Fikzioaren garraio poltsaren teoria

Testu hau gaztelaniaz ere eskuragarri dago.

Gerora gizaki bihurtzeko eboluzionatu zuten hominidoak gune epel eta tropikaletan bizi omen ziren eta beraien jaki nagusia barazkiak ziren. Paleolitoan, Neolitoan eta antzinaroko garaietan gizakiek jaten zuten ehuneko hirurogeita bosta eta laurogeia bitartean bildutako barazkiak ziren; Artiko gogorrean soilik zen haragia jaki nagusia. Mamut ehiztariek haitzuloetako hormak eta gure irudimena betetzen dute, baina bizirik eta gizen bizirauteko egiten genuena haziak, sustraiak, ernamuinak, landaretxoak, hostoak, fruituak eta lekaleak biltzea zen. Proteinak handitzeko intsektuak eta muskuiluak gehitzen genizkien, baita ehizatutako txori, arrain, arratoi, untxi eta bestelako animalia txikiak. Eta ez genuen gogor lan egin beharrik guzti horretarako – nekazaritza asmatu ondoren nekazariek besteen zoroetan esklaboak bezala lan egin behar zutena baino gutxiago, zibilizazioa asmatu zenetik soldata baten truke langileek lan egin behar dutena baino gutxiago. Historiaurreko pertsona arrunt bat, nahiko ondo bizi zitekeen astean hamabost orduz lan eginez.

Bizirauteko astean hamabost orduz lan egiteak bestelako gauzak egiteko denbora mordoxka uzten du. Hainbeste denbora, zeinen baliteke haurrak inguruan ez zeuzkatenak edo gauzak egiten edo kozinatzen edo abesten edo pentsatzen jarduten ez ziren ipurterre batzuek, abenturak bilatzera joatea erabaki eta mamuten ehizara ateratzea. Ehiztari trebeak okela kargamentu batekin, marfil pila batekin eta kontakizun batekin itzuliko ziren. Okela ez zen garrantzitsua. Inporta zuena kontakizuna zen.

Zaila da modu erakargarri batean kontatzea nola olo hazi bat bere lekatik erauzi duzun, eta gero beste bat, eta gero beste bat, eta gero beste bat, eta gero beste bat, eta gero eltxo baten ziztadan hatz egin duzun eta gero Ool-ek zerbait barregarria esan duen eta errekara joan zareten ura edatera eta arrabioak ikustera eta gero beste olo lahar bat aurkitu duzuen… Ez, ezin da alderatu eta ezin da lehiatu beste era honetako kontakizunarekin: mamutari saihetsaldetik eraso nion nire lantzarekin, bitartean Oob hortz erraldoiak zeharkatu zuen eta oihu ikaragarriak botatzen zituen odola borborka ateratzen zitzaion bitartean, eta Boob orea bezala zapalduta hil zen mamuta gainera erori zitzaionean, nik bitartean piztitzarraren begian barrena burmuinera zuzenean gezi bat trebeki jaurti nuen arte.

Kontakizun honek Akzioaz gain Heroi bat ere badu. Eta Heroiak boteretsuak dira. Konturatu orduko, olo laharreko gizon, emakume eta haurrak, sortzaileen trebetasunak, pentsalarien pentsamenduak eta abeslarien kantuak Heroiaren zerbitzura bultzatuak izango dira. Baina kontakizuna ez da beraiena. Heroiarena da.

Virginia Woolf bere Hiru ginea liburua izango zen lana planifikatzen zuen bitartean ondoko goiburua idatzi zuen bere koadernoan: «Glosarioa». Ingelesa berrasmatzeko asmoa zuen bere plan berriaren arabera, kontakizun desberdin bat kontatu ahal izateko. Sarreretako bat heroismoa da, «botulismoa» bezala definitua. Eta heroia Woolfen hiztegian «botila» da. Heroia botila bezala, berrikusketa gogorra. Nik orain botila heroi bezala proposatzen dut.

Ez gin edo ardo botila bakarrik, botila edukiontziaren antzinako zentzu orokorrenean baizik, barnean beste zerbait daukan edukiontzia.

Non jarri ez badaukazu, janariak ihes egingo dizu, baita bat ere erasokorra eta trebea ez den olo haziak ere. Gai zaren guztiak sar ditzakezu sabelean eskura dituzun bitartean, berau delarik lehen edukiontzia, baina zer gertatuko da bihar goizean esnatzen zarenean eta hotza eta euria ari duenean? Ez ote zen ondo egongo olo pixka bat jan ahal izatea eta Oom txikiari ematea isil dadin? Baina nola bete sabel bat baino gehiago eta nola eraman eskukada bat baino gehiago etxera? Beraz, jaiki eta olo lahar madarikatura zoaz euripean. Eta ez zen ondo egongo Oo Oo txikia nonbait eraman ahal izatea oloa esku biekin hartu ahal izateko? Kuia hosto bat sare bat poltsa bat beso-euskarri bat zaku bat botila bat lapiko bat kaxa bat edukiontzi bat.

