, proiektuaren txostenean bizileku horiek deuseztea onartu du».

www.berria.info

Iruzkina idatzi