LEGE MORALAREN AURKA

Geure buruak erradikal eta iraultzailetzat ditugunok gizarteak pertsona eta animaliengan dituen eraginak gaitzesten ditugu, eta ezjakituria nahiz sistemaren krudeltasunari eraso egiten diegu, baina «moraltasuntzat» onartzen dugun guztiaren naturaz kuestionatzeari gutxitan erreparatzen diogu. Aipatutako «moraltasuna» berez kritikagarria liteke? Animalien esplotazioa «moralki ez zuzena» dela diogunean, zer esan gura dugu? Euren baloreak onartu eta euren kontra erabiltzen ote gabiltza, jokaera moral propioa sortu beharrean?

«Zer diozu? Jokaera moral propioa sortu? Gauza jakin bat moralki zuzena edo ez zuzena da; moraltasuna ezin daiteke asmatu, ez da iritzi kontua», pentsa zenezake. Horrela, gizarte hoenen printzipiorik oinarrizkoena onartzen ari zara: ongia eta gaizkia balorazio indibidualak ez direla, munduaren funtsezko legeak baizik. Ideia hori, hilzorian dagoen kristautasunaren enparaua, gure zibilizazioaren oinarri-oinarrian dago.

Nondik dator «lege moralaren» ideia?

Balore eskala, moraltasuna eta ezjakituriak nahiz zigorrari beldurrak iraunarazitako lege unibertsalen ezarreraren oinarriak izan dira Jainkoaren existentziaren ideia eta bere ahalmen eta aginterik absolutuena ere.

Behin Jainkoaren ideia hori historikoki gainditu eta gero, ez dago ongia eta gaizkia bereizteko makila objektiborik. Moraltasun unibertsalak Jainkoaren legeak ez diren beste zerbaitetan datzala uste du jende gehienak: pertsonentzat edo gizartearentzat egokia den horretan edo zerbait egitera behartuta sentiarazten gaituen horretan. Baina «arau moral unibertsala» zer izan daitekeen inguruko azalpenak urriak dira eta gehienetan horren aldeko argudioak emozionalak izaten dira eta ez, arrazionalak.

Mundu honetako zenbait gauza moralki aldaezina dela sinistu eragin gura digute ongia eta gaizkiaren fededunek. Ura zero gradutan izotz bihurtzen den bezala, erailketa moralki gaizki dagoela mundu honetako egia dela diote. Baina uraren solidapenaren tenperatura iker dezakegu: neurtu eta, ahal den neurrian, egia «objektibo» lako baten aurrean gaudela onartzean bat etor gaitezke. Bestetik, zer azter genezake erailketa gaizki dagoela ikertu nahi dugunean? Mendi tontorrean ez dago kontsulta genezaken lege moralaren taularik, ados ez dauden baina euren buruak moralean aditutzat hartzen dituztenen nahiz abade gutxi batzuen berbak eta gure sena baino ez ditugu.

Apaiz eta moralean ustezko aditu horiek ezin badigute proba ukaezinik erakutsi, zergatik sinistu behar dugu euren baieztapenik? Gure senari dagokionez, zerbait ongi edo gaizki dagoela sentitu arren, guretzat balio badu ere, «unibertsalki» ona edo txarra izan daitekeen proba ez da. Beraz, lege moral unibertsalak dauden ideia superstizioa baino ez da.

Baina ongia eta gaizkia existitzen ez badira, ezerk berezko balore moralik ez badu, zelan jakin dezakegu zer egin?

Sor itzazu zure ongia eta gaizkia. Gure gaineko lege moralik ez badago, gura duguna egin eta izateko askeak garela esan nahi du eta, errurik nahiz lotsarik sentitu barik, gure ametsen atzetik joateko ere. Zehatz ezazu zer den bizitzan gura duzuna eta jarrai egiozu; zuretzat zuzenak diren baloreak sor itzazu eta kasu egiezu. Ez da erraza izango, nahiek zenbait norabidetan eraman gura izango zaituzte, ohartu barik badatoz eta badoaz, euren atzetik joatea zaila da. Aginduek esana egitea errazagoa da, jakina, ez da horren korapilatsua.

Gure nahien atzetik joan behar izatea hedonismo sinplearekin nahastu du hainbatek. Libertino tipikoaren desio iheskor eta zentzugabekoez ari. Nahi sendoagoak dira, pertsonaren grinarik sendo eta iraunkorrenak: maitasun eta gorrotorik oinarrizkoenek baloreak moldatu beharko lituzkete. Maitatzeko edo birtutedunak izateko agintzen digun Jainkorik ez egoteak ez du esan nahi gure onerako, horrelakorik egin beharko ez genukeenik, atsegina bazaigu (gehienoi bezala) eta ez, obedientziagatik.

Baina zelan justifika dezakegu gure etika propioaren arabera bizitzea ezin badugu horrelakorik moral unibertsaletan oinarritu?

