TXIKITASUNAREN GORAZAHARREZ

Gauza jakina da (ederto gogorarazten digute behinik behin) globalizazio garaiak bizi ditugula; garaiok, gainera, kolokan jarri dituzte eskema zaharrak. Aukera eta arrisku berriak ditugu begi-bistan, eta estrategia berriak behar dira horiei ikuspegi askatzaile batetik taxuz aurre egiteko.

Badakigu, halaber, zeintzuk diren globalizazioaren eragile nagusiak: unibertso birtualaren sorrera eta iraultza teknologikoa, eta, batez ere, merkatuen hedatze-politika. Ezen merkatuak eratze aldera sortu baitziren hiriak (askatasun-gune modura sortu ere), merkatu handiagoen bila estatu-nazioen eraketa bideratu zuen gero burgesiak, eta orain, diru zikinak mugarik gura ez duenez, estatuez gaindiko blokeak sortzen tematuta dabiltza salerosketaren monopolioaren jabeak. Eta, bistan denez, prozesu honen ezaugarri nagusienetako bat, fusio- eta zentralizazio-joerekin batera, uniformizazioa da (hitzaren adiera guztiei erreparatu), hots, aniztasunaren galera. Ez da, ez, joerarik aproposena hizkuntza eta kultura txiki, edo hobe, gutxituetako habitat-etan bizi garenontzako.

Esanikoaren erakusgarri, estatu-nazio modernoen eraketak hizkuntza gutxituetan mintzo garen komunitateoi zer ekarri zigun gogoratzea baino ez dago; Peter Berresford-en The Celtic Revolution. A Study in Anti-Imperialism liburua datorkigu gogora, zelan Erresuma Batua estatu modernoa sortzeko Man uhartea kolonizatu eta Gales, Eskozia, Irlanda eta Kornualles indarrez hartu zituzten mendean, milaka lagun hil, beste horrenbeste bortxaz deserrotu… Eta ber gauza Frantziak Bretainiarekin… Zelta herriena ez da salbuespena izan, badakigu (beharko jakin!), baina haien kasuak irakurri eta gertuagokoez oroituta estatu-nazioen sorrera-prozesuen artean zelako parekotasunak dauden egitazta daiteke beste behin. Eta prozesuotan ezaugarri komunik bada, Nebrijak azpimarratutako hura da horietako bat: badakizue, siempre la lengua fue compañera del imperio; alegia, Estatuak hizkuntza bat eta bakarra baino ez duela behar eta gainerako guztiak desagerrarazi behar direla.

Ezin jakin estatuen aurretiko garaiak zoriontsuagoak izan ziren ala ez. Garai haietan ere txakurrak ortozik ibiliko ziren nonbait. Merkatuen eratze- eta hedatze-prozesuak argi-ilunak izan ditu, prozesu guztiek bezala, eta punturik ilunenetako bat lehen aipaturikoa izan da: bortxan oinarrituriko zentralizazio-politiketatik eratorritako uniformizazio basa, aniztasunaren ukazioa. Estatuek, dudarik ez, kapitalaren metaketa ahalbidetzeaz gain, harresi-mugen eraikuntza-prozesuak eta aberrikeriak, armada eta ereserki propioen sakralizazioak ugaldu dituzte.

Kapitalaren kontzentrazio-prozesuak etenik ez duenez, habaila bizian jarraitzen du merkatuen hedatze-politikak. AEBak, berbarako, ALCA ituna kosta ahala kosta indarrean ezarri guran dabiltza, eta Europako Batasunak ere ekialdera zabaltzen dihardu, 100 milioi kontsumitzaile baino gehiagoko merkatu bati ateak parez pare zabaldu, hango ondasunez jabetu eta eskulan merkeaz baliatzeko bidea errazte aldera (merkatu europar erraldoiak zaindaria ere behar duenez, horra duela gutxi onarturiko 60.000 kideko Eskuhartze Bizkorrerako Armada Europarraren jaiotza ere). Prozesu horren baitan ulertu beharrekoa da halaber Europako Konstituzioaren osaketa-prozesua, sortzen ari den makrobloke ekonomikoari nola-halako kohesioa emateko.

Egunotan, alabaina, eta aurkiak ifrentzua ere berezko duenez, estatuak edota makroegiturak bazter utzi[[Gurean ere eztabaida interesgarrien atarian egon gaitezkeela ematen du. Gisa honetan mintzo zen, adibidez, Iñaki Antiguedad Argiaren 1.919. zenbakian (2003-XI-9): «Estatuak ez direla etorkizuneko antolabide egokia? Bat nator ni horrekin, total. Estatuaren bertikaltasuna baino antolabide horizontala dut nahiago, lurraldetasunaren barruko eskualdeei erabakietan esku-hartze zuzena bermatuko dien antolabidea. Euro-erregioa izan daitekeela hori? Bale, euskal edo nafar erregioaren alde nago ni orduan, baina, hori bai, Europan denok euro-erregio izanda, estatuak desagertuta. Aukera berdintasunez.» Astebete geroago (2003-XI-16), berriz, Joseba Alvarezek Parisko Gizarte Foroan esanikoak irakurri genituen Berrian: «Alvarezek malgutasunez hitzegin zuen euskal estatu baten sortzearen aldeko iritziaren inguruan. (…) Alvarezen iritziz, hamabost urteren buruan, Europak beste bide bat hartu duela eta ikuspegi ezkertiarra nagusitu dela ikusiz gero, herrien federazioaren Europa baten aukera baldin badago, ezker abertzaleak ‘ez luke inongo arazorik estatuaren sorrerari’ uko egiteko. Gaur egun, Estatuen Europaren baitan, Euskal Herriarentzat biderik logikoena estatuaren sortzea dela esplikatu zuen. Gaur egun, Estatuari uko egiteko prest ez daudenak Euskal Herria bezalakoei estatua sortzea ukatzen dioten Estatuak berak direla azpimarratu zuen. ‘Guk ez daukagu inolako arazorik estatuari uko egiteko, ez daukagu eta’.» ]] eta erabakigune eta komunitate lokalak hobesten dituzten plataformak osatzen ari dira bazterretan, tokian tokiko kultura eta bizimoduei eutsi eta giza-eskalako ekonomiak hobetsita[[Mundu zabalean estatuak erreferentetzat hartzen ez dituzten sare eta taldeen adibide modura People’s Global Action (PGA) sarea aipa daiteke. Globalizazio neoliberalaren aurkako nazioarteko sare solidario horrek zera eskatzen du, besteak beste: autonomian eta dezentralizazioan oinarrituriko antolaketa-filosofia. Horrez gain, tokian tokiko gizataldeek alternatiba lokalak eraikitzea dute xede, gobernu eta megakorporazioen plan eta politikei erantzute aldera.]]. Hor kokatzen dugu guk, hain justu, euskararen aldeko borroka: ez erdi-asmaturiko iragan galdu baten nostalgia edota hizkuntza aurreindoeuropar baten defentsa sasichauvinista modura, beste balore eta antolamolde batzuen araberako munduaren aldarri gisa baizik[[Esan gura duguna ederto batean formulatu zuen Joxe Azurmendik Espainolak eta euskaldunak liburuan: «Harrokeria inkultoa da. Baina, gure kasuan [euskaldunez ari da], tontoa da gainera. Ahal izan bagenu, pentsatzen dut, guk ere besteek bezalaxe egin izango genuela; alegia, ‘enda sendo, azkar ororen antzera auzo ahulagoen bizkarretik hedatu eta aberastu’.Beste herriak konkistatu, zanpatu, lapurtu. Kontsolagarria da guretzat, ezinez bada ere, ahal zutenek egin egin dituzten krimenak, egin gabe edukitzea. Besteak beste orain libre gaude astakeria haietaz patriotikoki harrotu behar izatetik eta, harrotu ahal izateko, gure inteligentziak lepatxuritu [hau erlatiboa da, ezen ez estatu modura ausaz, baina maila indibidualean behinik behin triskantza galantak eginikoa baita euskal-jendea ere; Latinoamerikako zenbait diktaduratako izen-nominan ageri diren abizenei erreparatzea baino ez dago esanikoa egiaztatzeko]. Guk ez daukagu Inperiorik eta ongi da horrela. Libertatea da gurea. Baina umeek berek ‘zein da handiena, zein da indartsuena, zerekozerena’ galdetzen dizute, beti superlatiboan: irabazleen eta garaileen gizartean bizi gara. Handikeriaren kulturan. Ikasi egin behar da txikia izaten. Kulturaren kontra eta gure gizarte modernoko balio eskalaren kontra. Mundua ez handitu, baina edertu -small is beautiful- nahi baldin bada behintzat. Mundua libreago eta ederrago bilaka dadin, euskaldun gisa kolaboratu nahi baduzu alegia.»]].

Horregatik hain zuzen, oso garrantzitsua da dezentralizazio-joerak bultzatzea: alegia, botere-metaketa erraldoiak, inperio linguistiko eta ekonomikoak eta joera hiper-uniformizatzaileak arbuiatu eta horiek zatikatzea eta aniztasunari eustea hobetsi behar genukeela (antolaketa-moduei dagokienean ere, egitura dezentratuak beti daude jendearengandik gertuago); eta, horrez gain, hazkunde ekonomiko etengabearen mitoan eta metaketan oinarrituriko sistema bera ere auzitan jarri beharra dago, sistema horrek, besteak beste, jasangarritasuna (eta, ondorioz, txikion iraupena bera) kolokan jarri duelako.

