“BAIONA-DONOSTIA EUROHIRIA”

Donostialdetik Baionako itsasertz zabaleraino hedatzen den lurraldean “mugaz gaindiko Metropoli berri bat eraikitzeko” egitasmoak agerian utzi ditu bere ildo nagusiak.

“Baiona-Donostia Eurohiria” deritzon plan honek, zalantzarik gabe, sekulako ondorioak eragingo lituzke lurraldean, gizartean eta ingurumenean. Hori dela eta, auzi honen inguruan informazioa zabaldu eta gizarte eztabaida bultzatzeko asmoz zenbait ekintza egin da azken hileotan Bidasoaren bi aldeetan. Merezi du, horrenbestez, joan den ekainean argitaratu duten “Eurohiriaren Liburu Zuria (Laburpen Agiria)” txostenean eta “C Eranskina: Azpiegiturak” izeneko haren eranskinean egiten diren proposamenak aztertzea, baita proiektuaren oinarri ideologikoa zertan datzan ezagutzea ere. Izan ere, Eurohiria eraikitzeko aurrikusten diren garraiorako azpiegitura-lan erraldoiek kalte nabarmenak ekarriko dituzte lurraldearentzat, eta egitasmoak gizarte-kultura arloa gogor astintzen du gainera.
Argibide bat baino ez, beste ezertan hasi baino lehen: zeri buruz dihardugu Eurohiriaz ari garenean? Oro har, ebidentzia nagusia: Eurohiria funtsean azpiegituren eta garraioarekin zerikusia duten jarduera logistikoen metaketa besterik ez da, kultur nahiz gizarte mailan desegindakoa. Hizpide dugun “metropoli-korridorea” garraioarentzat, ekonomiarentzat, teknologiarentzat sortutako tresna da; aldi berean, baina, gizarte bizitzari zeharo muzin egiten dion “hiria” da. “Sarean eratutako metropoli lineal batetaz ari gara hizketan”, dio Liburu Zuriak. Eurohiria ez dator bat, beraz, ezagutzen dugun hiri tradizionalaren errealitate urbanoarekin. “Hiririk gabeko” urbanizaziorik bada: Estatu Batuetako hiri ereduaz ari gara, antihiria deritzonaz zehatz-mehatz. Neurriz kanpoko merkataritzara bideratutako gizarte eredu batek espazioa okupatu eta urbanizatzeko duen modua da, pertsonen beharretatik urrun, bizitza errealaren mesprezuan oinarrituta. Nagusitasuna merkantzietarako garraio azpiegitura erraldoiek bereganatzen dute, “eragin handikoak eta lurralde eraldaketa sakonen bultzatzaileak” bezala aurkezten zaizkigunak. Eta neurri gabeko urbanizazio baten erdian, hiri eta herri tradizionalak, gizarte bizitzaren erreferente gisa, desagertzen dira.

Horrexegatik, Liburu Zuriak hirigintzako planeamenduari eskaintzen dion atala hutsaren hurrengoa da ia, “hiri” proiekturik ez dagoelako seinale. Eta, paraleloan, Eurohiriaren egitasmoaren atzean herri honetan inoiz planteatu den garraio azpiegitura planik beldurgarriena ezkutatzen dela ohartarazi behar da. Izan ere, Eurohiriaren erronka nagusia merkantzia bolumen handiak eta garraio fluxuak erakartzeko ahalmen ikaragarria izango duen lurralde globalizatua sortzea da. Liburu Zuriak dio: “Metropoli berria ez da azpiegitura bidez bakarrik eraikitzen, baina, bai atzo, bai gaur, azpiegituratan oinarritzen da. Eta baieztapen hau egia bada metropoli orotan, are gehiago litekeeneko Eurohiri honetan, izan ere, Europako eta nazioarteko korridore garrantzitsu batean baitu jatorria (…) Eurohiriaren helburua, Europako nazioarteko ardatz handien artean egotea da (…) zehatzago: Atlantikoaren plataforma intermodala eta logistiko gisa eratzea”. Ondorioz, lurraldea garraio azpiegitura handien mesedetan zatikatzen da eta jarduera ekonomikoaren sektore batek -garraioak- hegemonizatzen duen lurralde okupazioa bultzatzen da, horrek guztiak lurraldean, gizartean eta inguramenean eragiten dituen inpaktu larriak kontuan hartu gabe. Ondoren azalduko ditugun egitasmo guztiek garraioaren hazkunde itzela eta lurraldearekiko eraso latza dakarte berekin. Gurpil zoroa da.

