AHT-AREN AURKAKO BORROKA EUSKAL HERRIAN

Badira jada 20 urte lurralde honetan ditxosozko tren azpiegituraren kontrako lehendabiziko garrasiak entzuten hasi zirenetik. 1993. urtea zen. Urte luze hauetan, ekintza, eztabaida, inplikazio maila, adostasun eta desadostasun, aukera on eta oker ugari izan dugu. Hori guztia ikusita, handiguratsuegia izan daiteke urteotan gertatutako guztia pasarte gutxi batzuetan laburbiltzea.

Hala eta guztiz ere, AHTaren Aurkako Asanbladak osatutako antolakuntza-erreferente garrantzitsua desagertu izanak lehen baino ezinbestekoago bihurtu du bere detaile batzuk gogora ekartzea. AHTaren aurkako borroka umezurtz geratu zaigu bai, baina, edonola ere, argi dago bizirik dirauela eta horren adierazle dira Mugitu! mugimenduaren (M!m) ekintzak, Nafarroa Garaian ere borroka piztu izana edota Iparraldean sortutako borroka dinamika, azken horrek azterketa ezberdina beharko lukeen arren.

Borroka horren bidetik emandako pausoak behin behinekoz aztertzeko, nahitaezkoa izango zaigu agertu diren ikuspegi desberdinak gogoratzea. Esaterako, kapitalak eta merkatuak etengabe hazi edota bizirauteko behar duten garapenkeriaren aurkako kritikari eman zaion bultzakada edota, diskurtso horren ildotik, zenbaitek garapenkeriaren aurkako mugimendu edo antigarapenkeri deitu izan dutena.

Urte hauetan erabilitako beste gida-hari bat izan da gure lurralderako diseinatu duten azpiegitura‑eredua aztertzea (autopista eta autobideak, azpiegitura energetikoak, hirigintzaren garapena…) eta, ondoren, kritikatzea, eredu horrek lagundu baitu kokatzen euskal Y-aren trenbide-proiektua kapitalismoaren geoestrategia konplexuak eratzen duen osotasunaren barruan. Eta ezinbestean, gatazkaren itu-puntuan jarri da kapitalismoari lotutako kontsumo-eredua ere.

Bestalde, ohiko ekologismoaren kritika ere azpiegiturari egurra emateko beste tresna bat izan da, diskurtso erradikalagoek maiz gainditu dituzten arren gertakizunen inertziari men egindako ekologista konbentzionalen kritikak.

Halaber, eta ageriko arrazoiengatik, AHTaren aurkako diskurtsoan indarra hartu dute azken urteotan ikuspegi zein kritika ekonomikoek. Txirotze orokorra dakarten garai hauetan, halako azpiegiturak egitea xahutzea dela izan da aspaldi honetan gehien entzundako argudioetako bat, baita azpiegitura horiek sustatzen dituztenen, hau da, demagogiaren eta oportunismoaren mago horien ahotan ere, paradoxikoa gerta daitekeen arren.

AHTaren aurkako banderaren itzalpean bildu den diskurtso nahaspilaren barruan, bestelako alderdi esanguratsuak ere aurki daitezke, adibidez, azpiegitura horien inguruko erabakiak hartzean herriak batere parterik hartu ez izana salatzern duen argudioa edo euskal gatazkatik eratorritako nazio-ikuspegia, Euskal Herriaren kasuan ezin ahaztuzkoa. Horrela bada, AHTaren aurkako mobilizazioetan parte hartu duen inor ez da harrituko mugimenduaren barruan lekua izan duten eta tarte honetan hainbeste eztabaida sortu dituzten ikuspuntu ideologiko desberdinak ikustean. AHTaren aurkako mugimendu deritzonaren barruan nolabait mamitzen joan den nahasketa honetan ere eztabaida biziak izan dira, indarrak beste sektoreekin batzean nahitaez sortzen diren kontraesanen ondorio. Inplikatutako kolektibo autonomoek etengabeko oreka-lanak egin behar izan dituzte, dinamika hein batean baldintzatu duten zenbait indar politikok eta sindikalek, batzuetan, borroka instrumentalki erabiltzen zutela ikusita.