Estatuenak baino antolaketa-modu hurbilagoak, tokian tokiko alternatibak, gertuagoko erabakiguneak sendotze aldera, bistan denez, tokian tokiko kultura eta hizkuntzak sustatu behar dira. Eta horretarako (eta paradoxikoa dirudien arren), antolamendu, hizkuntza edota dena delako zera txikion iraupena bermatzeko, berauen baitako nola-halako konpaktazio-zentralizazioa beharrezkoa da oraindik. Handiak ahuldu eta txikiak indartu, kontua apur bat orekatzeko.
Eta kasu, botere-metaketa erraldoiak auzitan jarri eta dezentralizazioa bultzatzea ez baita Erdi Arora edota norbere baitara biltzeko saioa, begirunean oinarrituriko unibertsaltasunaren abiapuntua baizik. PGA aipatu dugu lehen; haien xedea, esate baterako, tokian tokiko erabakigune asanblearioetatik, konfederatuta, mundura zabaltzea da. Gurera etorrita, hara zelan mintzo zen Mario Salegi Berrian (2003-XII-5): «Eskualdeen bidetik ikusten dut nik irtenbidea. Europako eskualdeen bilerak-eta egiten dira, baina inoiz ez da lantalde iraunkor bat sortu, Europako Batasunean bloke bezala proiektu landu bat aurkeztu ahal izateko. Bere legebiltzarra eta senatua izango lituzkeen bloke bat, non herri horien arazoak eta kulturak ordezkatuak izango liratekeen.»

Bistan denez, Europako Batasunari, legebiltzarrei eta senatuei fede lartxo die Salegik. Kontuan hartzekoa da, hala ere, honako faktore hau: Frisia, Gales, Eskozia, Katalunia, Okzitania edota estatu gabeko beste herri batzuetako hiztunekin berba eginez gero, egungo estatuak zatikatzeko gogoa daukan jende dezente dagoela egiazta daiteke, ostarku benetan koloreaniztuna marraztu nahian dabilen jendea (eztabaidatu beharreko puntua da, hala ere, behin estatu handiak zatikatuta zein antolaketa-moduri egin behar zaion bide). Nahi hori apurka-apurka gorpuztea da orain kontua, honako abagune hau (abagune oro bezala, bidenabar esanda, zorionez historia ez baitago aurrez determinaturik) oso garrantzitsua izan baitaiteke.

Asmo hori gauzatzeko, estrategiko deritzogu egungo inperioen transmisio-uhal modura funtzionatzen duten komunikazio-sistema erraldoiak ahultzeari, horretarako hizkuntza gutxituetan oinarrituriko komunikazio-esparru solidarioak sendotuta. Izan ere, ez baikenuke ahantzi behar erabateko subiranotasuna edo bestemoduzko antolaketa-egiturak edo dena delakoak eduki arte zain egon beharrean, hizkuntza-komunitate bakoitzak gauza dezente egin ditzakeela hemen eta orainean ere.

Bidea ibilian egiten da, baiki, baina bidea egiteko (Pernandoren egiaren handia!) errepideak behar dira. Aukeran, etxegileen eta porlan-industriaren bozkariorako boteregune eta zentro erraldoiak lotu eta gainerako herriak bazter uzten dituzten AHTak (zentralizazio eta metaketaren logikaren paradigma) egiten hasi baino, hobe hizkuntza bakoitzari joan-etorri librea bermatuko dion bidegorri-sarea trinkotzen hastea, paradigma glotofagikoak bazter utzita. Esan dezagun berriro: batzuk behintzat horixe nahi genuke txikiontzat, beste batzuek besterik pentsatzen duten (pentsatu nahi duten) arren: hizkuntzak izan daitezela zinez komunikazio-tresna, komunitateen arteko zubi dotore, naturaren aniztasunaren isla, eta ez inperialismo uniformizatzailearen makulu edota sasiunibertsalismoaren mozorro.

Berba potoloak dira hauek guztiak; bistan denez, erraz samarra da paper batean ustez perfektuak diren ideiak txukun-antzean jartzea. Errealitatea, ordea, ez da izaten hain tolesgabea. Hala ere, berba egitea, gauzak izendatzen hastea ei da errealitate hori berreraikitzen/aldatzen hasteko lehen urratsa (herri-jakituriak aspaldi antzeman zion horri: izena duen orok izana dauka; ondorioz, izendatzen ez duzuna ez da existitzen). Horregatik, hain zuzen, gauzak izendatzeko ahalegin hau, izenetik izanera gogoa baino ez dadin zubi izan; ailedi bestemoduz antolatu eta bizi gura duen jende-motaren hauspo…

Aitor Zuberogoitia