Aldarrikapenak bizigai

Egilea: JB  |  Atala: Hemeroteka

AHT-REN kontrako KANPAlDiA. Abuztuaren 3a arte iraungo du Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanblada Jaizkibelen egiten ari den kanpaldiak; bertako superportuaren proiektua salatzen ari dira aurten

Berotzen hasi den eguzkitik ihesi, toldopeko freskuran bilduta ari dira gosaltzen hogeita bost bat lagun. Lehen begiratuan nabari ez bada ere, AHTren Aurkako Asanbladak antolatutako kanpaldia da. Kanpalekutik apenas ikusten den Pasaiako superportuak txikituko lukeen itsasbazterra, baina brisa ederra dator iparraldetik.

Goizeko 10:30ean erabat esna dauden bakarrak mahaien artean korrika dabiltzan lauzpabost haurrak dira. Gainerakoak, gitarra akorde batzuen doinuan azken nagiak atera, eta eguneko plana antolatzen hasi dira.

Kanpaleku autogestionatuan partaideek berek egin behar dituzte lan guztiak. Bezperan egindako pankartei azken ukituak eman, eta bidean jartzeko auto bila hasi dira batzuk; inork ez du Lezoko bidegurutzera oinez jaisteko gogorik. Patxi eta bere kuadrila garbiketa lanak egiteko animatu dira; zabor organikoa ontzi batera bota, edalontziak bildu… AHTren Aurkako Asanbladako Mikelek Superportuari eta AHTri buruzko dokumentuak zabaldu ditu mahai batean, interesa duen edonork irakur ditzan.

«Jendea falta da, eta atzeratu egingo dugu sexualitate tailerra», iragarri du Ainhoa hondarribiarrak. Baina, pixkanaka, loti ederrak azalduz doaz. Motxila handi samarrak bizkarrean hartuta ere azaldu dira zenbait lagun berri.

Haurrek, espresuki haientzat muntatutako karpa polit bat izanda ere, nahiago dute helduen artean kartoizko kaxa batekin egindako oilo itxurako buruhandiarekin jostatu. Zirkukoa dirudien karpa hutsik dago.

Jantokian taldetxo polita bildu da jada. Goiuri eta Ainara Leioatik etorri dira, beste lagun batekin batera; lehen urtea dute aurtengoa. AHTren Aurkako Asanblada, izenez, ezagutzen zuten, eta herriko gaztetxean kartel bat ikusita animatu ziren kanpaldira etortzera. «Baina etzi, domekan, bagoaz etxera. Beharragatik itzuli behar dugu», gaineratu du Ainarak. «Hasieran espero genuen baino hobeto ari gara pasatzen hemen», bukatu du Goiurik. Eta lasterka abiatu dira sexualitate tailerrerako jantzi egokiagoen bila.

Sexualitatea preso

Ainhoa eta Cristina sexualitate tailerreko arduradunek zabalune lasai bat aurkitu omen dute zuhaitz artean. Zoko batean dago hautatutako lekua, kanpalekuko zalapartatik aparte. Ia 30 pertsona animatu dira sexualitate tailerrean parte hartzera.

Kanpaldian proposaturiko aktibitate bat delako batzuk, gaiaz jakin-mina dutelako beste batzuk… Baina bada zertara etorri den ez dakienik ere. «Jendea honantz zetorrela ikusi dut, eta jarraitu egin ditut; ez nekien sexualitateko tailer bat zenik», aitortu du Nelly britainiarrak. Izaskun sexualitate tailerrera etorri da Donostiatik: «Atzo irakurri nuen kanpaldian sexualitateri buruzko saio bat antolatu zenutela, eta nik ere gai bera lantzen dudanez… etortzea erabaki dut».

Leku bat partekatzearen garrantziaz mintzatu da Ainhoa. Gaia lantzen hasi aurretik, bakoitzak sexualitate

hitzak beretzat duen zentzua azaldu du. «Gizarteak sortzen dituen errepresio eskemek erabat mugatzen dute gure sexualitatea», esan du Cristinak, iritzi guztiak entzundakoan. Sexualitatea bizitzeko pertsona adina modu daudela azpimarratu dute, eta partaideen arteko kontaktua hobetzeko, joko bat proposatu.

Hori bukatuta, mundu guztiak espero zuen masaje saioa iritsi da. Bikotea ez ezik, masajea ematzeko gorputz atala ere aukera liteke hemen; baina bizkarra izan da atal hautatuena, eskema eta tabuak uste baino sartuago ditugun seinale.

Superportua, «larritasun handiko gaia»

Tailerrean erlaxatzen saiatzen diren bitartean, kanpalekuan lanean jarraitzen dute zenbaitek. Apainketa lanetan aritu dira, eta taberna txukuntzeari ekin diote orain. Informazio panel batzuk ere jarri dituzte, eta igandezale kuriosoak hurbiltzen dira noizean behin.

AHTren Aurkako Asanbladako Mikel Alvarez gelditzen ez diren horietako bat da. 70 lagun inguru bildu dituen kanpaldia aurrera ateratzea du helburu mementu honetan, baina borroka eguneroko lana du.

«Egungo gizarte eredu eta ekonomia ereduaren aurkako borrokaren barruan kokatzen da guretzat AHTren eta horrelako azpiegitura txikitzaileen kontrako borroka», azaldu du. «Zentral eolikoen aurkako martxa bat ere egin genuen garai batean. Orain, Asanbladako bizkaitar asko Ezkerraldeko makroproiektu energetikoen aurkako mugimenduan dabiltza». Aurtengo leloari buruz galdetuta, «Jaizkibelgo Superportuarena oso gai larria delako erabaki dugu aurten horretan zentratzea», erantzun du.

Bazkaltzeko ordua da laster, eta mahaiak prestatzera abiatu da. Ordu biak inguruan inork biltzeko asmorik badu, jakin otordua 2 euro dela.

Irati izagirre-

PASAIA

www.berria.info

Gaiak:

Iruzkina idatzi