LABIRINTOAK ETA PADURAK

PPren eta espainiar estatuko aparatu ezberdinen politika errepresiboen gorakadaren eta hauen ondorengo ezker abertzalearen inguruko erakundeen ilegalizazioaren aurrean, Euskal Herriak gaur egun bizi duen prozesu historikoari buruz gure hausnarketa eta balorazio propioak jaso nahi izan ditugu Ekintza Zuzena aldizkarikook artikulu honetan. Egoera sozial eta politiko gogor honetan, ezinbestekoa iruditu zaigu pentsamendu eta ekintza antiautoritarioaren logikatik abiatuz, analisi kolektiboa egin eta gure iritzia azaltzea. Boterea, Estatua eta bere bestelako agerpenen berezko gaiztakeriari buruz berriro ere kexatu ordez, gure ingurura begiratu eta, zintzotasunez eta errealismoz, egoera honek gure borroka eremuetan sorrarazten dituen ondorioak aztertuko ditugu.

Euskal arazoan azkenaldi honetan jazo diren zenbait gertakarik berez itogarria den egoera sozial eta politikoa larritu besterik ez dute egin. Egoera honi aurre egiteko bidea geroz eta estuagoa bihurtzen ari da Estatuko aparatuek aurkari separatista eta, bide batez, traba egiten dion edozein adierazpen erradikal kolpatzeko lotsa guztiz galdu ondoren. Sede eta lokalen itxiera, ilegalizazioak, atxiloketak, zentzurik gabeko auto judizialak, manifestazio debekatuak,… errepresio ekaitz honek utzi digun egoerak ez digu beste aldera begiratzen uzten eta honako galdera egiten diogu geure buruari: eta orain zer?

Badakigu kolpeak alde guztietatik etorriko direla. Gainera datorkigun benetako gerraren testuinguruan kokatu beharrean gaude. Alde batetik, denbora pasa ahala, bai gure gertuko guneetan, bai geroz eta zatikatuago eta galduago ageri den ezker sozialean, paralisi eta ankilosamendu oso kezkagarria ikusten dugu. Espainiar demokraziak kareta guztiak kendu baditu ere, eskubide eta askatasunak lortzeko arau demokratikoak aldarrikatzen dituen diskurtso erabat garantista entzuten jarraitu behar dugu. Euskal arazoko espektakulo mediatiko-politikoan tartetxo bat aurkitu nahi dutenek etengabe erabiltzen dituzte informazio-bideetako hizkeratik sortutako eta benetan zer esan nahi duten oraindik ulertzen ez dugun kontzeptuak: hiritartasuna, gizarte zibila, iritzi publikoa eta abar. Zenbait sektorek

instituzionalizazio eta normalkuntza prozesu batean mantentzea nahiago izan du, politika egiteko forma zaharrak erabiliz eta alderdi, sindikatu, GKE edo iritzi lobbyak bezalako egitura hierarkikoen bitartez oposizio zilegitua eginez. Sozialki inposaturiko logika hauetatik kanpo dagoen mezu oro “martiztartzat” eta errealitatetik urrundutzat jotzen dute, baina hala ere, gure ustetan, gezur demokratikoa desmontatu eta Estatuaren eta bere instituzio guztien deslegitimazioa bilatzeko une garrantzitsu batean gaude.

