Eskolari alternatiba

Hezkuntzaren bidez haurrei zer transmititu nahi diegu? Ez ote da beharrezkoa galdera honen inguruan heldu bakoitzak sakonki gogoetatzea? Ez ote du jende gehiengoak hausnarketa hori beste batzuen esku uzten?

Haurrei zein balore eta zein jakitate transmititu nahi dizkiegun gogoeta, adostu eta finka dezagun indibidualki eta kolektiboki. Hausnarketa honek, hezkuntza beste hainbat arlori lotua dela erakutsiko digu: kultura, ekonomia, politika… eta ondorioz, jendarteaz, bere osotasunean, eztabaida oso interesgarria ukanen dugu.

Haurrei zerbait transmititu ahal izateko, hau da, haurrek, helarazi nahi dieguna benetan berena egin dezaten, transmititu nahi diegun hori zentzuz betea izan behar da. Baloreak eta jakitateak bereziki zentzuz betetzen dituenak, haurraren hurbilekoek (gurasoek, gurasoen lagunek…) egunerokotasunean hauek bizitzea da. Bizi ditzagun beraz, belaunaldi ezberdinak bilduko dituzten espazio kolektiboetan, guretzat garrantzi handia duten baloreak eta jakitateak. Haurren ikaskuntza prozesua beraz, beren hurbilekoen egunerokotasunean sakonki errotu dadila, hauen bizi sozialari lotua izan dadila; haurrak, ikasketak ahalbidetzen dituzten hamaika testuinguruetan helduekin harremanetan izan daitezela: etxean, landa eremuetan, karrikan, tailerretan…

Demokrazia zuzena, oinarrizko baloretzat hartuta, espazio kolektibo hauetan indarrean ezar dezagun. Sistema politiko honek, haurrentzat funtzio hezitzaile eta sozializatzaile garrantzitsua ukanen du. Haurrek biltzarretan esku hartuz, argibideak, aholkuak, jakitateak… eskuratuko dituzte besteak beste, eta demokrazia zuzena praktikatuko dute. Haurren hezkuntza, beren inguruko mota anitzetako praktika sozialek osa dezatela beraz. Adibidez, gure beste balore garrantzitsutzat autosufizientzia ekonomikoa hartuta, haurrei, beren adinari egokitutako lanekin helduak lagunduz, lan kooperatiboetan esku hartzeko aukera eman diezaiegun. Elkar laguntza, elkarri ematea, besteen beharrei adi egotea… espazio kolektiboetan bizi ditzagun, eta biziz transmititu. Haurrentzat, gertakari sozial bakoitza, helduen esperientziatik ikasteko parada izan dadila; adibidez festak prozesu hezitzailearen parte izan daitezela. Margolaritza, sukaldaritza, irakurketa, idazketa, matematikak, baratzegintza, brikolagea, kantua, bertsolaritza, dantza, erritoak, mito, legenda eta ipuin kontaketak… haurren inguruko eguneroko praktika sozialak izan daitezela. Hezkuntza beraz, ez dadila izan aparte den jarduera bat, banandutakoa, bereizitakoa, instituzionalizatua.

Nahiz eta haurren beharrei gurasoek dieten arreta handiena ezarri behar, haurren hezkuntza herri batu oso batek bermatzea litzateke interesgarriena: jendakiek (gurasoek, amatxik, aitatxik, ttanttak, ottok, arrebak eta anaiak…), auzokoek eta gainerateko herritarrek, haur helduagoek, adinekoek eta zaharrek. Biziaren bukaera arte ikasketa prozesua ez denez inoiz gelditzen, ezagutzaren iturrian gehien edan dutenak zaharrak dira; horregatik bereziki jakintsuak dira eta haurrei transmititzeko gauza anitz dute.

Beraz, jende guziak hezitzaile izan daitezela. Hainbaten ustez, oso egokia litzateke, gaurdanik bide horretan urratsak emanez, etorkizunean irakasle izendaturiko pertsonaiarik eta hezitzaile deitutako lanbiderik ez izatea, hau da, jakintzaren hedapenean espezializatua den jenderik ez izatea, ez eta ikasle izendaturiko haurrik ere; biziki onuragarria litzateke hezkuntzaz ez egitea bereiz den espazio batean kokatzen den jarduera bat, klaserik ez egitea, haurrak eskolaren hormen artean egotera ez behartzea; bai ordea, haurrei, herritarren arteko harremanetan etengabe murgildurik egoteko parada ematea, sortzen diren unetik.

