ZAINTZATIK ABIATUZ, GERTUKO ETA URRUTIKOAK SENTITUZ

Ohikotik kanpoko gure mundu hau guk eraikitzen dugu eta amesten dugun mundu horren saiakera txikia omen da. Bakoitzak bere ametsak izango ditu, beti ere anitza eta horizontala irudikatzen dugu… Gurekin batera ordea, ikasitakoak eta bizitakoak datoz eta ez da erraza izaten barruko horiek alboratzea eta berri hori zaharraz ez kutsatzea. Esango nuke gure talde eta militantzietan antzera gertatzen zaigula, saiatuta ere, mundu zaharreko ezaugarriak errepikatzen ditugula, aniztasuna homogeneo bihurtzen zaigu, eta horizontaltasuna… auskalo!

Talde diferente askotako partaide izan naiz, hasierako batzuk ezker abertzalearen barruan, gerora talde autonomoagoak, asanbladak… eta sektore diferenteak ere «bisitatu» ditut: ikasle mugimendua, feminismoa, antidesarrollismoa, ekologismoa, nekazal mundua… Botako ditudanak nire esperientzietan oinarritutako ideiak eta hausnarketak dira, batzuk beste borroka kideekin hitz egin ditut, batzuetan ados egon gara eta besteetan ez, beraz, agian ezin dira orokortu baina bizi eta parte hartu izan ditudan prosezuen parte izan dira.

Hasteko, ados nago EZren hipotesiarekin, inguruko panorama benetan aldatzen ari zaigu; baina militantzia eredu batzuk desagertzen diren bitartean, berriak ere agertuz doaz. Elkartzeko eta esperimentatzeko bide berriak daude, eta horregatik etorkizuna ez dut horren ilun ikusten. Hori bai, guri ere aldatzea tokatuko zaigu… eta agian ez dute asmatuko, eta agian ez zaigu gustatuko; baina zintzoak izanik, argi dago guk ere ez dugula asmatu, ez dugu behintzat aurrerapauso askorik eman gure helburuetan.

Aztertu dezagun zeintzuk diren gure taldeetan antzeman ditudan ezaugarriak, eta gehienbat, nire iritziz aldaketa bat edo berrikusketa bat behar dutenak.
Multidimentsionalitate falta: gure talde edo asanbladetan «egiteak» du pisu handiena, ekintzak dauka balioa. Horrek esan nahi du hausnarketa eta sentimenduari ez zaiola lekurik uzten.

Aspaldiko leloak esaten zigun «sentitu, pentsatu, egin». Guk alderantziz egiten dugu… lehenengo egin, gero pentsatu edo alde razionala eta azkenik eta baldin badago, gure gorputza eta sentimenduek esaten digutena entzun.

Harremanak: «Egiteak» praktikotasunean oinarritutako harremanak uzten dizkigu, ondorio bezala hartzen ditugu eta ez diegu daukaten balioa eta balorea ematen.
Horrela «hona ez gara etorri lagunak egitera» bezalako ideiak entzuten ditugu. Baina ordu asko eta egoera asko pasatu behar ditugu elkarrekin, konfiantza izan behar dugu, eta harremantzea ez da aukera baizik eta gertaera; beraz, hobe genuke bere osasunean apur batean pentsatuko bagenu.

Taldeak denbora luzez mantentzen direnean edota prozesu intentsoak gertatzen direnean (errepresio egoera, erresistentzia guneak, elkarbitzitza…) harremanak sakondu egiten dira gainera. Batzuetan onerako eta besteetan txarrerako izaten da; arazoa da ez dugula aurreikusten harreman intentsoak izango ditugunik (bai poliziaren etorrera, prentsarekin hitz egin beharra… baina ez gure artean nola zaindu), eta beraz ez gara horretarako prestatzen.

Gainera eta konziente izan gabe, jendartean ematen diren botere harremanak errepikatzen ditugu. Adibide batzuk:
– Patriarkatua. Rolen banaketan ikusten dugu, arduren banaketan, bileren egituran eta ordutegietan, lan ikustezinen desbalorizazioan… eta batzuetan eraso zuzenetan.
– Arrazakeria. Kolore bakarreko taldeak ditugu, bilerak egiteko lekuak eta ordutegiak, hitz egiteko erak, egiten ditugun ekintza kulturalak…
– Klasea. Non egiten dira bilerak, kontuan hartzen da dirurik ez dutenen egoera, zer nolako materialak ateratzen ditugu, beste banaketa ekonomiko bat planteatzen da gure artean… Eta baita adultismoa, ezagutza akademikoaren mailaketa, heteronormatibitatea, kolonialismoa…

3. Talde lana: Harremanei ez diegunez arreta jartzen, uste dugu inolako lanik gabe etorriko direla eta osasuntsuak izango direla, baina agian bizitzan egiten den izkutuko lan horietako bat alboratzen ari gara berriz ere. Adibide gisa, talde koesioaren garrantzian ados gauden arren, izendatzearekin batera etorriko dela uste dugu, ez dugu koesiorako tresnarik erabiltzen. Taldekide berriak ditugunean are argiago ikusten da hau.

Jendartearen baloreak barneratuta ditugu, baina baita inertziak ere. «Egitea» denez gure egiteko nagusia, «eraginkorrak» izan behar dugu eta honek rolen errepikapenera, espezializaziora, transmisio eta ikasketa gutxi gauzatzera… eramaten gaitu.

Aktibismoa «sakrifizioa» denez, ez dugu pentsatzen ondo pasatzeak duen abantailetan, edota pertsona moduan garatzeak ekarriko dizkigun onurak… Hala nola, bilerak errutinaz egiten dira, denbora asko pasatzen dugu detaile txikiekin bueltaka, eztabaida garrantzitsuetarako tarte gutxi hartzen dugu, ez dugu jolasten, ezin da barrerik egin…

4. Konpromezua: «Dena edo ezer ez», 24 ordutako militantzia hori dugu gustuko, eta baloratu eta goraipatzen dugu. Baina agian momentu honetan askok bizi dugun errealitatearekin ez da bateragarria. Denboraren kudeaketa diferentea beharko genuke agian, elkarrekin gaudenean ondo aprobetxatu eta gure bizitzetako beste alorretan pasatzen dugun denbora ere disfrutatu.

Edo beste aukera bat, ulertu beste alorretan ere gure mundua aldatuz goazela… edo saiakera horretan mantentzen garela. Feminismoak aspaldi erakutsi zigun «pertsonala politikoa dela», baina egunerokotasunean ahaztu egiten dugu eta balio gehiago dauka hamar bileratan dabilenak bere amarekin parkera paseatzera doanak baino.

Denboraren kudeaketa amaigabe honek gainera desabantailak eta jerarkizazioak sortzen ditu. Bileretan hartu ez diren erabakiak beste momentu batzuetan hartzen dira «zeudenen artean», askotan garrantzitsuak izaten dira baina eztabaidatu edo adostu gabe hartzen dira.

5. Gatazkak: Egunerokotasunean harremanetan kale egiten badugu, argiagoa izaten da hau gatazka egoera batean. Talde gutxik egiten diote aurre gatazka egoera bateri, orokorrean ezkutatzen edo beste alde batera begiratzen dugu, aurrez ikusi eta konpontzeko pausoak eman gabe. Ausardi falta izaten dugu gertatzen zaizkigunak hitz egin eta elkarbanatzeko.

Krisi egoeratan gainera, bakoitzaren barrenak agertzen dira, eta honek sorpresak ekartzen dizkigu. Batzuetan konturatzen gara gure taldekideekin, oinarrian, ez gatozela bat, eta gure oinarriak mugitzen dizkigu. Beste batzuetan, urruti sentitzen genituenetatik gertu sentitzen gara.

Gure plangintzetan sakoneko oinarri hauek aztertzeko tarteak hartuz gero, errazagoa izango litzaiguke. Adibidez: zer egingo genuke eraso bat gertatuko bazen talde barruan?, nola jokatuko genuke taldekide bat poliziarengana joan dela jakingo bagenu?, zer gertatuko litzateke talde erdiak alde egingo balu?…

5. Beste taldeekin ditugun harremanetan: Eta gure artekoak konpontzen ez baditugu… nola komunikatu besteekin? Are gehiago besteen taldeetan eta iritzietan beti akatsak ikusten baditugu, gu bereziak eta bakarrak sentitzen bagara… Baina hobe genuke gure praktikak berrikusteko eta auto kritika egiteko gai izango bagina.

6. Helburuak. Guzti honi lotzen zaion beste elementu bat ideien borroka da. Sistema oso arin doa eta kontrako jarrera bat hartzera behartzen gaitu, suntsiketaren logikan sartzen gara. Beharrezko borrokak dira, eta ukaezinak, baina psikologikoki oso gogorrak. Beti kontra aritzea nekagarria da oso eta pisu handia dauka gure motibazioan eta gaitasun sortzailean.

Gauzak negatiboan aipatzen direnean aldatzea buelta ematea dela esan genezake, ezta? Ez da erraza ordea, buruan urteetan eraiki dugun hau, nolabait funtzionatu diguna, edo eroso sentitzen garen esparru honi bira ematea. Konfort tarte horretan aritzen gara eta badakigu zer den, nola jokatu; hortik ateratzen gaituztenean edo ateratzea erabakitzen dugunean berdurrez gaude berriz ere. Proposamen berrietarako beraz, ausardia behar dugu, eta hori izan beharko litzateke gure lehenengo pausoa.
Hala ere ez gaude bakarrik, lehen esan bezala, aldaketa bat ematen ari da, behintzat teorian, gauzak beste era batera egiteko saiakerak badira inguruan, eta aprobetxatu ahal ditugu, bidai lagunak topatu. Talde berriak, elkartzeko gune berriak, aktibismoa ulertzeko era berriak…

Edo agian saiakera hauek betidanik egon dira baina gure bizitzetara aktibismo forma klasikoak aspertu edo gogaitu gaituztenean heldu dira. Berriak izan edo ez, handik hainbat irakaspen jaso ahal ditugu, edo behintzat bide berriei ekiteko hainbat proposamen.

Esperientzia horietan agian nagusi eta zentruan dagoena zaintza kontzeptua da. Mugimendu hauetan zaintza erdiko zutabea da. Bakoitzak bere burua zaintzeko duen eskubidea eta betebeharra; elkarren arteko zaintza; proiektua edo helburuen zaintza, jendartearen zaintza… eta era berean hainbat ezaugarri garrantzitsuetan zehazten da, hauek dira nire iritziz mugimendu osasuntsu eta iraunkor baterako behar ditugunak:

1. Multidimentsionalitatea. Borroka bizi badugu, orduan gorputz, buru zein arimaz bizi beharko dugu. Entzun eta sentitu beharko dugu alderdi guztiek bidaltzen dizkiguten mezuak. Eta era berean, denak zaindu beharko ditugu; gorputza orain arte erabili izan dugu, gorputza erraminta izan da, baina agian helburu ere bihurtu beharko zaigu. Ideiak eta baloreak gorpuztu ezean, ez dira barneratzen, ez dago aldaketarik. Egiteaz gain, sentitu eta pentsatu beharko dugu; eginkizunetan barneratzeaz gain, zaindu ere egin beharko dugu.

2. Lan guztien balorazioa. Betiko kontua baina oraindik ere lortu ez duguna. Ekintza bat baldin badago protagonistak daude, eta are gehiago atxilotuak izan badira. Baina ez dugu pentsatzen batzuk euren familiekin hitz egitera joan beharko direla, beste batzuk sukaldatu dutela, beste batzuk prentsa lanak egin dituztela, materialak prestatu, garraioa, erosketak, garbiketa, pentsatu, sentitu, egin… eta zein da garrantzitsuena?

Eta beti betikoak protagonista, eginkizunetan, lehenego lerroan. Dena berdin baloratuko bagenu agian rolen trukaketa eta espezializaziorik ez ematea erosoago gertatuko litzaiguke.

3. Borroken arteko jerarkizaziorik ez ematea. Talde batean parte hartzen badut, helburu amankomunak ditugulako da, zalantza gabe. Eta helburu horiek oso garrantzitsuak dira niretzat edo ez nintzateke han egongo. Baina horrek ez du esan nahi besteen borrokei meritua edo garrantzia kendu behar diedanik. Are gehiago, behingoz ulertu beharko genuke ez dagoela garaipen partzialik.
Integraltasuna behar da borrokan, sistema ere integrala delako. Historiak adibide ugari ditu. Sistema ez da eroriko arlo ekonomikoak kale egiten badu, beste hankak ere bota beharko ditugu; era berean, emakume eta gizonen arteko berdintasunak ez du esanahi askorik arrazen arteko bazterketak jarraitzen badu. Edota gure herriaren askapenak beste herriak lotuta jarraitzen duten artean.

4. Zabaltzen ditugun baloreetan indarra ipintzea. Horregatik, borroka ez dago bakarrik ekintzetan edo kontrako jarreratan. Baloreak zabaldu eta nagusitu behar dira; horiek bideratuko dute pentsamendu eta ekintzetan aldaketa. Gorpuztutako hori, bizitza zeharkatzen digun horrek aldatuko ditu gauzak.

