GEURE BURUAK ZAINDUZ

Lan garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zaigu Militantzia politikoak emozioetan eta aldarte edo animoan nola eragiten digun aztertzea. Borroka prozesuetan gertatzen diren egoerez ari gara eta, bereziki, horien ondorioz jasaten ditugun kalteez.

Militantzia politikoak bizitzako garai bat hartzen digu, luzea nahiz laburra. Ikasketa-prozesu itzela da bai pertsonalki, baita kolektiboki ere, “lorpen-pozez” gain, “desengainu-desilusioak” ekartzen dizkiguna.

Bizi ditugun ingurune militanteetatik datorkigu kontu horiekiko interesa, arazo batzuk ziklikoki eta jarraituki errepikatzen direla ikustetik. Asanblada kutsua duten mugimenduetan parte hartzen dugu eta horietan oinarritu ditugu geure behaketak. Dena den, ziur gara bestelako inguru politikoetan ere, gutxi-asko, arazo berdintsuak azaltzen direla. Autokritikatik abiatuta, zenbait alderdi negatibo nabarmendu eta nahastuko ditugu, helburu positiboekin betiere.

Jardun politikoaren ondorioz, etengabe egin dezakegu topo egoera emozional “zailak” bizi dituzten kideekin. Hain sarri ikusten ditugu, ezen azkenerako, militantziarekin nahitaez lotutako eragin “normaltzat” hartzen baititugu, sakonago jo gabe. Hori ikusita, kontu horiek aztertzeko denbora hartu behar genuela erabaki genuen, halako punturaino nola iritsi garen jakiteko asmoz. Dena da berrelikadura, gure gogoa barne eta gure arazo emozionalek eragina dute gure borroketan: prozesu batzuk geldiarazi egiten dituzte. Maila pertsonalean nahiz emozionalean, zentzu kolektibo zein politikoan, garrantzitsua da osasuntsu izatea.

Eta berariazko prestakuntza-tailer baten bidez heldu genion gaiari. Kontu horiei buruz taldean hitz egiten hastea da dinamiken xedea. Aldi berean, komunikazioa eta eztabaida piztu nahi dira, gai hauei buruz aurrez aurre hitz egitean izan ohi ditugun lotsak eta hor-konponeko jokaerak alde batera utzita.

Tailerraren laburpena

Beherago sakonki azalduko dugunez, hasiera-hasieratik ikusi genuen sortzen zaizkigun arazo batzuek asanbladetako dinamiketan bertan dutela erroa, hau da, gure egunerokotasunean akatsak egin eta errepikatzen ditugula, bizio batzuk ditugula… Horrek harreman gatazkatsuak eta ezinegonak sortzen dizkigula ondorioztatu genuen eta horregatik, zenbait dinamika apurtzen saiatzen gara tailerrean bertan, guztiok ondo sentitzeko eta bakoitza bere roletik ateratzeko. Tailerraren oinarrizko eskema besterik ez dugu azalduko hemen eta, beraz, norbaitek informazio gehiago nahi izatekotan, gurekin harremanetan jartzea dauka: gureburuakzainduzz@hotmail.com

1. Konfiantza-jolas batekin hasiko gara, taldekideak elkar ezagutu arren, batzuetan ez dugulako sentimenduez hitz egiten, ez dugulako elkar gehiegi ukitzen eta, halako jolas sinple baten bidez, egoera lasai eta atsegina sortzen eta “barrenak askatzeko” parada ematen delako. Jolas hauekin, bakoitzaren iritziaren garrantziaz ere konturatuko gara.

2. Talde txikietan egingo dugu lan, guztion iritziak jasotzen direla bermatzeko. Inguruan entzun daitezkeen elkarrizketa txikietatik ateratako zenbait egoera aurkeztuko zaizkie taldeei. Egoerak puztu egingo ditugu batzuetan, tentsio apur bat sortzea eta egoeraren aurrean jarrera-erantzunak sorraraztea delako asmoa. Egoera horiek esku artean izanda, galdera batzuk banatuko ditugu eztabaidan laguntzeko: Bizi izan al duzue horrelako egoerarik? Noizbait horrela sentitu al zarete? Saiatu agertutako pertsonaien larrutan jartzen. Arazorik sumatzen al duzue? Nola konpon genezake? Gure esku ditugun tresnak zerrendatu (prebentzio zein soluziobide)
Prestatuta dauzkagun egoerek hainbat puntu jorratzen dituzte: parte hartzea, adina, drogak, arazo psikologiko medikatuak, bizitzako beste esparru batzuk, beldurra…

3. Tailerraren zatirik handiena talde txikietan emango dugu eta talde berriak sortuko ditugu gero, ideiak partekatu eta guztiok hitz egin ahal izateko. Talde bakoitzean, aurreko taldeetako bakoitzeko pertsona bana egongo da. Horrela, pertsona bakoitzak bere taldean eztabaidatu dena laburtuko du. Jende guztiak hitz egiteko, sintesi ahalmena lantzeko eta publikoan gauzak azaltzeko gaitasuna indartzeko aukera ona da.
Oso garrantzitsua da talde bakoitzak prestatutako tresnen zerrenda jasotzea, horrekin aterako baititugu, hain zuzen ere, azken ondorioak. Gainera, gero idatziz jarri eta taldeari igorriko dizkiogu, nahi izanez gero, jarraipena egin dezaten.

4. Garrantzitsua da tailerra bera eta sentitutakoa elkarrekin aztertzea; tailerra horrela amaituta, borobildu egiten dugu. Horrekin batera, autoestimu-jolasa proposatuko dugu, gure buruak zaintzen hasteko eta pozik ateratzeko.

Asanbladen alde mingotsa

Gai ugari jorratu nahi izan ditugu, asko direlako gure militantzian eragina duten faktoreak. Lehenik eta behin, gure artean eztabaidatu genuen eta, gero, beste pertsona batzuekin partekatu genituen ondorioak. Adibidez, adierazgarria iruditu zitzaigun gure herri eta auzoetan gauzatxoak egiten hasi ginenean sentitzen genuen energia eta ilusio hura gogoratzea, eta pentsatzea zergatik galdu ditugun batzuk sentsazio horiek urteekin, zergatik nahastu zaizkigun beste batzuekin, zergatik hasi garen atsekabea sentitzen edo zergatik utzi duten borroka inguruko batzuek… Hala eta guztiz ere, ez dugu ahazten momentu atseginak ere bizi izan ditugula, pila ikasi dugula, izugarri maite dugun jendea ezagutu dugula… Gazi-gozoa baita borroka, bizitza bezalaxe.

Alde mingots horri begira, badakigu egunerokotasunean bide batera edo bestera bultzatu gaituzten egoerak izan ditugula. Esaterako, askotan hitz egin eta idatzi izan dugu asanbladetako barne-botere eta hierarkien inguruan eta hori gure ezinegonaren arrazoietako bat dela uste dugunez, sakondu nahi izan genuen. Pertsona batzuk ez dira gustura egoten gutxietsita sentitzen direlako edo isilarazten zaielako; bestalde hainbat pertsona erre egiten dira ardura (konpromiso) gehiegi hartzen dituztelako edo erabakiak euren gain daudela uste dutelako. Boterea hartu eta eman egiten da, baina banatu eta sakabanatu ere egin daiteke eta horrek militantziaren osasuna hobe dezake.

Besteen larrutan jartzeko ariketa egin nahi izan dugu tailerrean, besteen egoerak hobeto ulertzeko, enpatia lantzeko eta guztion artean oreka bat bilatzen laguntzeko asmoz. Asanbladetako beste “bizio” batzuk ere aipatzen ditugu: lan banaketan ematen den delegazionismoa, kanpora begira dugun proiekzioa, elkarrekiko konfiantza, rolak markatzearen arriskuak… Eta jakina, ditugun beldurrak, konfiantza faltak (gurekiko zein besteekiko), etab. Gaiak askotan ez dira errazak izaten eta ez dugu erantzunik aurkitzen: elkarrekin militatzeko, laguntzen al du adiskide izateak edo oztopoa da batzuetan? Ekintzetan parte hartzera ausartzen ez direnek, beldurra gainditu edo beste paper bat hartu behar dute?

Gainera, egoera eta arazo bakoitzak erantzun eta konponbide desberdinak izango ditu, baina, lehenengo eta behin, arazoak ezagutu eta onartu behar dira, bestela ez gara sekula konpontzen saiatuko.

Munduarekin harremanetan…

Une batzuetan, militantzia besterik ez dugu ikusten eta ematen du bizitza osoa hartzen digula. Baina hori baino gehiago gara eta taldeak pertsonok osatzen ditugun heinean, hartu-emanak eta zaindu beharreko hainbat kontu izango ditugu beti.

Ezin dugu militantziaren esparrua at utzi, gauza ugari elkartzen eta gurutzatzen zaizkigu. Adibide batzuk jarri genituen mahai gainean: arazo pertsonalak bileretara eramatea (eta bileretako arazoak gure bizitzara), militantziatik aparte ditugun edo ez ditugun harremanak, taldekideekin ematen dugun denbora gure beste “jendearekin” ematen ez dugun denbora izatea, drogen eta militantziaren arteko harremanak, esparru publikoetan gizabanako modura ditugun jarrerek taldearen izenean hitz egiten ote duten, elkarrizketetan segurtasun falta izatea…

Askotan bizitza-eremu oso hertsia izaten dugula ere hausnartu nahi genuen. Alde batetik, normala da lagun moduan, alboan, politikoki gertu sentitzen ditugunak izatea baita, horregatik nahiz aktibismoan sortzen den konplizitateagatik, batzuetan eurekin irtetea, planak egitea, elkarrekin bizitzea edota elkarrekin zirriak egitea ere. Baina hertsitasun horrek arriskuak ere baditu: eztabaida politiko batean lagunak gal daitezke edo lagunak izateagatik benetan ez eztabaidatu, gauza batek kale egiten duenean beste guztiak ere eror daitezke, bakardadea senti daiteke, harreman sexual eta sentimentalak gurutzatzeagatik, norbaitekin izan ditzakegun ezberdintasun politikoak eta arazo pertsonalak nahas ditzakegu…

Behin eta berriz esan dugun bezala, gaia ez da batere erraza eta lan honetan aritu garenok kritika egin diogu askotan geure buruari, teorikoki hainbat gauza landu arren, praktikan akatsak errepikatzen ditugulako. Komunikazioa izan beharko genuke harreman eta militantziaren oinarri, baina zaila da eta askotan kale egiten dugu. Gatazkei buruz hitz egitearen beldurra kentzen badugu, tresnak gertuago izango ditugu, errazago egingo zaigu konponbideak pertsonalki zein kolektiboki topatzea.

Gorabeherak…

Militantzian ere boladak izaten ditugu eta bolada bakoitzean sentsazio eta pertzepzio desberdinak izaten ditugu: bajoiak eta gorakadak, estresa eta poza, haserrea eta jende berriarekin harremanak hastea, erretzea, ahuldade eta indar egoerak, bertan behera uztea, indarrez bueltatzea, jai eta drogetan murgiltzea, pertsonen arteko gatazkak direla-eta isolamendu pertsonal edo politikoa pairatzea, harremanetan sakontzea, lo arazoak, medikatu beharra… Ezin dugu hori guztia naturalizatu eta garrantzia kendu. Bestela, ez gara konpontzen saiatuko, ez dugu aurrerapausorik emango eta gauza txikiak arazo larri bihurtuko zaizkigu maizegi. Hasieratik bertatik elkartasuna martxan jartzen badugu, elkarri laguntzen badiogu, ordea, arazoak gainditzen joango gara.

Badakigu handiak direla ditugun gabeziak eta artikulu honek erantzunak eman beharrean, zalantzak plazaratzen ditu. Prozesua dinamikoa da eta, tailerra zein esku-orria aurkeztu genituenetik, beste gai eta eztabaida batzuk jasotzeko beharra heldu zaigu. Adibide bat jartzearren, generoa ez dugu bereziki jorratu (tailerrean askotan azaldu den arren), baina botere-harreman bortitza da eta baldintzatu egiten gaitu maiz. Gainera, zoritxarrez, heriotzak izan ditugu inguruan azken hilabeteotan eta bizitzako gertakizun latz horiek kolektiboki ez lantzeak baditu ondorio psikologikoak. Barne-kontuetara mugatu gara gainera, jakin badakigun arren kanpo-faktoreek ere eragin handia izango dutela: errepresioa, atxiloketak…

Gaiak askotariko aurpegiak ditu, azken batean, ezer ez dagoelako isolatuta, baina jarduera politikoan zein beste esparruetan ondo sentitzen saiatu behar gara. Zabaltasun eta konplexutasun horrek ezin gaitu gelditu, gauzak planteatzen hasi behar dugu txiri-txiri eta hobeto zaintzen ikasi behar dugu. Ezinegonak, frustrazioak, etsipenak, itsutzeak eta enparauek ez baitigute borrokan lagunduko. Batzuetan, militantziaren arlo produktibista hori (egin) beste arlo pertsonalago batekin uztartu beharko genuke (sentitu, pentsatu), osasun animiko eta sentimentalak borroka baldintzatzen digulako.

Tailerren ondorioak

Tailerra bi leku oso ezberdinetan egin dugun arren, hainbat ondorio eta kontu komun azaldu dira eta zer pentsa eman digu horrek. Hasteko, egoera horiei aurre egiteko gogoak eta beharra daudela ikusi dugu. Argi dago gehienok sufritzen dugula egoera hau, baina kasu gehienetan era pertsonalean izaten da eta konponbide kolektiboak bilatu beharko genituzke.