Amak lehenik, baina baita ere aitak edota beste heldu batzuek, beren gorputzaren kontaktuan ninia hainbat hilabetez soinean eramatea, sortu berriari eskaintzen ahal diogun egoera hoberena da, duela gutxi arte mundu osoan egiten zen bezala, eta oraindik ere munduko biztanle anitzek, pobreak deitutako herrietan bereziki, egiten duten bezala. Ninia soinean daramana, beste helduekin heldu jardueretan murgildurik dago, eta hilabete guzi horietan, niniaren zeregin nagusia, eramaten duen helduaren jokabideen, topaketen eta inguruaren behatzaile izatean datza, hau da, niniak, haren heldu jardueretan zentratua den helduarengan arreta ezartzen du, eta bizia nolako den ikasten du.

Ninia, hilabete batzuen buruan, behatzen dituen ekintzak bere gisara berregiten hasten da. Imitazio jokoa sortu da, ikasketarako oinarrizko tresna dena, funtsezkoa. Joko hauetan haurrak gauzak behin eta berriz errepikatzen ditu, eta horrela hauek zehazten eta finkatzen dira. Urratsez urrats, umeak behaketatik parte hartzera pasatzen dira. Haur zaharragoak eta helduak imitatzeko joera hori nahita nahiez agertzen da, eta ondorioz, haurrei, haur zaharragoek eta helduek burutzen dituzten jardueretan beren heinean esku hartzeko aukera eman behar zaie.

Haur baten ikaskuntza prozesua beraz, bere inguruko baloreen, jakitateen eta praktiken berezko eskuratzea da, eskuratze naturala, informala.

Irakurketa, idazketa eta matematikak, haurraren hurbilekoek egunerokotasunean praktikatzen badituzte, normalean haurrak molde oso naturalean ikasten ditu, irakaskuntzarik behar izan gabe. Denek, gure familiaren baitan, gure ama hizkuntza, berez, hau da inplizituki, ikasi dugu, gure moldean eta erritmoan, metodorik gabe, pedagogiarik gabe, soilik arretaz entzunez, ingurukoak imitatuz eta beharrezkoa izan zaigularik laguntza eskuratuz. Horrela ere ibiltzen ikasi dugu. Bada ez ote dugu arlo guzietan horrela ikasten ahal?

Gauzak hola, eskolarekin bat egiten ez duten jendeek, beren haurrak ez eskolarizatzea erabaki dezakete, ez eskola konbentzionaletan, hau da administrazioak finkatutako programak segitzen dituzten eskola publiko zein pribatuetan, ez eta ere eskola alternatiboetan. Eskolari alternatiba bat eraikiz, haurren hezkuntza espazio kolektibo batzuetan beren gain har dezakete, irakasleei hezkuntza delegatu gabe; hezkuntza, ezagutzak beren testuingurutik aterata pertsona batetik bestera transmititzeko ahaleginak egiten dituen eskolaren esku utzi gabe.

Erran gabe doa, haurrei, espazio kolektibo hauetan, bertan praktikatuak ez diren baina pertsonalki interesatzen zaien hainbat gauza ikasteko parada eskaini behar zaiela ere, eta haurrek, espazio hauetatik kanpo, beste toki eta jende ezberdin anitz ezagutzeko aukera ukan behar dutela, beste hainbeste jakintza iturri direnak. Bestalde, haurrek, momentu batean beren burua azterketa batetara aurkeztu nahi baldin badute, horretara prestatu behar dira, argi izanki kolektiboki heldu oro haur edo nerabe bati horretan laguntzeko gai dela. Haur batek azterketa bat gainditu nahi baldin badu, gaindituko du, motibazioa baduelako. Argi da ere diplomarik ez ukaitea ez dela baitezpada oztopo ogibide baten atzemateko.

Eskolari alternatiba bat eraikitzen den espazio kolektibo hauetan, jakintzaren transmisioaren agertokiak eta dispositiboak, jakintzaren ekoizpenaren agertokiak eta dispositiboak dira ere. Espazio hauetan kultura hedatzen da, baina baita ere sortzen. Bertan jakintza horizontala da, sare sozialeko puntu ezberdinetatik mota anitzetako aukeretan azaleratzen da, ezin da monopolizatu, eta antolakuntza ekonomiko eta politiko libertarioaren elikatzailea da.

Azken finean, espazio kolektibo hauetan, jendarte proiektu bat eraikitzen eta bizitzen da, norberarentzat oso interesgarria izan daitekeena, kolektibotasunean finkatutako baloreak bizitzeak bizia zentzuz betetzen laguntzen duelako. Eta harago joanez, halako egitasmoak ez ote dira beharrezkoak Euskal Herriarentzat eta munduarentzat? Nere ustez argi da baietz, eta horregatik Bizi Toki espazio kolektiboan jarduten dut. (Bizi Tokiri buruzko argibideentzat, bisitatu www.bizitoki.org webgunea).

Bukatzeko, gogoeta honetan sakondu nahi duen orori, Pedro Garcia Olivok idatzi duen «La bala y la escuela» liburuaren irakurketa sutsuki aholkatzen diot. Neri oso oso aberasgarria izan zait.

Gorka Torre

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like

Leave a Reply

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *