Nor garen azaltzen dizugu

Aurkezpena

Ekintza Zuzena aldizkari libertarioa, Bilbon, 1988an sortu zen. Talde argitaratzaileak, ikuspuntu libertarioa gizarte mailan pentsamolde ez-itxia eta etengabeko eraldaketan eta kritikan dagoen mugimendua dela deritzo. Kutxa gotor baten ondo gorde beharrekoa baino gehiago, libertarioa munduaren ikuspegi bat eta talde-ekintza bide bat da. Honela, aldizkaria ez da helburua, ez du talde berririk sortzeko, inolako talderen bozeramaile lana betetzeko ez eta inor haren ideologiaren inguruan biltzeko asmorik. Ekintza Zuzenak, aitzitik, hausnarketa, eztabaida eta kritika gune zabala izatea du xede nagusia, gizarte borroka eta inguratzen gaituzten gorabeherak ulertu ahal izateko. Ez du denboran iraunarazi nahi taxuzko balorazioak (betiere zaila) bere erabilgarritasuna kolokan jarriko balu.

Aldizkariak, gaztelaniazko eta euskarazko artikuluak biltzen ditu. Atal finkoak gutxi batzuk besterik ez dira: humorea, liburuak, musika, laburrak, … Edukiari dagokionez, azaltzen diren gaien inguruan diharduten taldeen parte hartzea bultzatu nahi dugu. Humorea ere, Ekintza Zuzenaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat da, gizarte kritika egiteko tresna aparta den neurrian. Honek, aldizkaritik ondo berezituta dagoen miniegunkarian (edo kontraegunkarian), “LSD Herald Tribune”n du lekua. Bertan, irudizko albiste eta iragarkiak, fotomuntaiak, iruzkinak, eta abar biltzen dira.

Ekintza Zuzena, talde lanean egiten den argitarapena da, ez-profesionala, ez-komertziala, publizitatea errefusatzen eta diru-laguntzarik jasotzen ez duena. Diru iturriak, aldizkariaren eta bestelako gaien salmentatik, jendearen laguntzatik eta kontzertuetatik datoz. Euskal Herrian, espainiar estatuan, Europan eta Latinoamerikan bide alternatiboetatik zabaltzen da.

Helburuak

Aldizkariaren helburuak ondokoak dira:

  • Gizarte borrokan dauden eztabaidak eta bizipenak bultzatu eta ezagutzera eman.
  • Hausnarketa gune bat sortu inguratzen gaituzten gora-beheren eta gertaeren zergatiak aztertzeko.
  • Kezkatzen gaituzten gaien ikuspegi berria sortu edo beraietan sakondu.
  • Beste errealitateak ezagutzeko eta aditzera emateko baliabide bat izan.
  • Aldizkaria bera helburu gisa bihurtzea baztertu. Oso garrantzitsua da ariketa kontrainformatiboaz batera gizarte taldeetan parte hartzea. Aldizkakotasun finkorik ez du, eduki artifizialen bilaketa eta ekoizpena ekiditeko.