Bestetik, gizarte mugimendu deitutakoek ezker abertzalea ematen ari den erantzunarekiko jarrera segidista mantentzen dute, leialtasunezko eta betiko inertzia mobilizatzaile antierrepresiboekin. Atrofia ideologiko argia nabari da, izan ere, kolektibo ezberdinak ez dira diskurtso propioa aportatzen ari eta egoera hau gainditzeko egin diren saiakerek, funtzionamendu eredu autonomoak sortuz, berehala porrot egin dute, berauen hasierako ahultasunagatik. Harridura eta frustrazio sintomak ageri dira gure inguruan, azken urteotan jendea desgastatu eta erre egin da eta nabari diren sentsazioak ez dira oso baikorrak, indar koerlazioa ez baita gure eraldaketa desioaren aldekoa. Nolabait, erresistentziaren ezinbestekotasun zentzua eta aurreko borroketan landutako balore kolektiboak galtzen ari dira, eguneroko bizitzaren eskizofreniak sortzen duen alienazio eta indibidualismoaren onurarako. 90. hamarkadako borrokek eman dute eman zezaketen guztia, talde eta kolektibo ezberdinak beraien txiringitoetako erosotasunean geldituz joan dira eta beraien dinamikak zalantzan jartzeari utzi diote perspektiba zabalegirik gabe aurrera jarraitzeko. Militante belaunaldi berriek lehengo akats berberak errepikatzen jarraitzen dute, ez delako benetako komunikaziorik eta esperientzia eta informazio transmisiorik egon, eta horregatik ghetto aktibistak beraien logika propioan itxita mantentzen dira, eredu kritiko eta eraldatzaile berriak sortzeko ardura handirik gabe. Arlo honetan, eztabaida eta eguneroko iharduera politikoa ezker abertzalearen jokabidean nagusi den goi mailako politikatik kanpo eta bere burua moda ideologikoen arabera (inmigrazioa, antiglobalizazioa, bazterketa soziala,…) birmoldatzen ari den ezker mutur zaharraren interes guztien aurka garatuko duen borroka komunitate bat sortzeko ezintasuna eta porrota onartu behar dira.

Erantzun soziala, neurri errepresiboak gogorrak izan badira ere, beti mobilizatu ohi diren sektoreetara mugatu da. Kontua da deskoneksio handia nabari dela antolatuta dagoen sare sozial eta politikoaren eta bestelako kezka eta eguneroko beharrak dituen biztanleria prekarizatuaren artean. Kaleko jendeak, geroz eta gizarte ordenatuago eta egituratuago batean, ondasun materialak eta aisialdia edukitzeko aukera ematen duen lehen munduko nolabaiteko erosotasun jarrera barneratu du. Hala ere, kontutan izan behar da aurreko belaunaldien errenta politiko eta ekonomikoetatik eta propaganda mediatikoaren ilusiotik bizitzen jarraitzen dugula eta, beraz, krisia familiaren “koltxoi sozial”arekin ezkutatzen jarrai daitekeela oraindik. Oraingoz, inguru honetan, “Aitatxo Estatua”ren babesa mantentzen da, baina arazoa egitura asistentzial hau ahultzen edo desagertzen denean eta zeri heldu ez dugunean (Estatua alde batera uzten duen elkartasun sozial eta elkar-sostenguaren exenplu sozial alternatiborik sortzeko gai ez garelako izan) etorriko da. Zentzu honetan, kontutan izan behar dugu ezker independentistaren eta bere inguruko sektoreen egungo mezu politikoa arlo nazionalera mugatuta dagoela eta tonu populista daukala, hau da, subiranotasuna eta eraikuntza nazionala bezalako kontzeptuak entzuten ditugu soilik, eta prekarietate egoerak, langabezia, bazterketa soziala, pobreziaren feminizazioa, etxebizitza eskuragaitza… ez dira ia aipatu ere egiten; honela, biztanleriaren zati handi batengan eragina duten arren, bigarren mailan uzten dira. Urteak pasa ahala, lengoaia iraultzaile zaharraren edukia makurtzen joan da, jarrera oportunista garbiz, euskal gizartean gertatu diren aldaketa soziologikoetara ongi egokitzeko. Azken finean, garrantzitsua den gauza bakarra estatu berri bat eraiki eta kapitalaren Europan tartetxo bat edukitzea dela ematen du, ezarritako markoetan ahal bezain ongi egokituz. Merkatuko edozein merkantziari euskal labela ezartzeak identitate balioa ematen diolako uste zabaldua dago, eta honek eredu sozial eta kultural kapitalista garatzen ari dela adierazten du, emantzipazio intentzio orotik urrun. Egoera honetan, tristea da esatea baina ez gaitu harritzen Eusko Jaurlaritzak berak diskurtso pobre honek baino jarrera ezkertiarragoa erakutsi izanak, gai sozialen gobernu-sailetan dauden zenbait kontseilari, funtzionari eta aholkulari ezkertiarrekin, “oinarrizko errenta” eta babes sozialeko beste zenbait neurrirekin erlazionatutako politika asistentzialistak garatzen ari baitira. Egia esan, EAJ-PNV bera jada egiten ari da “eraikuntza nazionala”, autogobernuaren eta konpetentzien hedapenean oinarritutako sare instituzional bat piskanaka sortuz, enpresaburuei baldintzarik gabeko sostengua emanez eta azpiegitura desarroilistetarako (abiadura handiko trena, autobideak, urtegiak, kirol kaiak,…) aurrekontu izugarriak bideratuz. Proiektu hauek finkatzen doazen heinean eta subiranotasun nazionalaren prozesu honetan gutxien sinesten duten sektoreak konbentzituko dituzten politika pragmatikoak egiten diren neurrian, herri honentzako marko politiko berriaren onarpena zabaltzen joango da.

