Donostiako Metroaren eraikuntza gure hiriak nozitzen dituen arazo nagusienetako bat izaten ari da. Obrako gertakari larriek eta gainkostuek herritarren artean eragin duten kezka eta haserreaz gain, Mirakontxa-Easo tartearen Eraikuntza-Proiektu berrian azpigitura-lan handi hori egiteak dituen arriskuei buruz iragarpen benetan izugarriak egiten direla gaineratu behar da orain. Gure ustez, Donostiako Metroarekin egin den errakuntza handia erakusten du egoera honek modu ukaezinean. Hori dela eta, iritzi publikoari mobilizatzeko dei egiten diogu, Eusko Jaurlaritzak proiektua berehala geldi dezala eta Kontxatik Easo Plazaraino hiriaren azpitik aurrikusitako obraren esleipena eta lanei berrekiteko asmoa bertan behera utz ditzala eskatzeko.
Ez dugu onartzen Metroaren obra halabeharrez eta guztiaren gainetik amaitzera behartuta dagoenik. Are gutxiago, Eusko Jaurlaritzak esleitu duen Proiektuan ohartarazten denean «baldintza geotekniko oso txarrak dituen zati batekin aurkitzen garela» eta «tunela egiteak ehunka metrotako distantzian lurrazaleran desegonkortzeak eragin ditzakeela, baita trazadutik oso urrun dauden eraikinen osotasunari ere kalte egin ahal zaiolarik». Halaber, Itsasertzetako Zerbitzuak Kontxako hondartzan Metroaren eraikuntza lanekin eragin den ingurumen-erasoa egiaztatu du, eta «tunelaren obrak, zeinak hondartzaren errealitate fisikoan eragin kaltegarria izan duten, geldiaraz daitezela eskatu du, «harik eta itsas-lur eremu publikoa zeharkatzen duen trazaduaren azterketa oso bat egiten den arte». Onartezina da, edonondik, Jaurlaritzak eta Udal-Gobernuak halako arriskuak eta eragin kaltegarriak jendaurrean isilpean gordetzea.
Gauzak horrela, gaur egun inoiz baino arrazoi sendoagoak daudela adierazten dugu zentzugabeko azpiegitura-lan hori geldiarazteko. Horrenbestez, Donostiako Metroaren Mirakontxa-Easo zatia egiteak dakartzan ingurumen-erasoa, gainkostu altuak eta eraikuntza-arrisku oso larriak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak obraren esleipena eta lanei berrekiteko asmoa bertan behera utz ditzala eskatzen dugu irmoki.
Donostiako Metroaren egitasmoa era zabal batean jarri da auzitan, egindako hutsegite larriengatik eta ezinbesteko azterketa teknikoen gabeziarengatik ezezik, makro-proiektu hori herritarren parte handi baten iritziz zeharo behargabekoa eta xahuketa ekonomiko itzela delako baizik. Jaurlaritzak era inposatzailean eta herritarren inongo parte hartzerik gabe ezarri du proiektua. Metroaren pasantea hiriko garraio publikoarentzat apustu okerra da bestalde, Dbus-en zerbitzuetan murrizketa garrantzitsuak planteatzen bait ditu egitasmoak, autoen trafikoa apenas gutxitu gabe. Horren aurrean, egungo Topoaren eta hiriko autobus linea nagusien artean koordinazioa eta osagarritasuna bultzatzea da proposatu diren alternatiben gakoa, era honetan garraio publikoaren irisgarritasuna auzo eta lantoki guztietara hobetze aldera. Baina, bistan dena, obraren negozio handiarekiko interesak eta hirigintza-arloko ondorio urbanistiko nabarmenak daude jokoan. Batetik, Metroaren pasanteak Easo Plazako EuskoTrenen geltoki nagusia ezabatzen baitu etxegintza-operazio handi bat sustatze aldera. Bestetik, trenbide trazadu zentralizatzaile bat ezartzen du Erdialde-Kontxako zonalde turistiko eta komertzialaren inguruan, San Bartolome Muinoan egin nahi dituzten merkatalgune handien gisako negozio inmobiliarioak laguntze aldera, noski. Aldiz, ezikusiarena egiten dute obrak hirigunean eragindako ingurumen-eraso etengabearen eta bizilagunek jasandako kalteen aurrean, edota obrako langileek salatzen dituzten legezkanpoko lanaldien eta segurtasun arloko lan-baldintzen urraketa larrien eta ezbehar-kopuru altuaren aurrean. Lanak hasi zirenetik hiru urte igaro direnean, gastu handienak oraindik egin gabe daude eta Eusko Jaurlaritzak aurtengo aurrekontuetan 142 milioi gehiago agindu ditu 2025 urtera bitartean «obra faraoniko» horren eraikuntzarako .
Donostian metroaren obrak gelditzearen aldeko manifestu honekin bat egin dute hainbat erakunde sindikalek, gizarte, arkitektura, ekonomia eta lurraldearen plangintza arloan aritzen diren profesionalek, idazlek, mugimendu ekologistako taldeek eta beste azpiegitura handien aurkako borrokan ari diren mugimenduek, Donostiako hainbat auzo elkarte eta kultur taldek, ezkerreko indar politikoek, baita adierazpen honekiko atxikimendua helarazi digute hamarnaka bizilagunek ere.
Lan zentzugabe hau gelditzeko unea da!
Donostian, 2021eko apirilaren 20an.
[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]