Bigarren gogoeta hauxe da: Eurohiria ez da gai bertako gizartean eta kultur-identitatean oinarritzeko. Liburu Zuriak birritan azaltzen duenez, Eurohiria “europar eraikuntzaren estatu nagusiak botatako ideia da (…) Europar estatu nagusiaren lehen hipotesia da, hemen abiapuntutzat hartzen duguna”. Argigarria da, alajaina! Gauza bat gutxienez ziur esan dezakegu: lurralde honetan “mugaz gaindiko metropoli” bat eraikitzeko asmoak ez du jatorria bertako populazioaren inolako eskakizunetan, eta zioak beste alde batetik datoz, oso goitik etorri ere. Zertan datza Europako “goi estatuaren” ideia horrek baina? “Mugak gainditzeak dakarren berrikuntzak, espazio-denboraren azelerazioa eta hiri-sistemaren eboluzioa ekarriko du, non metropoli egituratuak geroz eta gehiago nagusituko diren”. Are gehiago: “Mugak irekitzearen ondorioz nagusituko den hiri-sarearen berregituraketan, komunitate arteko mugaz gaindiko espazioak europarra izan nahi duen hiri-sarearen leku-ikurrak izango dira. “Europa Proiektua” gauzatuko dute”. Liburu Zuriaren esanetan, beraz, “horren ondorioz sortzen da mugaz gaindiko lurralde honetan mugaz gaindiko “hiri” hori eraikitzeko ideia (…) Jakinara-tzera eman nahi den mezua argia eta erabatekoa izan behar da. Europa eraikitzeko ideia, batez ere, mugaz gaindiko guneetan oinarritzen da, eta ildo horretatik, hemen apustu handia egin da: hiri bat eraikitzea, Europako Proiek-tuaren adierazle eta paradigma. Honakoak, hain zuzen, inbertitzeko lehentasuna bereganatzen du, inbertsioa ondo aprobetxatuko baita”. Hori da ideiaren mamia, sinesgaitza.

Nabarmengarria da, batetik, ez duela euskal nortasuna ezertarako aipatu ere egiten, hain zuzen mugaz bi aldeetara herri bereko partaide izatearen sentimendu kolektiboa eragiten duen faktore gisa. Horrek errotik gezurtatzen du zenbait politikarik eta “aditu”k Eurohiriaren ideiaren aldekotasuna lortu nahian esaten dutena. Liburu Zuriaren hitzetan, “abiapuntutzat muga tarteko duten bi lurralde errealitate desberdin eta “urrunekoak” ditugu, goi-mailako erabaki baten ondorioz (Europa eraikitzeko prozesua), etorkizun “komun” eta ustez hobea izatera bultzatuta daudenak (nahi ote dute?)”.