Egoera honen aurrean, mugimendu autonomo-libertariotik eta gertuko beste zenbait talde eta kolektibotatik, lengoaia berriak eta etorkizun hurbilean ekiteko modu ezberdinak proposatzeko premiazko beharra daukagu. Herri bezala ospe handia edukitzen jarraitzen dugun arren, geroz eta jarrera alternatibo eskasagoa daukagu, eta beraz gune asanbleario eta antiautoritarioen indartzean oinarritutako erreferente etiko eta politiko berriak planteatu beharko ditugu. Gaurtik aurrera ezinbestekoa izango da jadanik badagoena benetako edukiekin sustatu eta indartzea eta etiketa alternatibo eta ezkertiarren atzean ezkutatzen den faltsukeria guztia agerian uztea. Gure mugak ezagutuz eta konplexurik gabe jokatuz, diskurtso eta ekintza berriak sor ditzakegu lengoaia ezkertiar eta sozialdemokratatik urrun eta beraien dinamikak inposatu besterik egin nahi ez duten egitura handietatik urrun. Oraintxe, borrokak ahulduta eta zatikatuta daude, ez dago komunikaziorako gutxieneko oinarririk, ezta eztabaida elkartrukerik ere. Eta, gutxienez, komunitate berri bat sortu nahi badugu, esan dugun moduko proposamenak egin beharko dira (errepresioari erresistentzia kutxekin aurre egin, merkatuaren logikatik kanpoko esperientziak landu, elkar-laguntzazko sare soziala sortu, ekintza zuzenari garrantzia eman, militantziaren esanahia eraberritu,…) Krisi eta etsipen kolektiboko egoera larrienetan ere bere burua antolatu eta sare komunitario solidario eta sendoak eraikitzeko gai den jendea badago, mundu kapitalista globalizatu honetako zorigaitz handieneko herrietatik iristen zaizkigun adibideek erakusten duten moduan. Arazo hau oso azkar doa eta ezin dugu jakin zer nolako ezustekoak ekarriko dizkigun etorkizunak, baina ziurrenik ez dira oso atseginak izango eta ez digute onurarik ekarriko, horregatik, geure buruak inoiz baino argiago eduki beharko ditugu datorren guztiari zentzuz eta koherentziaz aurre egiteko. Geure bizitzen protagonista izan nahi ote dugun eta gure inguruneko eguneroko bizitzan nola parte hartuko dugun jakin behar dugu, aldaketa handiak gertatuko baitira eta ia oposiziorik gabe eta gure hitza eta gure desioak kontutan hartu gabe berrantolatzen ari baitira guztia. Horregatik, euskal lurrean, Boterea eta mundu zaharraren aurkako desobedientzia eta errebeldia zabaltzeko ahaleginetan diraugu.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like