GARAPENKERIAREN AURKAKO BORROKA

Aldizkari honen 20.garren urtemugaren karietara ospatutako ihardunaldien barruan artikuluxka honen izenburu bera zuen hitzaldian parte hartzeko aukera izan nuen, Mikel Alvarez-ekin batera. Hainbat borrokatan parte hartu ondorengo hausnarketa azaltzen saiatu nintzen hitzaldi hartan. Hona hemen bada bertan mintzatutakoaren puntu nagusiak.

1. Geure borrokaren helburu estrategiko nagusia: garapenkeriaren aurkako kontzientzia kritikoa piztea eta amalurraren aldeko defentsa aktiboa sortzea.

Bistan da lur planetaren «krak» handi baten aurrean gaudela: aldaketa klimatikoa, basoen desagerketa, basamortutze prozesu geldiezina, lur zoluen emankortasunaren galera, ur zikloaren hondamena, biodibertsitatearen pobretzea,… Honek guztiak ondorio politiko sozial izugarriak izanen ditu -eta izaten ari dira-: agortzen ari diren hainbat erregai eta lehengai eskuratzeko gerrate zabalak, gosete handiak, miloika lagunen migrazioak,…
Diagnostiko hau ez da lau ekologista «ero»ena, -lehen esaten zen bezala- boterearen aztertzaile askorena baizik.
Egoera apokaliptiko honek – gaur egun jada toki aunitzetan pairatzen dutena – arrazoia ematen digu garapenkeriaren aurkako geure borrokan aitzina segitzeko.

Gure aldarrikapena ezin dugu apaldu. Duintasunez jokatu beharra dugu. Borroka partzialak galtzen baditugu, bederen helburu nagusia urratu gabe geldi dadila; horrela, batailak galdu ahal ditugu bainan ez gerra, geurea epe luzeko borroka delako. Esaterako, ezin dugu onartu Irurtzun-Andoain autobiaren kasuan gertatu zen borrokaren desitxuraketa ikaragarria. Izan ere, «autobiari ez» lelotik, hainbat sektore -ezker abertzalea batik bat- aldaketa kosmetikoak zituen autobia proiektua onartzera pasa zirenean -txanpanez ospatuz gainera- borrokaren likidazioa eta urte askotako atzerapena suposatu zuen garapenkeriaren aurkako borrokan, garapenkeria bera garaile suertatu zelako sektore guzti hauen adostasun eta poztasunarekin.

Bestaldetik, sistemak darabilkien mezu «berdeak» -garapen iraunkorra, kasu- ozen kritikatu eta indargabetu behar ditugu manipulazio eta itxurakeria hutsa direlako.

2.Gure borrokaren orokortasuna azpimarratu behar dugu.Garapenkeriaren erasoa orokorra den aldetik gure erantzunak ere orokorra behar du.

Batetik, lokalismoak utzi behar ditugu. Ezin dugu borroka mugatu gure «atzeko patio»aren defentsa egitera bakarrik. Esaterako, NaBai-k Bardeetako tiro poligonoaren eraispenaren aldeko argudioen artean estatuko edo estatuz kanpoko beste tokietan ezartzea proposatzea atzerapauso ikaragarria da, tiro poligono batek lekurik edo alternatibarik behar ez duelako. «Ez hemen ez inon» leloa borroka guztietara zabaldu behar dugu.

Bestetik, kontzientzia orokorra piztu behar dugu. Erasotzaile berbera denez, borroka partzialetako militantziari azaldu behar zaio beste borrokekin bat egin behar dugula, elkar ulertuz, elkarrengandik ikasiz eta elkarrekin arituz. Historikoki hori gutxitan eman da. Nafarroan esaterako, 90garren hamarkadaren inguruan talde franko lanean ziharduen proiektu ezberdinen kontra: Itoitz, I-A autobia, Sakanako autobia, Arangurengo zabortegia, Blanca de Navarra plazako aparkalekua,… Borroka hauen guztien artean lotura falta izan zen nagusi, nahiz eta saiakera batzu izan.
Adibidez, lur azpiko aparkaleku bat egitearren bere plaza suntsitzearen aurka dagoen auzokidea jabetu beharko litzateke 4 zuhaitz horiek baino haratago doala erasoa eta azken finean, autoa mugikortasunaren tresna nagusi gisa ezarri duen desarrolismoari egin behar zaiola aurre. Modu berean, Pasaiko superportuaren aurkakoak jakin beharko luke, adibidez, Itoizko urtegiaren aurka ere egon behar duela, garapenkeriaren beraren islada ezberdinak direlako.

AHT aurkako asanbladaren iharduna eredugarri izan da zentzu honetan, AHTa salatzeaz gain gainerako proiektu txikitzaile guztiak salatu dituelako. AHT bezalako proiektu batek ez dio eragiten bakar bakarrik inguruari. Eraso sozio -ekonomiko- kultural itzela den aldetik, beste arlotan lan egiten duten kolektiboekin -langileak, feministak, internazionalistak, langabetuak, gazteak, kultur eragileak,…- harremanetan jarri beharko genuke euren borroka esparrutik AHT-a sala dezaten. Itoizko urtegia- Nafarroako ubidearen kasuan, Nafarroako ingurugiro eta jendartearentzat eraso orokorra den arren, ez da lortu kontrako sare anitzik antolatzea.