Lehen kultura artefaktua ziurrenik edukiontzi bat izan zen… Teorialari askok uste dute lehenbiziko kultur asmakizuna bildutako produktuentzako ontzi bat izan behar zuela, eta beso-euskarri edo sareren bat.

Hori da Elisabeth Fisherrek dioena Women’s Creation liburuan (McGraw-Hill, 1975). Baina ez, hori ezin da izan. Non dago filmeko gauza miragarri hori, handia, luzea, gogorra, hezur bat uste dut, lehen Gizon Tximinoak norbait kolpatzeko erabili zuena, eta gero, lehen erailketa burutzeagatik orroka estasiatuta, hezurra airera jaurti zuen, eta han, zeruan biraka, espazio-ontzi bat bihurtu zen, kosmosa zulatzen berau ongarritzeko eta filmaren amaieran umeki bat sortzeko (mutil bat, nola ez), Esne Bidean flotatzen umetokirik edo uterorik gabe? Ez dakit. Ez zait ezta inporta ere. Ez da kontatzen ari naizen kontakizuna. Denok ditugu entzunak makilak eta lantzak eta ezpatak, jipoitzeko eta sastatzeko eta jotzeko gauzak, gauza luzeak, gogorrak, baina oraindik ez ditugu entzunak bildutakoak gordetzeko gauzak, edukientzako ontziak. Hau kontakizun berri bat da. Zerbait berria.

Eta aldi berean, zerbait zaharra. Tresna berantiarra, luxuzkoa eta ez funtsezkoa den arma baino lehenago – ondo pentsatuz gero, ziurrenik askoz lehenago –; aiztoa eta ahizkora baino askoz lehenago; birrintzeko, ehotzeko eta aitzurtzeko ezinbestekoak diren tresnekin batera – zertarako balio du bestela patata batzuk aitzurtzea jan ezin dituzunak etxera nola eraman ez badaukazu? –, hau da, energia kanpora izurtzeko balio duten tresnak asmatu genituen aldi berean, edo agian lehenago, energia etxera ekartzeko balio duten tresnak sortu genituen. Honek zentzua du niretzat. Fisherrek giza eboluzioaren Garraio Poltsaren Teoria deitzen duen horren jarraitzailea naiz.

Teoria honek, iluntasun teorikoa duten gune handiak azaltzeaz gain eta teoria ergelez betetako gune handiak saihesteaz gain (orokorrean, tigre, azeri eta bestelako animalia oso lurraldezalez beteak), lurreratu egiten nau, pertsonalki, gizakion kulturara orain arte lotuta sentitu ez naizen era batean. Kultura, jipoitzeko, sastatzeko eta hiltzeko objektu luze eta gogorrekin sortutako eta garatutako zerbait bezala azaltzen zen bitartean, ez nuen inoiz pentsatu bertan parte hartuko edo parte hartu nahiko nuenik. (Lilliam Smithek ohartu zuen «Freudek zibilizaziorik ezarekin nahasi zuena berez emakumearen zibilizazioarekiko leialtasunik eza zela). Gizartea, teorialari hauek aipatzen zuten zibilizazio hori, beraiena zen, noski. Jabetza bat zen, gustuko zuten. Gizakiak ziren, guztiz gizakiak, jipoitzen, sastakatzen, sarketak egiten, erailtzen. Nik ere gizakia izateko nahia nuen eta nire gizatasunaren frogak bilatu nituen. Baina hau aurre-baldintza bat bazen, arma bat sortu eta berarekin hiltzea, orduan ni gizaki bezala oso akastuna nintzen, edo ez nintzen inolaz ere gizaki bat.

Hala da, esan zuten. Zu emakumea zara. Ziurrenik ez zara gizakia eta egiaz akastuna zara. Orain hago isilik Gizon Heroiaren Goraldiaren Kontakizunarekin jarraitzen dugun bitartean.

