«Jaurlaritzak berak babestu duen naturgunea hondatuko du portuak»

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Talde ekologistek Eusko Jaurlaritzari zentzuz jokatzeko eta atzera egiteko eskatu diote

Pasaian eraiki nahi duten kanpoko portuak Eusko Jaurlaritzak berak babestu duen naturgunea hondatuko duela salatu dute talde ekologistek. Kanpoko portua Jaizkibelgo itsaslabarren magalean egitea aurreikusten da proiektuan.

Ekologistek gogoratu dutenez, Jaizkibel Europako Natura 2000 sarean sailkatuta dago, Eusko Jaurlaritzak iazko ekainean proposatuta. Horrez gain, Jaizkibel ingurumena babesteko dauden beste hainbat katalogotan ere jasotzen dela nabarmendu dute; Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1990ean egindako azterketaren arabera, beste lau gunerekin batera, babestu beharreko gunetzat du Jaizkibel.Talde ekologistek salatu dutenez, kanpoko portua eraikitzeak kalte ekologiko handiak sortuko lituzke; hala jasotzen du Arantzadik egindako txosten batek. Besteak beste, desagertzeko arriskuan dauden hainbat hegaztiri, eta Jaizkibel inguruan ohikoak diren landareei Armeria euscadiensis izenekoak kalte egingo lieke.

Ingurumenean ere, kalteak

Ekologistek azaldu dutenez, landareak eta hegaztiak kaltetzeaz gain, portua kanpoan egiteak beste ondorio batzuk ere izango lituzke. Gipuzkoa ondoen zainduta dagoen inguruan 4 milioi metro koadro suntsituko lirateke 3 kilometro itsaslabar, eta itsas hondoari ere kalte handiak egingo litzaizkioke.

Ekologistek garbi dute kanpo portuak mareak aldatuko, eta itsasontzien joan-etorria izugarri haziko lukeela; horrek ez die onik egingo Jaizkibeli. Ekologisten aburuz, garraioa hazita, istripuak izateko arriskua ere nabarmen haziko litzateke.Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak Gipuzkoako Diputazioak eskatuta aurten egindako azterketaren arabera, kanpo portuak eragingo lituzkeen 290 kalteetatik 9 larriak dira proiektua atzera botatzeko kalte bakarra larria izatea nahikoa da.Hori guztia kontuan izanda, talde ekologistek Eusko Jaurlaritzari zentzuz jokatzeko eta atzera egiteko eskatu diote.

www.berria.info

Iruzkina idatzi