Sukar Horiari elkarrizketa

Testu hau gaztelaniaz ere eskuragarri dago.

Ekintza Zuzena:Hitz egin zure kolektiboari buruz, noiz sortu zen, zein testuinguruan eta zeintzuk dira bere filosofia eta helburuak?

Sukar Horia: Lehenengo eta behin, eskerrik asko zuena bezalako argitalpen batean lekua egiteagatik. Sukar Horia Getxoko Tosu Betirako kolektiboan militatu genuen kide batzuek sortu genuen 2019ko udazkenean. Ez genuen gure burua «Olatu klimatiko»aren baitan sortu ziren eragile ezberdinetan ikusten, ezta talde ekologista klasikoetan ere. Horregatik, ekologismo sozialari bultzada berri bat emateko asmoz, SH sortu genuen. Gure helburua trantsizio ekologiko justua gauzatzea da, hau da, planetaren muga biologiko eta fisikoen baitan aberastasunaren banaketa bermatuko duen eta feminista izango den gizartea eraikitzea.

EZ:Nola baloratzen duzue orain arte egindako lana?

SH:Gure jardunaren hasieran konfinamendua gertatu zen, eta beraz, gure balorazioa erabat baldintzatuta dago gertakizun horrengatik. Alde batetik, herri mugimendu mailan, erreferentzialtasun nahiko handia lortu dugu Bizkaian, baina bestetik, ez gara kapazak izaten ari momentuak exijitzen duen neurrian gizartean eragiteko. Datozen hilabetetarako gure helburuetako bat talde gisa handitzea da.

EZ:Oraingo krisi ekologikoa begira, zein da zuen diagnostikoa?

SH:Diagnostikoa oso argia da, esparru ezberdinetako zientzialarien txostenek hala berresten dute:

Gizateriaren Historiako CO2 kontzentrazio maila altuenean bizi gara (420ppm gutxi gora-behera, astakeri bat!), eta gizakia ez da inoiz hain tenperatura altuetan bizi izan. Gaur egun klima aldaketa bizitzen ari gara dagoeneko, baina datozen hamarkadak beroagoak izango dira, eta horrek, ziur aski, inpaktu ekologiko eta klimatiko bortitzak izango ditu. Gainera, klima aldaketaren ondorioek ez daukate atzera bueltarik. Aldi berean, NBEk hamarnaka milioi errefuxiatu klimatiko aurreikusten ditu.

Dena den, etorkizuna ez dago idatzia, eta oraindik ere, egiten dugunaren (edo egiten ez dugunaren) araberakoa izango da. Ez da gauza bera tenperatura 1,8 gradu igotzea edo 3 gradu igotzea.

Txanponaren beste aldean, baliabide material eta energiarenean alegia, esan behar da kapitalismo globala planetaren muga fisikoekin talka egiten ari dela, eta nahi eta nahi ez, desazkundean biziko garela. Prozesu hau konplexua izango da, hamarkadak iraungo ditu, eta poliedrikoa izango da, hau da, lekuan lekuko ezaugarri propioak izango ditu.

Sinplifikatuz, kontua da desazkunde hau modu planifikatuan, demokratikoan eta era justuan antolatzen saiatzea, edo kontrara, modu autoritario, zapaltzailean eta inolako planifikaziorik gabe gauzatzea. Noski, gris eskala zabala egon daiteke bi aukera hauen artean.

Gure aldetik, itxaropena transmititze aldera, uste dugu krisi ekologikoa herritarrak erradikalizatu eta espektro anitzetako mugimenduak elkartzeko palanka izan daitekela, hasieran aipatutako helburuak erdigunean jarriko dituena.

EZ: Nola ikertzen duzue egoera honetan borroka ekologista eta bere antolakuntza? Ze gabeziak eta erronkak ikusten dituzue?

SH: Oraintxe bertan Sukar Horia hausnarketa eta formakuntza fase batean dago gai hau jorratzeko.

Euskal Herriko mugimendu ekologista aztertzen badugu, konturatuko gara mugimendua atomizatua dagoela, talde sektorial ugari daudela bakoitzaren problematika lantzen. Saiakera batzuk egin dira elkarlana indartzeko eta mugimendu ekologista biziberritzeko bidean: Aldaketaldia, COP 26 mobilizazioak… Hala ere, bere emaitzak mugatuak izan dira bizi dugun egoera historiko honek exijitzen duen neurrirako. Trantsizio ekologikoa, lehen faseetan behintzat, kapitalismoaren baitan emango da; ondorioz, alde batetik, erakunde zabal eta handi baten beharra dago, ekologismo klasikoaren mugak gaindituko dituena beste sektore batzuekin elkarlanean, instituzioei aurre egiteko eta iritzi publikoa astintzeko trantsizio ekologiko justu baten alde.