Sindikalismoarekin aski zaila suertatzen da askotan harremana, herri – lan handiek lana eskeintzen dutelako eta sindikatuek lanpostuak mantentzearen aldeko aldarriari tinko eusten diotelako, lan horren emaitza gizateria eta naturarentzat onuragarria den ala ez batere aztertu gabe. Interesgarria litzateke sindikalismoarekin ahalegin berezia egitea, are gehiago orain bizi dugun krisiaren testuinguruan.

3. Geure borrokan ez dugu alternatiba tekniko puntualik proposatu behar. Alternatiba bakarra gizarte ereduaren erabateko aldaketa da.

Gu ez gara jendarte honen kudeatzaileak eta guri ez dagokigu alternatibarik eman beharra. Garapenkeriari adabakiak jartzea ez da gure helburua izan behar.

Autobiaren aurkako koordinakundea izan zen alternatibak plazaratzen aitzindaria. Proposatutako alternatiba autobia zenez – Lurraldea alternatiba -, koordinakundearen izena aldatu ta Lurraldea bataiatu zuten, sekulako iruzurra sortuz. Bide horri atxikiz orain borroka sektorial askotan diharduten talde aunitzek euren alternatibak sortzen dituzte normaltasun osoz, eta ez dut uste hori komenigarria denik.

Gainera, proiektu bat plazaratzerakoan, aunitzetan botere bera da alternatiba ezberdinak aurkezten dituena, debatea faltsutzeko eta oposizioa elkarren aurka jartzeko. Kastejon eta Gasteizen artean eraiki nahi duten goi tentsiodun trazaketan, esaterako, herri ezberdinetatik doazen alternatibak plazaratzen ari dira, nahiz eta, seguraski, botereak honez gero trazaketa definitiboa erabakita izan.

Eguneroko bizitzan planteatu behar ditugu geure alternatibak: etxe eta gune ezberdinetako okupazioa bultzatuz, kontsumitzaileen kooperatiba ekologikoak sustatuz -Iruñeko Tomate Gorria bezalakoak-, trukea indartuz eta sare sozialak egituratuz… azken finean autogestioranzko urrats berriak emanaz.
Balioen esparruan ere landu beharko genituzke geure alternatibak:
– Handitasunaren aurrean txikitasuna edo giza-eskala.
– Urruntasunaren aurrean hurbiltasuna.
– Kontsumokeriaren aurrean austeritatea.
– Estresa eta presaren aurrean patxada eta lasaitasuna.
– Kuantitatiboaren aurrean kualitatiboa, esaterako, bizi mailaren aurrean bizi kalitatea lehenetsiz.
– Indibidualtasunaren aurrean elkartasuna.
– Zentralizazioaren aurrean deszentralizazioa.
– Jerarkiaren aurrean batzarraren horizontaltasuna.

4. Alternatibarik eman behar ez denez, borroka eta konfrontazioa izanen dira gure tresnak eta inolaz ere negoziazioa.

I-A Autobiaren kasuan, alternatiba plazaratu ondoren, elkarrizketa eta negoziaziora jo zen eta hori izan zen gure galbidea.
Eibar – Gasteiz autobiaren kasuan, botereak eztabaidagune iruzurtiak ziren NIPak – Nucleos de Intervención Participativa – antolatu zituen, oposizioa domestikatzeko. Egun Nafarroan “ Acuerdo Marco del Agua” eratzeko nafar gobernua talde ezberdinekin harremanetan jarri da, europako legediak behartuta, bainan inongo asmorik gabe gauzak aldatzeko, itxura emateko baizik.

Mekanismo partehartzaile hauek guztiak iruzurra dira eta ez genuke horietan parte hartu beharko, kosmetika berdea emanez boterearen egitasmoak zilegiztatzeko baizik balio ez dutelako. Imposizioa salatu behar dugu bainan inolaz ez elkarrizketa edo-ta negoziazioa eskatuz.

5. Gure antolaketaren tresnak: autoorganizazioa eta batzarra.
Autoeratutako taldeetan batzarra izan behar da erabakitzeko tresna. Hala ere desbideraketa arriskutsuak izan daitezke eta denok ezagutzen ditugu kasuak.

I-A autobiaren aurkako Koordinakundearen bukaeran, hainbat informazio monopolizatzen zuen talde batek ekimenak zuzentzen zituen euren helburuen mesedetan. Lurraldea alternatiba, adibidez, horrela mamitu zen.

Itoizko urtegiaren aurkako Koordinakundean antzeko zerbait gertatu da, bainan horri neurri handi batean gehitu zaio talde askotan suertatzen den beste gaitz bat: delegazionismoa. Horrela, erosotasunez edo nagikeriaz pertsona batzurengan behar baino ardura gehiago uzten dugu eta konturatu gabe botere metaketa gertatzen da. Hau guztia dela eta, interesgarria da noiz behinka taldearen dinamikaren azterketa egitea eta arduren txandaketak ziurtatzea.