Jarraitu ezazue, esaten dut nik, olo laharrera bidean noala, Oo Oo esku-euskarrian dagoela eta Oom-ek otzara eskuan duela. Jarrai ezazue kontatzen nola mamuta Boob-en aurka oldartu zen eta nola Cain Abelen aurka oldartu zen eta nola erori zen bonba Nagasaki gainean eta nola suzko marmelada bat bezala barreiatu zen herritarren gainean eta nola eroriko diren misilak Gaizkiaren Inperioaren gainean eta Gizonaren Goraldiaren beste urrats guztiak.

Gizatiarra baldin bada nahi duzun zerbait, erabilgarria, jangarria edo ederra delako poltsa edo otzara batean sartzea, edo hosto batean edo kiribildutako azal batean edo zure ilearekin egindako sare batean edo dena delako tokian sartzea, eta ondoren berau etxera eramatea, non hau ere pertsonentzako edukiontzi bat den, eta ondoren bildutakoa ateratzea eta jatea edo partekatzea edo negurako ontzi egokiago batean gordetzea, edo sendagaien ontzi batean sartzea edo aldarean edo museoan, leku sakratuan, sakratua den edukirako ontzian, eta hurrengo egunean ziurrenik berdina egitea – hau egitea gizatiarra bada, hau bada eskatzen dena –, orduan badirudi baietz, azkenean badirudi gizakia naizela. Guztiz, libreki, pozik, lehen aldiz.

Esan dezadan argi, ez naizela oldarkorra edo borrokalaria ez den gizaki bat. Adineko emakume haserretu bat naiz, nire poltsa astintzen diharduena handiputz eta gaizkileengandik babesteko. Baina ez naiz hartzen, eta ez dut uste inor hartu behar denik, heroia bezala hori egiteagatik. Basa-oloa biltzen jarraitzeko eta kontakizunekin jarraitzeko egin behar dituzun gauza madarikatu horietako bat besterik ez da.

Kontakizunak aldaketa garrantzitsua dakar. Kontakizuna izan zen nire gizatasuna ezkutatu zuena, mamutak jotzeari, bortxatzeari, akabatzeari buruzko kontakizunak, Heroiaren kontakizunak. Botulismoari buruzko kontakizun miragarriak, pozoidunak. Asasinoaren kontakizunak.

Batzuetan, badirudi kontakizuna amaitzera doala. Noizbait kontakizunak kontatzeari utzi ez diezaiogun, gutako batzuk, basa-olo artean, arto estralurtar artean, beste kontakizun bat kontatzen hastea hobe dela uste dugu, kontakizun zaharra amaitutakoan agian jendeak garatzen jarrai dezakeen beste kontakizun bat. Agian. Arazoa, gure buruari hiltzailearen kontakizunaren parte izaten utzi diogula da, eta baliteke beraren amaiera gurea ere izatea. Horregatik bilatzen dut nolabaiteko premia sentsazioarekin beste kontakizunaren natura, subjektua, hitzak. Inoiz kontatu ez den kontakizunarena, bizitzaren kontakizunarena.

Kontakizun arrotza egiten zaigu, ez datorkigu ahora asasinoaren kontakizuna bezain erraz. Hala ere, «inoiz kontatu ez dena» gehiegizkoa izan da. Jendeak mendeak daramatza bizitzaren kontakizuna kontatzen, hitz eta modu desberdin askotan. Sortzeari eta eraldatzeari buruzko mitoak, pikarokerien kontakizunak, folkloreko ipuinak, txantxak, eleberriak.

Eleberria, funtsean, heroiaren aurkako kontakizun mota bat da. Heroia eleberriaren jabe egin da askotan, noski, hori baita bere bulkada geldiezina, dena hartzeko eta dekretu eta lege gogorrekin berau hiltzeko eutsiezinezko bulkadari eustea. Beraz, Heroiak dekretatu du bere bozeramaile diren Legegileen bitartez, lehenik, narratibaren forma zuzena geziarena edo lantzarena dela, hemen hasi eta harantz zuzen doana eta ZART! bete-betean asmatzen duena; bigarrenik, narratibaren kezka nagusia, eleberriarena barne, gatazka dela; eta hirugarrenik, kontakizunak ez duela ezertarako balio gatazka bertan azaltzen ez bada.

Ez nator bat guzti horrekin. Esango nuke eleberriaren forma naturala, zuzena, egokia, zaku batena edo poltsa batena dela. Liburu batek hitzak dauzka. Hitzek esanahiak garraiatzen dituzte. Eleberri bat sendagaien ontzi bat da, gauzak erlazio berezi eta boteretsu batean lotzen dituena, bata bestearekin eta gure artean.