Gure eztabaidetan eta egunerokotasunean, teoriatan zein praktikatan, argi egon beharko liratezke gure baloreak. Baloreak dira oinarria, bertatik eraikitzen dira ideiak. Oso kristaua ematen du asuntoak baina pentsatu dezagun zergatik gauden elkarrekin, zer da amesten duguna, zer da gustoko ez duguna, nola nahi ditugu hurrengo belaunaldiak… eta hortxe agertuko dira gure baloreak.

Baloretan indarra jartzeak gainera, helburuetarako bidean ez galtzen lagunduko digu. Nola jakin egiten ari garena, bururatu zaiguna, gure jokaerak, gure ekintzak, gure ekitaldiak gure helburuetara hurbildu edo urrundu egiten gaituen? Galdera ez da batere sinplea, baina irizpidetako bat, gure baloretatik abiatuta eta balore hauek jarraituz egin-pentsatu-sentitu dela izan beharko litzateke.

5. Adibidearen pedagogia. Egite hutsak ez eta esate soilak ere ez du balio. Gure diskurtsoak oso potenteak dira batzuetan, hitz potoloak eta esaldi borobilak. Baina egunerokotasunean dugu borroka, eta egunerokotasun horretan nola gauzatzen ditugun ideiak, horretan egon behako litzateke eraiki nahi dugun diferentzia.
Zer egiten dugun baino gehiago, gauzak nola egiten ditugun horreri eman behako genioke garrantzia. Gure arteko harremanak, iritziak hartzeko bideak, kalera ateratzeko era, besteekin sortzen dugun elkartrukea… guzti horrek mezu bat dauka, gure adibidearekin ere erakusten dugulako. Edo hobe esanda, gure adibideak aurkezten gaituelako.

6. Taldeak askatasunez sortu eta desagertu. Taldeak helburu batzuk biltzen dituztelako sortzen dira, baina batzuetan, taldea helburu bihurtzen zaigu eta erraminta izatetik oztopo izatera pasatzen da orduan. Ez gara gai taldeak-proiektuak desegiteko edota berriak sortzeko, talde edo prosezu baten desagerpenean porrota ikusten dugu beti.

Prosezuak desmitifikatu eta desdramatizatu beharko genituzke. Prosezu garbiak eman badira eta erabakiak behar bezala hartu badira, taldeen desagerpenak, banaketak, talde berrien sorrerak, taldeak txikiago egitea, atseden pertsonal zein kolektiboak… positibo, beharrezko eta eraikitzaile bezala ulertu ditzakegu.

Batzuetan gatazka gabe, beste batzuetan gatazka baten ondorioz talde berri bat, talde baten desagerpena edota beste mila gertakizun eman daiteke. Bideak markatuko du diferentzia: gatazkari aurre eginez eta erabakiak hartuz desagertu bagara, positiboa eta aurrera jarraitzeko bide bezala ulertu dezakegu; gatazkari uko eginez eta erabaki konziente edota komunikazio gabe deuseztu bada, irakurketa negatiboago bat izango dugu.

Jakin behar dugu noiz hasi eta baita noiz amaitu ere, noiz elkartu eta baita noiz banatu ere. Banatzeak ez du esan nahi galtzea.

7. Dinamika berriak, taldekideen nahiak-gogoak-beharra-aukerak kontutan hartuta. Taldeen oinarria pertsona da, batzuetan taldean desagertzen garen arren. Zein da inportanteagoa, zein nagusitzen da… agian eztabaidagai izan beharko genukeen afera da. Kontua da pertsona desagertzen edo sakrifikatzen dugunean, taldeak ere galtzen duela. Beraz, gure taldean pertsona bakoitzaren gogo, asmo, konpromezu eta gaitasunak izan beharko ditugu kontutan plangintzak eta helburu zehatzak markatzerako orduan.

Badugu lana, eta horrek esan nahi du badugula ere etorkizuna. Animo bada eta has gaitezen etorkizun hori amesten, sentitzen, pentsatzen, gorpuzten, probatzen, komunikatzen, transmititzen, jasotzen, sortzen, idazten, harremantzen, trukatzen, irudikatzen, jolasten, abesten, margotzen, osatzen…

Esti Redondo
Gizarte mugimenduetan partehartzailea

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like