Zundaketa txikitzaileak gelditu! Utzi bakean Jaizkibel!

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

Jaizkibelen zundaketetarako behar diren pistak zabaltzen hasi dira zazpigarren puntuan, Sunbilondoko ezkerreko magalean. Oruga baten bitartez pista bat zabaltzen hasi dira, bitartean kamioiekin materiala pilatzen ari dira tiro gunera eramaten duen zabaldegi batean.

Kanpaina geotekniko horren helburua itsaslabarretan 90 eta 155 metro bitarteko sakonera duten zundaketa lanen bidez Jaizkibelen kanpo portuaren aurreproiektuan aurreikusten diren 200 metroko altuerainoko harrobien prestaketarako datuak biltzea da.Eraiki nahi dituzten 5 kilometro inguruko pista hauek sortuko dituzten kalteak itzulezinak izango direla salatzen dugu.Izan ere, interes geologiko gorena aitortzen zaion itsasertzeko gune honetan, superportuaren eraikuntzak 54 milioi metro kubiko harkaitz labar erauztea eskatzen du, oinarrian futbol zelai baten eremua eta altueran 5.400 metro hartuko lukeen kubo erraldoi bat! Kostalde osoa hiru kilometrotan txikituta eta itsaslabarren frontea bere gailurreraino erabat suntsituta, itsasoan portu zabalunearen betelanak egiteko.

Gainera, hegaztiak ugaltzeko eta habia egiteko garaian hasi dira lan hauek, eta horrek zuzenean eragingo die. Gogoratu, EKOS ingurumen azterketak egiten dituen enpresak idatzitakoak (Proyecto de habilitación de accesos en Jaizkibel para la ejecución de sondeos. Otsaila, 2003): Faunari gaitz nabarmenak eragingo dizkiote, habia egiteko garaian eragozpenak sortuz gero (umatzeko ingurua uztea, ugaltzeko arrakastaren gutxitzea, umatzeko inguruaren alterazioa, poblazioen neurrien gutxitzea). Ikus I. Eraskina, 5.5.3: inguru honetan Euskal Herriko Meatxatutako Espezieen Katalogoan agertzen diren zenbait espezie badaudela jakina da.

Beste ondorio kaltegarri hauek ere aitortzen ditu «sarbideak egiteko proiektuak»:1. Higadura: higadura prozesuaren agerpena eta mendi magalen ezegonkortasun arriskuen areagotzea. Aipagarria da ikerketa eremuko magalek garrantzi handiko ezegonkortasun arazoak dituztela.2. Habitat naturala: habitataren kalitatearen galera.3. Flora: interes botanikoa duten landare multzoen suntsiketa.Honek erakusten du zer-nolako maltzurkeriarekin jokatzen duten, ez baitute errespetatzen beraiek, bultzatzaileek , idatzitako gomendiorik ere. Argi geratzen da informe hauek beraien egitasmo txikitzaileak zuritzeko besterik ez direla.

Jaizkibelgo superportuaren aurkako taldeak deituta, apirilaren 29an, 09:00ak aldera komunikabideetako ordezkari batzuk eta 25 pertsonako talde bat lan hauek geratzera igo ginen. Astigarraga Excavaciones enpresako makina gerarazi genuen.

Superportuaren aurkako taldetik, proiektu hau berehala gelditzeko eta zundaketa lanak bertan behera uzteko eskatzen dugu. Proiektu hau gero eta zalantzagarri eta eztabaidagarriagoa den bitartean portu agintaritzak inposizioaren bidetik makinak sartu izanak salatu nahi dugu. Pasaiako Udalari ere jarritako baldintzak ez direla ari betetzen. Era berean, lanak hasi dituen enpresari Exc. Astigarragari ere aurkaritza den bitartean lanean ez hasteko eskatzen diogu. Egingo diren ekitaldietan parte hartzera deitzen zaituztegu.Animo! Jaizkibelek merezi du!

Miren Alkorta eta Josetxo Lucas

Superportuaren aurkako taldearen izenean (Pasaia)

www.berria.info

Gaiak: ,

Iruzkina idatzi