Askotan gogoak bai, baina ideia handirik ez dugula ondorioztatu dugu, edo prestazio falta dugula (tira, bidea pausoz pauso egiten da). Badakigu zer ez dugun nahi, mina egiten diguten egoerak identifikatzen ditugu, baina ez dugu tresna handirik horiei aurre egiteko. Gainera, hainbat egoeraren aurrean, ez dago konponbide zehatzik. Mintzagai ditugun egoerei aurre egiteko hiru faktore garrantzitsu daude: denbora, espazioa eta jendea. Hiru baldintzok konbinatzen eta eurekin jolasten ikasi beharko dugu.

Beste batzuetan, ordea, kasu zehatzetan eta egunerokotasunean baliogarri izango zaizkigun zenbait tresna aurkitu ditugu guztion artean. Gure bizitza militantzia hutsa ez bihurtzeko ideia batzuk agertu dira, besteak beste, militantzia desmitifikatzea, gauzak bakarrik egiten ikastea (ingurune militantearekiko mendekotasun-egoerarik ez sortzea), bestelako inguruneetako jendearekin erlazionatzea (non bizi garen ez ahazteko) eta beste gauza batzuk egiteko espazioa eta denbora gordetzea.

Boterearen eta segurtasun-faltaren rolei aurre egiteko, beharrezkoa da taldeetan informazioa sozializatzea. Espezializazioaren aurka borrokatzeko beharra planteatzen dugu eta, horretarako, prestakuntza-tailerrak proposatu ditugu, elkarrekin edota elkarrengandik ikasteko aukera izan dezagun.

Beldurraren aurrean: guztiok noiz edo noiz beldurra izateko eskubidea dugula onartu behar da. Horren harira, ekintzetan guztiok ez dugula era berean parte hartu behar ere ulertu behar da eta lan guztiek ez dakartela arrisku berbera: laguntza, lege-laguntza, material-bilketa, estrategia prestatzea, komunikatuak idaztea… denak dira garrantzitsu eta beharrezkoak.

Halaber, norberaren lana da berezko erritmoan eta presiorik gabe beldurrak gainditzen joatea eta gauza berriak egitera ausartzea.

“Erreta nago” topikoaren aurrean: geure buruari mugak jarri behar dizkiogu eta, lan gehiena egiten duten taldekideen kasuan, guztion artean jarri behar ditugu muga horiek. Ezin dugunean edo nahi ez dugunean EZ esaten ikasi behar dugu, ingurukoengan delegatzen jakin eta atseden hartzea nahiz deskonektatzea zein osasuntsua den probatu.

Medikatzeari buruz: ez epaitu pertsonarik. Hartzen denari buruzko informazioa bildu, zertarako eta zergatik hartzen den. Eman denbora pertsona horrekin eta hitz egin taldean laguntza emateko moduei buruz. Duintasunez, interesa jarrita eta errukia alde batera utzita jokatu beharko dugu, betiere.

Talde batzuetan, liderraren papera oso barneratuta duen jendea dago eta pertsona horiek euren kabuz hartu ohi dituzte erabakiak. Adostasuna eta guztion partehartzea bilatu behar dugu eta, guztion artean, boterea baretu/partekatu.

Pertsona bat bereziki gaizki dagoenean edo zerbait gertatu zaionean, kasua konta diezaioke taldeari. Horrela, une horretan nola dagoen ulertuko du taldeak eta gaizki ulertzeak eragotziko dira. Pertsonak adierazitako ahulezia bere kontra erabiltzeko arriskua dakar horrek, kontuz beraz!

Bi tailerretan, asanbladetako hainbat funtzionamendu-akats zuzentzeko tresna txikiak planteatu dira. Adibidez, parte hartzeko errondak egitea (betiere, parte hartzera derrigortu gabe), zeinuak erabiltzea, erlojua erabiltzea eta denborak aurretik zehaztea… Aldaketa txiki eta praktiko batzuk zuzenean jar daitezke martxan, gaur bertan; beste batzuek denbora eta prozesu konsziente luzea beharko dute, jarrera aldaketa eskatzen baitute.

Askotan, mentalitate eta balore produktibistak erabiltzen ditugu militantzian, garrantzitsuena “egitea eta egitea” izaten da eta badirudi ekoizpenerako kide hutsak garela. Horren ondorioz, alde batera uzten ditugu arlo pertsonal ugari.

Konponbide batzuk tailerrean bertan frogatu ditugu: talde txikietan lan egitean eta egunero ikusten ez dugun jendearekin hitz egitean, konfiantza handitu dugu eta jendearen parte hartzea ohikoa baino handiagoa izan da. Tailerrean bertan asanblada-dinamikak hobetzen saiatu gara (behin behineko aldaketak izan badira ere).

Testu hau lehen pauso bat besterik ez da. Gai hauek ikertzera animatzen zaituztegu, zuen artean hitz egitera eta, ahal dela, tresnak praktikan jartzera. Bidea gogorra eta zaila izan arren, merezi duela uste baitugu.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like