Hemen denbora luzean moraltasuna justifikatu dute, ezen gaur egun ezin dugun beste modu batez ulertu. Gure baloreak gurekin zerikusirik ez duen zerbaitetatik ondorioztatzen direla baieztatu behar izan dugu beti, baloreak gure nahi propioetan oinarritzea txartzat jotzen baitzuten lege moralaren predikatzaileek. Oraindik orain modu instintiboan sentitzen dugu gure jokabideak kanpoko eta goragoko zerbaitek justifikatuta egon behar duela, Jainkoa ez bada, aura morala, Estatuko legea, iritzi publikoa, justizia, «gizakiari maitasuna» etab. Baina zer izan daiteke gure nahien goragoko hori edo zerk zuri litzake hobeto gure ekintzak? Kanpoko zerbaiten zerbitzura egon beharko genuke, gure nahiei erreparatu barik, euren aurka badoa ere?

Justifikazioaren auzi horretan zenbait lagun eta talde erradikal oker ibili da. Ez bidezkotzat hartzen dutenari eraso egiten diote, baina ez horrelakorik gertatzea ikusi nahi ez dutelako, «moralki bidezkoa ez» delako baizik. Hori egitean, oraindik lege moralaren fabula sinisten duten guzti horien babesa bilatzen dute, euren buruak Egiaren zerbitzaritzat hartuz. Zoritxarrez, mendeetan baldintzatuta egon eta gero, «goreneko indar» batek justifikatuta sentitzea, «lege moralari» kasu egitea, «justiziaren» aldean egotea eta «gaizkiaren» kontra borrokatzea horren ona da, ezen eragile moralen rolean harrapatuta geratzea erreza den, lege moral baten ideiak zentzurik ote duen galdetu barik. Goreneko aginte baten zerbitzura egotearen sinismenetik eratortzen den botere sentsazioa badago, pertsonal faxismora erakartzen dituen hori hain zuzen. Errukiz joka genezake, «gura» dugulako eta ez, «lege moralak agintzen duelako». Pertsonak eta animaliak zaindu nahiz babesteko Jainkoaren justifikaziorik ez dugu behar. Zuzena dela baino ez dugu gure bihotzetan sentitu behar, «guretzat» zuzena dela, behar ditugun arrazoi guztiak edukitzeko. Horrela, egia moraletan oinarritu barik, gure etikaren arabera jokatzea justifika genezake; azken batean, ez dugu zertan gure nahiengatik lotsarik sentitu, harrotasuna baizik, diren horregatik onartzeko bezain harro: indibiduo moduan jaurti gaituzten indar gisa. Egia da, gure baloreak ez dira denentzat baliagarriak izango; baina daukagun guztia dira eta horien atzetik joatera ausartu beharko genuke, goreneko justifikazio ezinezkoaren zain egon beharrean.

Baina zer gerta liteke denek ongirik eta gaizkirik ez dagoela erabakiko balute? Ez genuke elkar hilko?

Txarto dagoela erakutsi digutelako baino ez dugula elkar hiltzen aurreikusten du galdera horrek. Benetan horren maltzur eta odoltzalea ote da gizateria, ezen superstizioak mugatuta ez bageunde denok elkar bortxatu eta erailko genukeen? Ondo konpontzeko gure nahia suntsitzaile izateko desioa bezain handia izan daiteke. Gaur egun gehienek uste dute errukia eta justizia moralki zuzenak direla, baina horrek ez du mundua gupidatsu eta bidezkoagoa egin. Karitatea eta justizia derrigorrezkoak direla sentituko ez bagenu, giza dezentziaranzko gure joera naturalei ez ote genieke kasu handiagoa egingo? Beste modu batera esanda, zer balio du onberak izateko gure «betebeharra» betetzeak, arau moralei kasu egitearren baino egiten ez badugu? Elkarri errespetuz tratatzea ez ote genuke gehiago baloratuko horrela egin «nahi» dugulako, derrigortuta sentitzen garelako baino?

Eta lege moralaren abolizioak zelanbait gizakien arteko liskarrik pizten badu, ez al litzateke hori hobea superstizioen morroi moduan bizi izatea baino? Zeintzuk diren gure baloreak eta gure bizimoduan zelan aplikatuko ditugun erabakitzen badugu, gure ametsen atzetik joateko aukera gutxienez izango dugu eta, beharbada bizitzaz gozatzeko ere, horrek gure artean lehiatzea ekarri arren. Baina beste batzuek finkatutako arauen arabera bizitzea erabakiz gero, gure patua hautatu eta gure ametsen atzetik joateko aukera sakrifikatuko genuke. Ez al da hobea askatasuna, arriskutsuena bada ere, babestutako morrontza baino, ezjakituria, koldarkeria eta sumisioa baino?

Bestela, begira egiozu gure historiari. Ongiaren eta gaizkiaren izenean isuritako odola, engainua eta opresioa. Ongiaren alde borrokan zebiltzala uste zutenen arteko gerrak odoltsuenak suertatu dira. Arau moralaren ideiak ez gaitu hobeto bizitzen laguntzen; «egiazko» arau moralaren aldeko borroka batera garamatza. Itxaropen etikoak eta denon baloreak onartu arte ezin daiteke benetako garapenik egon gizarte harremanetan; orduantxe, gure liskarrak gainditu eta elkarrekin bizitzen hasi ahalko dugu, zeintzuk balore eta desio «zuzenak» ote diren lako auzi funts bakoengatik haserretu barik. Zure onerako, gizateriaren onerako, ongiaren eta gaizkiaren nozioak ahaztu eta zure balore propioak sor itzazu!

Crimethinc (laburpena)

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like