Eleberri baten osagaien arteko erlazioa gatazka izan liteke, baina narratiba gatazkara murriztea zentzugabekeria da. (Irakurri dudan idazteko gida batek zioen «kontakizun bat guda bat bezala ulertu behar dela», eta ondoren estrategiei, erasoei, garaipenari eta abarrei buruz hitz egiten zuen). Gatazka, lehia, presioa, borroka, etab., sabel/poltsa/kutxa/etxe/sendagaien ontzi bezala ulertutako narratiba batean, osotasun baten barnean beharrezkoak diren elementuak bezala ikus litezke, osotasun bat non gatazka edo armonia ezin da bereizgarria izan, bere helburua ez delako ebazpen tinko bat, prozesu jarrai bat baizik.

Azkenean, argi dago Heroia ez dela ondo geratzen poltsa honetan. Agertoki bat behar du, gailur bat. Poltsa batean sartzen duzu eta untxi bat dirudi, edo patata bat.

Horregatik gustatzen zaizkit eleberriak: heroien ordez pertsonak dituztelako.

Beraz, zientzia fikziozko eleberriak idazten hasi nintzenean, gauzez betetako zaku handi eta astun honetara arrastaka heldu nintzen, nire poltsa inozoz eta baldarrez beteta, eta mustarda hazitxo bat baino gauza txikiagoak, eta baita sare korapilatsuak ere, lan neketsuaren ondoren hariak ateraz gero harri-koskor urdin bat zuela ikus zitekeena, baita beste mundu bateko ordua markatzen duen kronometroa eta sagu baten garezurra; amaierarik gabeko hasieraz betea, jarraibideez, galerez, eraldaketez eta itzulpenez, eta gatazkez baino askoz trikimailu gehiagoz, garaipenez baino askoz tranpa eta koska gehiagoz; hondarturik geratutako espazio-ontziz betea, huts egindako misioz, ulertzen ez duen jendeaz. Basa-oloaren lekatik haziak erauzteari buruzko kontakizun bat egitea zaila zela esan dut, ez ezinezkoa denik. Nork esan du eleberri bat idaztea erraza denik?

Zientzia fikzioa teknologia modernoaren mitologia bada, orduan bere mitoa tragikoa da. «Teknologia», edo «zientzia modernoa» (hitz hauek erabili ohi diren bezala erabiltzen ditut, hazkunde ekonomiko jarraian oinarritutako zientzia «zehatzen» eta goi-teknologiaren laburdura direnik ezbaian jarri gabe), balentria heroikoa da, Herkulesena eta Prometeorena bezala, garaipen bat bezala sortua, eta, beraz, azkenik, tragedia bat bezala. Mito hau gorpuzten duen fikzioa nolabait izango bada, eta izan bada, irabazlea (lurra, espazioa, estralurtarrak, heriotza, etorkizuna eta abar. konkistatzen dituen Gizona) eta tragikoa da (Apokalipsia, Holokaustoa, orduan edo orain).

Modu lineala, progresiboa, Denbora-lerroaren gezi Tekno-Heroikoa saihesten baduzu, eta teknologia eta zientzia funtsean garraio poltsa bat bezala birdefinitzen badituzu dominazio arma bezala baino, albo-efektu atsegin bat lortzen duzu; zientzia fikzioa eremu ez hain zorrotza eta meharra bezala uler daitekeela, ez duela zergatik prometeotarra edo apokaliptikoa izan behar, inolaz ere, eta hain mitologikoa izan ordez errealistagoa izan daitekeela.

Errealismo arraroa da, baina egiaz errealitatea arraroa da.

Zientzia fikzioa, modu egokian sortua, fikzio serio oro bezala, oso umoristikoa gerta daitekeen arren, benetan zer gertatzen ari den azaltzen saiatzeko era bat da, jendeak egiazki zer egiten eta sentitzen duen, jendea nola erlazionatzen den beste guztiarekin, unibertsoa den sabel bildu honetan, etorriko diren gauzen utero honetan eta izan zirenen hilobi honetan, amaierarik gabeko kontakizun honetan. Zientzia fikzioan, fikzio orotan bezala, Gizona dagokion lekuan jartzeko leku nahikoa dago, gauzen eskema orokorrean dagokion lekuan; basa-olo asko biltzeko haina denbora dago eta baita ereiteko ere, eta Oom txikiari abesteko, eta Ool-en txistea entzuteko, eta arrabioak ikusteko, eta kontakizuna oraindik ez da bukatu. Oraindik haziak daude biltzeko, eta oraindik lekua geratzen da izarren poltsan.

Ursula K. Le Guin

Jatorrizko izenburua:
The Carrier Bag Theory of Fiction (1986)
Itzulpena: Ekintza Zuzena

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like

1 comment

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude