Latinoameriketako herri indigenen kulturaren eta naturaren aldeko borroka, hidalgo espainiarren konkistaren sasoitik datorkigu. Bi mundu oso ezberdin hauek elkarren kontra jotzean, indigenen lur-desjabetza eta lan indarraren esplotazioa abian jarri zen. Honekin batera, bertako populazioaren beherakada izugarria gertatu zen eta akulturazio eta mestizai prozesua aurrera eramaten hasi ziren. Hau dela eta, indigenek kanpoko inbasoreen agintearen aurrean kontzientzia heteroklitoa garatu zuten. Aurrerantzean, indigenen auzia tamaina handiko gatazka bihurtu zen.
Berauen erreibindikazioak ez dira, beraz, atzo goizeko perretxikoak, mende batzuetan zehar landutakoak baizik.
Dena den, azken urteotan, Gobernuz Kanpoko eta Ingurugiroaren Defentsarako Erakundei esker entzuten ari dira indigenen eskakizunak sortu diren aktore berrien aurka (estatuak, enpresa pribatuak). Talde hauek lanean dihardute Hego Ameriketako herrien gatazkak munduan zehar ezagutzera emanez. Aldiz, talde politiko batzuk arazo honetaz kezkatzen dira hauteskundeetan emaitza hobeak ateratzeko asmoz, bakar-bakarrik.
Bestalde batetik, Munduko Bankuak (MB) eta Garapenerako Nazioarteko Bankuak (GNB) eskualde horietako proiektuak finantzatzeko ematen dituzten maileguak, gizartean eta ingurugiroan sortzen duten eraginari buruzko ikerketen araberakoak izaten dira.
Lehengaien esplotakuntzan eta proiektu erraldoietan ari diren multinazionalek “teorian” ulertu dute (praktikan bestela gertatzen da) ingurugiroari buruzko ikerketak burutu behar dituztela. Proiektu hauek eta beren irudi korporatiboa, herrian herriko indigenen begiradapean gauzatu behar omen dituzte. Eta agerian da multinazional hauei ingurugiroak axola gutxi diela. Milaka adibide jar daiteke: Ekuadorreko Ekialdeko Itsasoan Texako enpresak egindako isurketak, Txileko Hegoaldean lurralde arkeologiko batzuen txikizioa.
Natur-baliabideen auzia
Hego Ameriketako natur-baliabide gehienak eskualde isolatuetan daude. Eremu hauetan bizi ohi dira herri indigenak. Honako herriontzat, lurrak esangura berezia dauka, euren sinismenak naturaren zikloari zuzenki loturik baitaude. Horrexegatik, hain zuzen, indigenek errefuxatzen dute lur horietako baliabideen esplotazioa eta, are gehiago, deserrira joateko mehatxua, beren arbasoei eta euren kosmogoniari bizkar ematea izango litzateke eta.
Azpimarratzekoa da Alto Biobio ibarretako Los Pechuentes (Txileko Hegoaldean) eskualdearen kasua. Zentral hidroelektriko baten eraikuntzak indigenen deserriratzea ekarriko du, beren kultura bazter batean utzirik. Herbesteratu hauek, mendebaleko gizartean integratzea beste irtenbiderik ez dute eta honela, homogeneizazio prozesua bizkortu egingo da.
Beste arazo larria hidrokarburoen esplotazioarena da. Zenbait proiektuk, herri batzuen geroa golokan jarri dute: Amazonas Ibaiko herrien bizibide nagusiak, nekazaritza eta arrantza, kinka larrian daude mehatzaritzak eta petrolioaren esplotakuntzak sortutako kutsadurarengatik.
Legedi zehatz baten faltak sortu du “garinpeiroak”, urrearen bila dabiltzan mehatzari armatu ilegalen fenomenoa. Arazorik handiena, urrea beste mineraletatik bereizteko erabiltzen duten metodoan datza. Prozesu honetarako erabiltzen duten merkurioa ibaietako uretara botatzen dute. Honela, kutsatu egiten dira indigenen elikaduran funtsezkoak diren arrainak, Hau dela eta,”garinpeiroen” aurkako erreakzio ugari izan da nonnahi.
Zentral hidroelektrikoen eraikuntzak indigena askoren lurraldeak ur azpian hondoratuko ditu. Kolombia, Txile, Brasil eta Paraguay puri-purian duten arazoa da hau. Brasilen, esaterako, Tucurui, Balina, Itaupú eta Belo Monten energiaren premia asetzeko egin nahi dituzten proiektuen aurka jarri da komunitate asko.
Ibaien desbideraketa lanek ere ingurugiroan sortuko dituzten kalteak oso nabariak izango dira bertako biztanleentzat. Indigenen pentsamoldean, ama-naturaren ziklo aldaketek arrainen bizitzan eragin zuzena daukate. Beraz, beren bizibide nagusia, arrantza, galtzeko zorian dago.
Globalizazio amerikarra
Globalizazio ekonomikoaren korronteari jarraikiz, Latinoameriketako estatuek elkarren arteko harreman ekonomikoak sendotu nahi dituzte Mercosur erakundearen bitartez. Honen kariaz, gobernuek eta enpresa pribatuek proiektu erraldoiak bultzatzen ari dira: Paraná-Paraguay ubidea kasu, Argentina, Uruguay, Paraguay, Brasil eta Bolivia lotuko dituena, mehakia eta aleak garraiatzeko. Beste adibide bat: Itsas Barea eta Atlantikoaren arteko errepidea.
Proiektu hauek, indigenen integrazioaren ardatza izan arren, eurengan aurkako jarrera piztu dute, gizartean eta ingurugiroan sortuko dituzten kalteak direla eta.
“Garapena” eskualde historikoki ahaztu hauetara heltzen baldin bada ere, mendebaleko kulturak goitik behera nahastu egingo ditu indigenen ohiturak, beren sobresplotazioa eta lan merkatuan sartzea bultzatuko du. Era berean, izurrite berriak agertuko dira eta, hauekin batera, populazioaren beherakada: Peruko Sejas komunitatea, 30.000 biztanletik 1.500era jaitsi da “zibilizazioaren” etorreraren ostean.
IndiGenen auzia gaur egun
Oraingo honetan, indigenak bi norabideko borrokari lotzen zaizkio. Batetik, beren kulturaren pizkundearen alde. Bestetik, beren lurraldeen gaineko onarpen iuridikoa lortu nahi dute eta oraintsu hasi dira langintza honetan.
1989an Nazioarteko Lan Erakundeak, Estatu Independienteetako Herrialde Indigenei eta Leinuei buruzko Hitzarmena sinatu zuen. Akordio honetan, gobernuei komunitate indigenak errespeta ditzaten eskatzen zaie eta beren eskubideen defentsan, lurraren jabetza-agiriak eman diezaizkien gomendioa aipatzen da. Aldi berean, gobernuek eta enpresa pribatuek proiekturen bat egin nahi dutenean, tokian tokiko indigenei galdetzeko iradokizuna egiten da, ingurugiroan izango den eraginaren berri eta lanak kontrolatzeko aukerak emanez.
Eskualde hartako estatu gehienak, Brasil, Venezuela, Txile eta Paraguay “izan ezik”, Hitzarmenaren alde agertu dira. Herrialdeotan gatazka ugari izan arren, funtsean denek dute kutsu berbera: Natur baliabideen, lurren desjabetzaren eta arraza guztien homogeneizazioaren bitartez, garapena bultzatzatzen duten estatuak. Estatuok, indibidualismoa eta konpetitibitatea laguntzen ari dira aniztasunak gizarte harremanetan duen garrantzia alde batera utzita.
M. Antonieta Pozo V.
(Santiago, Chile)
(Orijinaletik moldatutako testua)