Gatazka luze honen fruitu dialektiko eta ideologikoak interesgarriak iruditzen zaizkigun arren, are interesgarriagoak iruditzen zaizkigu AHTaren aurkako Euskal Herriko borroka gauzen egoeraren aurkako borrokaren erreferente berri bihurtu duten esperientziak. Desberdintasunak desberdintasun, lurra defendatzeko beste gatazka historiko batzuetan du erroa trenbide bizkorraren aurkako borroka, esaterako, Lemoizeko zentral nuklearraren, Leizarango autobidearen edota Itoizko urtegiaren aurkako mugimenduekin. Ibilbide luze honetan, protagonista izan ditugu manifestazio jendetsuak, desobedientzia zibileko ekintzak, errepide- eta trenbide-etenaldiak, lapikokadak, Renferi eta Euskotreni ez ordaintzeko kanpainak, zundaketa-lanen hasiera eragoztea, borroka juridiko eta instituzionala, enpresa eraikitzaileen interesen aurkako sabotajeak, obra alboko desobedientzia-espazioak (adibidez, Urbina 2006), parodiak, desjabetzeen aurkako mobilizazioak eta irudimenez jositako beste ekintzen kopuru zenbatezina.

Ezin dugu ahaztu 2008ko abenduan Inaxio Uria enpresaria hilda, ETA erakunde armatuak izandako inplikazioa eta bestelako eraso ikusgarri batzuk, proiektuaren aurkako presio soziala goraka zihoanean gertatu zirelako eta arrakala handiak eragin zituztelako proiektuaren barruan.

Bazter hauetan ondotxo dakigunez, ekintzez aritzean, nahitaez, errepresioaz eta komunikabideen intoxikazioaz ere aritu behar izan dugu, batez ere, mugimendua ezkutatzea ezinezko bihurtu eta gero. Horren helburua ez da mugak edo ahuleziak justifikatzea, baina bere garaian “AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa” dosierrean jasotako jazarpen-saldoak in crescendo jarraitzen du eta odoluste ekonomiko eta morala ekarri du dagoeneko. Gogora ekar dezagun, adibidez, Toulousen, 2011ko urrian, Foru Komunitateko presidente Yolanda Barcina beste agintarien aurrean agerian uzteagatik Mugitu! mugimenduko hiru tartalarien aurka eskatutako lau urteko kondenak. Perspektibadun begirada honetan, Rajoyren gobernuak zigor kodean bideratu duen erreforma ere ezin da alde batera utzi. Mugimendu ihardukitzaile edo kontestatario oro isiltzeko asmoz, desobedientzia zibilaren aurkako zigorrak gogortu dira lege-aldaketa horren bidez eta etorkizunean protesta ereduak birplanteatzeko beharra ekarriko du horrek.

Ezin dugu testua bukatu AHTaren Aurkako Asanbladak denbora honetan egindako ibilbidea eta lan etengabea estimuz goraipatu gabe. 2012ko azaroan koordinazioa bukatutzat jotzeko erabakia hartu izanak hain gatazka dinamiko eta luzeetan borroka maila onargarriari eta asanblada bidezko barne antolakuntzari eustea zein zaila den baino ez du adierazten.

Azken 20 urteotako esperientziak eman diguna eta etorkizunak emango diguna kontutan hartuta, Europa zaharra kolpatzen ari den krisi ekonomikoa ikusita eta Euskal Herrian sortu berri den paradigma politiko-sozialak ekarritako itxaropenak eta desadostasunak (gizartearen aldarrikapenei erantzutearen eta pragmatismo politikoaren arteko orekak) alde batera utzi gabe, erne jarraitzen dugu, azpiegitura horien aurkako borrokak etorkizunean zer ekarriko zain.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like