Bestalde, ekosozialismorako baldintzak sortzeko, garrantzitsua da sistema erabat inpugnatzen duten diskurtso zuzenak gizarteratzea eta ekosozialismoaren ideiak gizartean txertatzea, imaginario berri bat sortzeko bidean. Izan ere langile klasearen aisialdi eta kontsumo ereduak ere bere eragina izan du egoera honetara heltzeko. Baina, era berean, trantsizio energetikoa eta ekologikoa ezin da klase hauen gainean eraiki.

Laburbilduz, trantsitzio ekologikoak 4 ardatz eduki beharko lituzke:

1) Azpiegitura handien aurkako borroka: AHTa, Supersurra, Aroztegia… baina baita makrogranjak, nekazaritza intensiboa, goi tentsioko lineak, edo ura garraiatzeko azpiegiturak (Bizkaiko biztanleen %90ak Burgos eta Arabatik jasotzen du ura, adibidez). Eta noski, azpiegitura handien mesederako eta udalen autonomiaren kalterako onartu berri den Tapia legea deuseztatzea.

2) Instituzioei mobilizazioaren bitartez neurriak eskatzea: Hego EHan industria, mugikortasuna eta sektore energetikoa dira kutsatzaileenak (guztira isurketen %85 suposatzen dute gutxi gora-behera). Honekin lotuta, aberastasunaren birbanaketa erradikala eta jabe handien desjabetzearen ideia aipatu dezakegu, eta epe luzera, jabetza pribatua bera zalantzan jartzearena.

3) Komunitate alternatibak sortzea: irizpide ekologikoak dauzkaten kooperatibak, etxebizitza eta ortu komunitarioak, gaztetxe proiektuak, etxebizitza sindikatuak, etab.

4) Zoriontasun/askatasunaren iruditegi ez kapitalistak eraikitzea; energia eta baliabideei dagokionean soila, baina bizipenekiko kitzikagarri izango diren bizitzak eraikitzea. Kontsumoan oinarritutako zoriontasun eredu bat saldu digute baina, eredu horrek, frustrazioa eta antsietatea fabrikatzeaz gain, hondamendi ekologikoa eta inoiz ez bezalako desberdintasun sozialak dakartza.

EZ: Nola baloratzen duzue egungo egoera instituzionala? Uste duzue europar funtsak eta euskal alderdiek Gobernu Zentralarekin daukaten paktuek eragina izan ahal dutela urteak geldituta (edo ia-ia) daramatzate azpiegituren azelerazioan,AHTa kasu?

SH: Gai konplexua da, eta gure artean gai batzuekin ez dago erabateko adostasunik. Hala ere, zenbait iritzi erradikalei errespetu osoz, bat gatoz David Harvey esaten duenarekin: «Klima aldaketa ez da baretuko ortu komunitarioekin». Hau da, ez da nahikoa herri mugimenduok alternatibak eraikitzearekin, instituzioak interpelatu behar ditugu aldaketa azkarrak eta iraunkorrak gauzatzeko. Denbora ate joka daukagu. Gainera, hamarkada hau klabea da ondorio atzeraezina luketen mugak ez gainditzeko. IPCCk (NBEren Klimaren adituen lantaldeak) 2030erako isurketen %55 murriztu beharko genituzkeela dio.

Europako diru funtsei dagokienez, ez dago esan beharrik Europar Batasuneko elite ekonomikoen mesederako proiektua dela. Zentzu horretan, diru funtsak EBren hegemonia indartzea dute helburu; batez ere, enpresa energetiko handienen mesederako diru laguntza erraldoiak dira. Ildo beretik, Hegoalde globaleko herriekiko gure harreman kolonialean sakontzen du Next Generation EU planak. Esaterako, mundu guztiak hitz egiten du digitalizazioaz, baina nondik erauziko ditugu horrek beharko lukeen, kobrea, silizioa, banadioa…?

Honek ez du esan nahi trantsizio energetiko bat egitea beharrezkoa ez denik, baina demokratikoa, deszentralizatua eta desazkundean oinarritua izan behar du. Berez, guk erreforma fiskal berdea aldarrikatzen dugu: «Gehien dutenek eta gehien kutsatzen dutenek ordain dezatela!», baina egia da gaur egun ez dagoela horretarako aukerarik. Autokritika eginez, NG funtsek duten garrantzia izanda, ez gara kapazak izan mobilizazioa hauspotzeko gai honekin.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude