“Gaixotasunak, ezbehar indibidual edo sozialen gisara hartu ohi dira urte luzeetan zehar. Osasunbideak, ezagutza medikoaren eta botere publikoek geldiro-geldiro ordezkatu duten karitate pribatuaren mende zeuden. Gaur egun, Osasun Publikoak izaera ekonomikoa dauka bi alderditik begiratuta. Alde batetik, merkatal ekonomia, antzineko egoera naturala gainditu ondoren gizaki modernoaren bizitza eta heriotza, “stricto sensu”, baldintzatzen duenez, osasun arazo, edo hobe esanda, osasunarentzat arazo bihurtu delako. Eguzkipean bizi den guztiak badaki jaten, edaten edo arnasten duguna, orokorrean, gure eguneroko bizimodua baldintzaten duten faktore hauek, gure “osasun-kapitala” arrisku bizian jartzen dutela. Denbora guztian gomendatzen digute ohitura zaharrak aldatzeko, nazioaren ekonomiarentzat kaltegarriak direla eta. Bestalde batetik, osasun publikoa, zuzenago eta krudelkiago, arazo ekonomiko bihurtu da, industrigintza den bezainbestean; Frantzian, esaterako, barne produktu gordinaren %8a xahutzen da osasungintzan, gastu militarretan baino bi bider gehiago. Industrigintzan bezalaxe, arazo bakarra da merkatu berrien bilaketa, dauden premiei erantzunez, eta premia berriak sortaraziz, batez ere ingenieria medikoaren eta kimikaren alorretan. Guztiau, marketing eta ustelkeriaren baliabideei esker.”
(Jacques Philipponneau, Espainian gertatutako pozoinketa, “olio toxikoaren sindromea” izenaz mozorratu dena, l’Encyclopédie de Nuisances-en argitalpenak, Paris, 1994.)
Bera, José Bové eta Francis Roux, Nekazarien Konfederazioko bi kiderekin batera, arto transgenikoaren lehen epaiketan, 1998ko otsailaren 3an.
Epaimahaiko Presidente Anderea, Jaun horiek:
Aurreko lerro hauek, 1994ko iker-lan bikain batetik aterata daude. Geroztik, Estatuak, Justiziak eta aditu espainarrek, BAYER transnazionalaren laguntzarekin, txosten hau baliatu dute “Olio toxikoaren sindromea” izenaz, tomateak tratatzeko erabiltzen den izaki fosforodun batek (Nemacur 10), 1981 eta 1982an, mila pertsonen heriotzan eta hamarka mila lagunek jasandako osasun-kalte larrietan duen erantzunkizuna estaltzeko.
Antzinaroan liburu honek Geno-ban edo Amsterdamen argitaratu beharra izango zuen. Baina, gaur egun, hemen bertan oso-osorik ezagutzera eman dezakegu. Hona hemen demokrazia izenaz ezagutzen dugun aurrerakuntza. Beronek, faltsukeria batzutan oinarritutako gezur handi honek, nahiago izaten du ahal duen guztietan espektakuluaren sonorizazioa, egiaren musika baino. Horrela, itzalpean sortu zen liburu hau. Baina irakurleengana heltzeko gauza izan da.
Lan horren pasarteak gogora ekarri baldin baditut, ez da bakarrik epaiketa honekin lotura zuzena dutelako baizik eta, menperakuntza teknikek, langabeziaren gorabeherak edo produktibitateraren etekinak baino azkarrago garatzen ari direnak, boterearen babesatik kanpo gaudenontzat, duela lau bat urte jadanik gure buruari egiten genizkion galderen erantzuna imposatu egiten digutelako: Egia ezagutaraz daiteke oraindik, hainbeste estatu edo diru-botere gauzak nahasteko ados jarri direnean? Nola oztopa ditzakegu, ahots gabekoen, isilarazien jokalekutik, merkatariek eta haien lagunek, arrazoiaren jabe ez izanagatik, oposiziorik gabe ageri agerian burutzen dituzten trikimailuak? Nola lortu hori premia handia dagoenean?
Gobernu frantziarrak Novartis arto transgenikoa produzitzeko eta merkaturatzeko baimena eman zuen, lotsagarriro, gobernuak berak izendatutako Zainketa eta Aurreikuspen Komisioaren iritzia bazterrean utzita. Horrela bada, nekazariok, halakotxe izaki arraroak, gizakiak elikatzeko Kimika eta Farmakogintza baino hobeak ei garenok, edo laburrago esanda, Nekazarien Konfederazioko kideok, inposaketa horren aurka altxatu beharra zegoela erabaki genuen.
1998ko urtarrilaren 8an, Nerác-en, Novartis arto transgenikoa alferrikaldu egin genuen merkatura atera ez zezaten. Ekintza horrekin, lehenago egindako galderei erantzun eredugarria proposatu nahi izan genuen eta dugu, nire ustez. Egindakoaz harro nago. Harro nago, era berean, geroztik gizaki libre bezala jokatu dudalako egoki iruditzen zitzaizkidan bitartekoak erabiltzeko, urtarrilaren 8an egin genuen ekintzaren mamia gehiengoari helarazteko.
Baina ez naiz ni ekintza horren erantzule bakarra. Nire Nekazarien Konfederazioko eta Nekazari Europearren Koordinakundeko kideez gain, planeta osoko pertsona zintzo, jator eta kementsu ugari, dituen bitarteko xumeak erabiliz, gure ekintzarekin bat egiteari lotu zaio azken hiru asteotan. Eta ez da alferrik izan. Horretan nirekin bat etorriko zarete. Milaka eta milaka haur, emakume eta gizonek ohorezko arkua egiten digute José Bové, Francis Roux eta neroni epaimahai honen aurrean. Frantziatik, Europatik eta beste herrialdetatik heldu zaizkigun elkartasun testigantzak, hain denbora gutxian lorturiko milaka bat-egite adierazpenak, bide onetik dihardugula, ulertu digutela adierazten digute.
Ondo azaldu beharra daukat zeren eta txosten hau korrika eta presaka prestatu baitugu, epaiketa honen beste gora-beheratan buru belarri sartuta. Horregatik ez da behar lukeen bezain zuzena. Nire eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiet deitu ditugun lekukoei, euren iritzia eman dezaten.
Baina horrek ez du esan nahi eztabaida pizteko erabili dugun metodoarekin bat datozenik. Argi ta garbi utzi nahi dut hori.
Lekuko jakintsu hauen aburuarekin ados nago, goitik behera; ingeniaria genetikoak sorturiko landareak kontsumitzeak, gizakiaren eta animalien osasunean, naturan, uretan eta bioaniztasunean ekar lezakeen arriskuari buruz. Ikerketa mertzenarioak beste helbururik ez dauka -elikagaien kalitatea hobetu, itxuraz- baina errez salduko den merkantzia eta produkzioan izugarrizko etekinak lortzea benetan!
Lekukoen ahotik entzun dugu estatu frantziarrak Prekauzio Printzipio bati egin dion kasua. Berau, agintariak baldintzatu ditu, ez printzipio moralak gogoan izanda baizik eta zuhurtzia politikoagatik.
Uste dut ulertu dugula beraiek esandakoa, Kimika eta Farmakogintzak hazi transgenikoen merkatua berenganatzeko burutzen ari diren erasoak, herriek askatasunez elikatzeko duten eskubideari nola kalte egingo dion. Nekazarien antzineko ohiturak, euren-eurena den hazi-ugaltze hori galerazi nahi dute izaki patentagarrien bidez, beren akziodunen mesedetan.
