ETSAIAREN IRUDIAREN FABRIKAZIOA

Betidanik izan dira garrantzitsuak etsaiaren irudikapenak eta mehatxuzko etorkizun baten itxurak Estatuaren errepresio aparatuentzat -militarrak, polizia eta, zer esanik ez, zerbitzu sekretuak-. Beren existentziaz gain, normaltasun garaietan ere zainketa berezia eta defentsarako antolamendua legitimatzen dute. Estatuko errepresio aparatuek aprobetxatzen dituzten etsaiaren irudi horiek, beraien jokabideak berak sortuak dira gainera.

Gerra hotzaren une gorenean Mendebaldeko Europako Estatu guztiek etsaiaren irudi garbia lantzen zuten: etsaia (ideologikoki komunismoak eta militarki Varsoviako Itunak azaltzen zutena) Elbaren beste aldean zegoen. Estatu barneko oposizioa, kanpoko etsaiak barnean zuen bosgarren zutabea balitz bezala ageri zen, eta aitzakia horrekin ibili ziren oposizioa zelatatzen eta segika polizia politikoa eta zerbitzu sekretuak. Balizko larrialdi egoerek eta komunistek infiltratutako langileriak altxamendu armatuari ekiteko aukerak, polizia armatu militarizatuaren presentzia justifikatzen zuten.

70eko hamarkadatik aurrera Estatuaren etsaiaren irudia lausotu egin zen. Hau, kanpo politikaren ikuspuntutik, distentsio politikak erraztu zuen. Barne politikaren ikuspuntutik, berriz, 60ko hamarkada bukaerako ikasle mugimenduak garbi utzi zuen ezkerra jada ezin zela sobietar komunismoaren baitan soilik sartu. Estatuaren barneko etsaiak kanpoko etsaiaren ordezkari huts izateari utzi zion eta benetako etsai bihurtu zen. “Hamarkada sozialdemokrata”n zerbitzu sekretuen eta polizia politikoaren zelatatzea, desagertu ordez, gehiago zabaldu zen. Oraingoan terrorismoan aurkitu zuen legitimazioa, izan ere, terrorismoa zerbitzu sekretuak eta poliziaren sistema osoa birmoldatzeko eta prozesu penala berriztatzeko aitzakia bihurtu zen, eta ez Alemanian bakarrik.

Beranduago, 70eko hamarkadako terrorismoak Europako poliziaren kolaborazioaren sorrerari lagundu zion. Elkarlan honen oinarrian ez zegoen iheslariak ondoko herrialdean klandestinitatera pasa zitezkeela bakarrik, baizik eta internazional terrorista moduko baten eraikuntza, Europa osoko talde armatuen bateratzea (RAF, Brigada Gorriak, Frantziako Action Directe, Belgikako CCC eta baita IRA eta ETA ere). Garai hartan, zuzenbide penal politikoaren arloan lankidetza INTERPOLetik kanpora geratzen zenez, poliziek foro berriak bilatu zituzten. Horrela sortu zituzten, 1978ko “klub”ez gain (Viena eta Bernakoak, herrialde alpinoen segurtasun zerbitzuak bateratzen zituztenak), TREVI, bere loturen bulegoak 1977an sortu zituena, eta urtero egiten zen terrorismo gaien mehatxu-analisia. Orduko Europar Komunitatetik at, 1983tik aurrera jadanik Police Working Group on Terrorism delakoaren baitan elkarlanean ziharduten.

Ikuspuntu politikotik, terrorismoaren mehatxuak, 80ko hamarkadaren hasieratik aurrera, ez zuen jada lehengo eraginik. Erakunde armatuak desagertzen hasi ziren banan-banan (ETA eta IRA izan ezik, hauek biak gatazka politiko eta sozial zabalago batetik sortu baitziren eta berari loturik jarraitu zuten). Gizartearen parte handi batek terrorismoaren mehatxua ez zuela lehen bezala ikusten onartu behar izan zuten poliziaren politika diseinatzen zutenek. Horrela bada, maila polizialen ezarrita zegoen lankidetzak berean jarraitu bazuen ere, politikoki bigarren mailakoa izatera pasa zen.

80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera barne-segurtasuneko politikaren xede nagusia marko nazionalean zein europarrean droga trafikoaren eta antolatutako kriminalitatea deitutakoaren kontrako borroka izan zen. Ronald Reagan lehendakari zuen AEBko gobernuak, 1986an lehen aldiz eta 1989an berriz ere, War on Drugs delakoa deklaratu zuen, eta Panaman eta Kolonbian burutu zuen ekintza militarren bidez. Beste askotan gertatu den bezala, AEBko segurtasun agintaritzaren diskurtsoak Mendebaldeko Europan eragin zuen. Europako merkatu bakarrak eta barneko mugetako kontrolak kentzeak -horixe irakurri ahal izan genuen ehunka aldiz argitarapen polizial eta ministerialetan- Europa “kriminalitate antolatuaren Meka” bihurtuko zuten, eta bertan drogak libre eta kontrolik gabe ibiliko ziren. Drogak eta antolaturiko kriminalitateak, Europol eratzea justifikatzeaz gain, Schengen lankidetzaren kontestuan ere paper garrantzitsua izan zuten. Schengeneko formulak -mugarik ez kentzea “segurtasun galera”rengatiko konpentsazio neurririk hartu gabe-, gaur arte, perpetuum mobile bezala funtzionatzen du eta gainera legalki sustraituta dago Amsterdameko Ituneko Schengen-Protokoloan. Europol Hitzarmenaren eskuduntzei buruzko arauan jasota dagoen ustezko edo benetako antolakuntza-egitura kriminalen aipamena hutsala bezain zehaztugabea da: Legez kontrako edozein jarduera berez da antolatua. Hau dela eta, antolatutako kriminalitatearen kontzeptua eremu berrietara zabal daiteke behin eta berriz. 1995 eta 1996 urteetan jadanik, Europolen droga Unitateari eskuduntzak eman zitzaizkion autoen legez kontrako trafikoa, gizakien salerosketa, sustantzia erradiaktiboen komertzioa eta etorkinen sarrera klandestinoa bezalako arazoetan. Zentzurik izan ez arren, Unitateak izen berbera mantendu zuen 1999 urtera arte. Etorkinen sarrera klandestinoan ziharduten taldeen mehatxuak, gainera, inmigrazio eta asilo politika murriztaileak eta mugak ixten saiatzea justifikatzen zuen. Kriminalizazio espiralak oinarriko gizarte arazoentzat proiektu politiko errealak bilatzeko eginkizunetik salbuetsi zuen politika. 2001eko irailaren 11z geroztik terrorismoaren gaia behin betiko itzuli da EBko barne-segurtasun politikaren eskenatokira. AEBko atentatuak gertatu eta astebete bakarrik pasa zenean EBko Komisioak terrorismoaren definizio bateratua egiteko eta europar atxilotze agindua ezartzeko esparru-hitzarmenen proposamenak aurkeztu zituen. Irailaren 20an EBko Justizia eta Barne-Ministroak bildu ziren. Bilera honen emaitza izan zen “anti-terrorismo mapa” (terrorism roadmap), 64 proiektu dituena; geroztik proiektu hauek banan-banan lantzen ari dira. Proposamen solteak etengabe gehitzen dituzte; proposamen hauek -bisa artxiboaren eraketak, europar atxilotze aginduak eta antzekoek bezala-, azken batean, ez dute zerikusirik terrorismoaren aurkako borrokarekin (zentzu hertsian), baina, terrorismo arriskuaren ohartarazpena dela eta, erresistentzia handirik gabe onartzen dituzte.

Terrorismoaren definiziorako EBko esparru-hitzarmena 2002ko ekainean sartu zen indarrean. Akordio honek, idatzia dagoen moduan (nahiz eta Ministroek, eskubide zibilen aldeko erakundeek egindako protestak zirela eta, zuzenketa batzuk egin zituzten), ez ditu orokorrean “terrorismo delitu”tzat hartu ohi diren atentatuak, bahiketak eta antzeko ekintzak bakarrik barne hartzen. Kaleko protesta militanteetan edo huelgatan erraz eman daitezkeen “biztanleria beldurraraztea” edo “erakunde publikoak edo nazioarteko erakundeak” legez kontra behartzea (zerbait egin edo egin ez dezaten) bezalako elementu tipikoak ere barne har ditzake. Delitu katalogoan daude baita ere “kalte larriak… leku publikoetan egindakoak… giza bizitzak arriskuan jarri edo galera ekonomiko garrantzitsuak eragin ditzaketenak”.

Beste neurri batzuk aztertuz ere egiazta daiteke, irailaren 11z geroztik, EBko terrorismoaren aurkako borroka protesta soziala kriminalizatzeko tresna bihurtu dela beste behin ere. Hirugarren pilareko lantaldeen markoan zerbitzu sekretuen eragin esparrua asko zabaldu zen. Inolako lege oinarririk gabeko lantalde berriak sortu ziren, zerbitzu sekretuen Task Force delakoa kasu; beste batzuk, polizia buruzagien Task Forceak adibidez, onespen legala gerora lortuko zuten, terrorismoaren aurkako borrokari esker. EBk, NBEren zerrenda jarraituz edo, hobeto esanda, AEBren presioei jaramon eginez, erakundeak eta gizabanakoak terrorista bezala administratiboki izendatzeaz gain (horrek dakartzan ondorio garrantzitsuekin: ondarea konfiskatzea, asiloa ukatzea…), bere zerrendak ere egiten ditu. Partaide diren Estatuetan onartu diren terrorismoari buruzko lege berrien aurrean, gutxienez, iritzi publiko nazionalaren protestak izan dira (ahulak izan arren), baina askotan EB mailan hartutako neurri eta akordioei ez zaie inolako arretarik jarri.

Funtsean: etsaien neurriz gaineko irudiak eta alegiako mehatxuak etengabe fabrikatzeak beldurra sortzen du eta gizartea eta politika aldaketa politikoen aurka immunizatzen ditu. Segurtasun eta polizia politiken diseinatzaileek bere gain hartu zuten status quoa defendatzeko enkargua. Esku-hartze eskuduntza berriei esker, botere politiko poliziala eta zerbitzu sekretuen boterea egoera errealetik eta frogagarriak diren berehalako arrisku zehatzetatik bereizita erabiltzen da etengabeki.

Heiner Busch – Wolfgang Kaleck

(“La policía europea: ¿Un peligro para la democracia?”, artikulutik hartura, “Derechos fundamentales y mundialización. Nuevos ataques nuevas respuestas” topaketen barruan: http://www.globaldr.org)

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like