6. Beto eskubidea garatzen lagundu behar dugu.

Komunitate batek ez badu nahi, azpiegitura hori ez pairatzearen eskubidea izan beharko luke. Hori galaraztearren botereak «proyecto de interes general» edo «proyecto de incidencia supramunicipal» bezalako figura legalak eratu ditu. Blindaketa inposatzaile hori salatzen ahalegindu beharko genuke.

Interesgarria izan daiteke AHT-aurkako borrokan kaltetutako herri askotan egindako erreferendumak, proiektuaren zilegitasun eza agerian gelditzen delako. Baita demokrazia hitza bolo bolo darabilten politikarien itxurakeria, are gehiago, Ibarretxeren kontsultaren alde egon eta udaleei erabakitze eskubidea ukatzen dietenena.

7. Desobedientzia zabala eta anitza lortu behar dugu ekinbide ezberdinak uztartu eta elkar errespetatuz.

Geure borrokan tresna guztiak izan daitezke baliogarriak: mobilizazioa, ekintza zuzena, sabotaia, desobedientzia zibila,…
Hainbat borrokatan, ekinbideen aniztasuna eta aberastasuna ez da behar beste errespetatu. Adibidez, Itoizko urtegiaren aurkakoan, Itoizko Koordinakundeak askotan kritikatu du Solidarioen zein Auzokideen Batzarraren ihardunbidea eta guztiz monopoliozalea izan da bere ekinbidean.

8. Auzitegietako borroka egin daiteke, bainan ez da nahikoa eta ez luke mugatzailea izan beharko.

Itoizko kasuan, borroka molde hori ongi jorratu da eta horren bitartez boterearen ustelkeria eta zilegitasun eza agerian gelditu dira, bainan ez da aski izan munstroa geldiarazteko. Aldiz, tresna mugatzailea izan da askotan, Koordinakundearentzat Solidarioen ekintzek arriskuan jartzen omen zutelako euren ihardun juridikoa. Gainera epaitegietako ekinbidean fede itsua izanez gero – Itoizko Koordinakundearen kasu – borrokara desmobilizazio ikaragarria dakar epaileek geldituko duten itxaropen faltsua sortzen duelako.

9. Errepresioa eta kriminalizazioaren aurka taktika berriak asmatu behar dira.

Begibistakoa da sistemari min egiten diola gure ekinmoldeak. Berauxe desaktibatzeko 2 arma erabili ditu:
– Errepresioa gogortu: Duela 10-15 urte burutzen genituen ekintza asko eta asko artxibatu egiten ziren, batere zigorrik gabe. Egun, kartzelara bidaltzen ahal gaituzte ekintza berberengatik. Esaterako, Euskal Jai gaztetxea bota ondoren, «Iruñera piztera goaz» kanpainaren barruan garabi batera igo eta pankarta bat ezartzeagatik fiskalak 4 urteko kartzela zigorra eskatzen du 2 gazterentzat. Errepresio handitze aldera kode penala gogortu eta beste tresna juridikoak -«días multa» delakoak insolbentzia deuseztatzeko- martxan jarri dituzte.

Itoizko Solidarioen taldea hein handi batean indargabetu zuten neurriz gaineko errepresioaren bidez, 11 lagun jokuz kanpo utzita.
– Oposizioa kriminalizatu: Horretarako aski dute esatea helburuetan oposizioa borroka armatuarekin bat datorrela, guztiak zaku berean sartzeko. «Dena ETA da» teoria oso baliagarri izan zaio botereari bere estrategia errepresiboan, oposizio guztia legez kanpo uzteko. Itoizko urtegiko kable mozketaren kasuan solidarioen kolektiboaren kontrako kriminalizazio saiakerak porrot egin zuen begibistakoa zelako ekintzaren gardentasuna.
AHTren aurkako borrokan estatua apostu handi bat egiten ari da oposizioa kriminalizatzeko. Erne egon beharko dugu saiakera hori deuseztatzeko.

10. Metodologia komunikatiboa berritu behar dugu.

Batetik, askotan gure idazkiak aski astunak izaten dira eta ohituta ez dagoen jendeari nekezak suertatzen zaizkie. Ongi da autoformaziorako testu sakonak egitea bainan kaleari begira mezuak sinplifikatzearen aldekoa naiz.

Bestetik, interneten garaian gaude eta askotan hurbiltasuna ez dugu batere lantzen gure mezuak zabaltzeko orduan. Esan nahi dut, garai batean asko lantzen ziren kaleko antzerki ekintzak – azokan, tabernetan, autobusetan,…- berreskuratu beharko genituzkeela.
Bukatzeko, hainbat borrokatan erabili izan diren bitarteko komunikatibo ezberdinak aztertu beharko genituzke geure ihardunbidean txertatzeko. Besteak beste eta adibide moduan, Virus argitaletxeak kaleratutako «Guerrilla de la Comunicación» liburuan agertzen diren hainbat teknika interesgarriak iruditzen zaizkit.

Julio Villanueva

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like