Are gehiago, gobernu frantziarrak Genetikoki Eraldatutako Gorpuzkinen (GEG) erabilera nekazaritzan atzeratzea erabakiko balu ere (Dr. Strangelove batzu eta ikerkuntza publikoa gizakiekin egiten ari den esperimentuekin jarraitu beharrean, bertan behera utzi behar luke), guk hala nahi dugu behintzat, harik eta ikerketa guztiak, behar den denbora hartu eta GEG bakoitzak dituen abantailak aztertu arte. Nahiz eta Europear Batasunak EEBBen eta Mundu Salerosleen Erakundearen presioen aurrean zentzuz jokatu, lotsarik gabe izendatzen dugun “garapen bidean” dauden herrialdeetan GEG begetalak barra-barra zabaltzeko arrisku bizia da, oraindik.
Urtarrilaren 9an, errudun gisan aurkeztu ginen epailearen aurrean. Hiri demokratiko baten agoran Novartiseko sindikalista eta langabetuen asanbladako kideen artean gerta litekeen topaketa bezain polita, izan zen gurea. Hari buruz nabarmendu behar ditut Prokuradore Jaunaren berba egoki eta loratuak. Epaileen hizkuntzan aditua izan gabe, biziki hunkitu ninduen zein grinatsu defenditu zuen gure ekintzak ordenu publikoa nahasteko eta jabego publikoaren aurka atentzeko helburu zuela. Agengo langabetuen bulegoan, poliziaz inguratuta buruturiko lanuzte txiki bat zela kausa geunden epailearen aurrean. Bien bitartean, estatuan, langabetuen komiteak, iada matxinatu ezin daitezken klase arriskutsu eta lokartutako jendilaje horiek protestak burutzen ari ziren.
Den-dena esanda dago. Baina zera gehitu nahi dut: Duela egun batzuk galdetu zidaten ea zer iritzi nuen XIX. mendeko ehungintzan ziharduten langileei buruz. Aurrerakuntzaren abiadaren aurrean alferrik borrokatu zutela esanarazi nahi omen zidaten. Langile haiek, euren ordez lan egin behar zuten makinak txikitzen omen zituzten eta guk Novartis arto transgeniko apur bat, beharbada gutxiegi, desnaturalizatu dugu. Industri produktu hau zabalduko balitz, nekazarien galera etorriko litzateke. Non dago, bada, aldea? Ez dut batere alderik ikusten, geure ekintzak Lyongo langileei eman dizkie sasoi hartan argudiatu ezin zitzaketen arrazoiak.
Elkartasuna adierazteko ailegatu zaigun mezu batek ederto laburbiltzen du hau guztiau. Honelaxe dio: “Oraingo kapitalismoaren bertsio buruhiltzaile honetan “Aurrerakuntza bidean” emandako urratsak hondamendira doaz. Sarraskiaren tamainak, merkatal harremanak nagusi diren gizartearen beraren izatea ere kolokan jartzen du” Jessieun, urtarrilaren 21 izandako Langabetuen Batzar Orokorrak bidalita. Zer pentsatu eman beharko liguke.
Produktu transgenikoen lantegi bati egiten zaion lehen epaiketa honetara jendetza alaitsu eta kementsu galanta etorri da. Eta zer dio honaino ailegatzen zaigun zurrumurru horrek? Oreka finantzarien eta salgaien garraio librearen izenean gizakiak eta planeta pozointzeko arriskua bere egin duen ordenu soziala salatu nahi dute.
Behin eta berriro esan dut egindakoaren erantzulea naizela. Eta berriz diot: Nérac-en, urtarrilaren 8an egin duguna guztiz zilegia da. Eta egoki iruditzen zaidan moduan jokatzen jarraituko dut, legeak beranduegi onartu arren. Duela gutxi prozesu batzuk izan dira, gaur hemendik hurbil eta laster beste lekutan ere egiteko daudenak xede honen kontra doaz. Nirea nabaria da. Zuen epaiak esango du zuena.