GAZTEEN ALTXORRA

Haurrak izatez esker txarrekoak dira. Ulertzekoa da, beraien guraso maitagarriak imitatu besterik ez baitute egiten; horrela, oraingo haurrak eskolatik itzultzean botoi bat zapaldu eta eguneko teledramari begira gelditzen dira mirari teknologikoaren irudi den telebistari erreparatzea bururatu ere egin gabe. Horregatik, ez da alferrikakoa izango behin eta berriro errepikatzea haurrei progresu zientifikoaren historia edozein aukeraz baliatuz, erreakzio-hegazkin zalapartatsu bat pasatzean adibidez, gizakiaren esfortzu bidez lortutako emaitzak miretsi ditzaten.

“Jet”aren erabilera frogarik onenetakoa da. Edonork daki, bertan ibili ez denak ere, zer irudikatzen duten hegazkin modernoek: abiadura, isiltasuna kabinan, egonkortasuna, ekintza eremua.

Baina zientzia bukaerarik ez duen bilaketa da batik bat, eta “jet”ak zaharkituta gelditu dira, gizakiaren argitasunaren froga berri eta are mirariazkoagoek gainditurik. Aurrerapen ugari eduki arren, hegazkin horiek eragozpen asko zituzten eta helizezko hegazkinek ordezkatu zituzten. Lorpen honek aurrerakuntza handia ekarri zuen, izan ere, abiadura eta altuera txikian hegaz egitean, pilotoak lurreratzeko eta aireratzeko maniobrak segurtasun baldintza onetan egiteko eta norabidea finkatzeko aukera hobea zuen. Hala ere, teknikoek komunikabide berri eta hobeen bila jarraitu zuten lanean, eta horrela bi aurkikuntza nagusi oso denbora tarte txikian ezagutarazi zituzten: lurrun-makina eta trenbidea. Hauei esker, lehenengo aldiz lurraren mailan bidaiatzea lortu zen, segurtasun tarte handia irabaziz.

Teknika hauen bilakaera jarrai dezagun, itsas-nabigazioarekin hasiz. Itsas zabalean hain maiz izaten den sute arriskuak sistema seguruagoa aurkitzera bultzatu zituen ingeniariak: horrela sortu zen bela nabigazioa eta, beranduago (kronologia ziurra ez den arren), arraunketa, untziak bultzatzeko erarik onena.

Aurrerapen hau nabarmena izan zen, baina, arrazoi ezberdinengatik, hondoratzeak gertatzen ziren noizbehinka, aurrerapen teknikoek uretan mugitzeko metodo seguru eta hobetua eskaini zuten arte. Jakina, igeriketaz ari gara. Hau baino aurrerakuntza handiagorik ez dagoela dirudi, nahiz eta, hori bai, zientziak ezusteko ugari eman ohi duen.

Trenbideei dagokienez, abantaila nabarmenak zituzten hegazkinekin alderatuz, baina diligentziek gainditu egin zituzten, izan ere, ibilgailu hauek ez zuten airea kutsatzen petrolioaren edo ikatzaren kearekin, eta paisaiaren edertasuna eta zaldien indarra miresteko aukera ematen zuten. Bizikleta, oso garraiobide zientifikoa, diligentzia eta trenaren artean kokatzen da historikoki, baina ez dago zein momentutan agertu zen zehazki esaterik. Hala ere, gauza jakina da (eta hau aurrerakuntza mailarik altuena da) diligentzien begibistako desorotasunak giza-agudezia zorroztu zuela eta laister garraiobide paregabea asmatu zela: oinezkoa. Beraz, oinezkoak eta igerilariak piramide zientifikoaren gailurrean daude. Hau edozein hondartzatan froga daiteke, malekoieko pasealariek bainularien hobekuntzak atseginez nola begiratzen dituzten ikusten dugunean. Agian horregatik ibiliko da hainbeste jende hondartzetan, teknikaren aurrerapenak, haur askok ezagutu ez arren, jende askok txalotzen baititu azkenean, ordaindutako oporren garaian batez ere.

Julio Cortázar
(“Último Round”)

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like