Identitate kulturalari dagokionean Eurohiriak bestelako asmoa du gainera. Esaerak dioenez, “lurraldeak gizakia egin eta bere gogoa eraikitzen du”. Arrazoibide egokia da hori. Hona hemen Liburu Zuriak horren inguruan zer dioen: “Aurreko ataletan aurkeztutako Ekimenekin batera, eragin handikoak eta lurralde eraldaketa sakonen bultzatzaileak -azpiegiturei dagozkien ekintzetaz ari da, alegia-, era oso desberdinean gauza daitezkeen bestelako eskuhartzeak ere, ezinbestean azaldu behar dira. Beroriek nortasun bakarra lortzeko eragin handia dute, eta “nortasuna lortzen eta kidetasuna bermatzen” laguntzen dute (…) metropoliaren kohesio, identifikazio eta sustapenerako faktore gisa”. Egin kontu, “nortasun bakarra” sortzea aldarrikatzen du, Eurohiriaren interesetara jokatuko duena. Lerroartean antzeman daitezke “nortasun bakar” horretan -uniformizazio kulturala baino ez dena- lekurik izango ez duten identitate isil araziak. Nolanahi ere, metropolien hedapenean lekuan lekuko kultur-identitateen gaineko eragin galgarriak ematen dira, lokal mailan gizarte-kultura aldetik esangura berezia duten hainbat osagai (gizarte harremanak, inguruneak, bizibideak…) desegiten direlako. Horrexegatik, nortasun kultural berri baten aldarrikapena oinarrizko osagaia da horrelako “hiri” sistemen egonkortasunerako. “Zailtasun hori, gainera, metropoli-errealitate guztietan ematen da”, dio Liburu Zuriak.. “Dena den, mugaz gaindiko espazioetan zailtasun bat gehiago ere gehitu behar da. Zirkoan gertatzen den modura, “are zailagoa” da”… Arretaz irakurriz gero, nortasunak eta kontzientziak erabiltze hori guztia, ez al da arriskugarria eta kutsu totalitariokoa? Baina bistan da, liberalismoan interes ekonomikoak edozeren gainetik ezartzen dira.
Lurralde-orekari gagozkiola, Eurohiriak ikuskera guztiz kaltegarria dakar berekin. Hiri aglomerazio handietan erdiratua eta polarizatua den lurralde eredu baten alde egiten da apustu. Donostiako arkitektura eskolan, kasu, “Eurohiria” aurkezteko erabili zen panel batekin egin genuen topo: goikaldean airetik eginiko Donostia, Gasteiz eta Bilboko argazki bana ageri ziren; erditik behera, berriz, tamainan aurreko hirurak adina den New York hiriaren argazkia. Egoera kezkatzeko modukoa da, azken aldian hitzetik hortzera bait dabil “Euskopolis” edo Euskal Herria “hiri” bakar bihurtuko lukeen megapolis handiaren ideia. Halaber, Liburu Zuriak behin eta berriz adierazten duenez, “erronka horrek lurraldeari buruzko hausnaketa bat eskatzen du, ikuspegi berri batekin egina, eta gainera, beste eskala batean egina, eskala handiago batean. Izan ere, joko taula handiago baten gainean jartzea dirudi “lurralde berria”, metropolia, eraikitzeko modurik hoberena”. Hortxe baitago gakoa, egon ere. Era berean, hara nola deskribatu zuen Euskal Herriko Arkitekto-Urbanisten Elkarteko lehendakariak AHTaren ondoriorik galgarrienetakoa dena: “Euskal Megahiria: pentsa al dezakegu etorkizun aski hurbilean megahiri moduko Euskal Herri “transregional” batean? Hori da azken finean Abiadura Handiko trenen berezitasun eta ezaugarririk behinena edo erronka nagusia: lurralde eta hiriak, baita lurralde transregionalak ere, megapoliak bihurtzeko aukera alegia, jadanik Japonian gertatzen den bezala”.

Beste ezein jarduketan ez dira honetan bezain nabarmenak insituzioen ikuspegi desarrollista eta lurraldea hausnarketarik gabe xahutzeko eta hondatzeko joerak.

Nabarmenki, proposatzen den eredua ez da nekazaritza eremuak eta erabilerak integratu eta gordetzeko kapaz. Eurohiriaren azpiegitura lanek, soilik, lur sail ikaragarriak hartuko lituzkete, 1200 hektarea, lehen zenbaketa baten arabera, nekazaritza eremuetakoak gehien-gehienak. Bestalde, ezin ahaztu metropoli berriaren eragipean areagotuko den hazkunde urbanoa, askoz ere handiagoa noski. Honako hau esaten da gainera: “Lurraldearen Antolamenduan eta Hirigintza Planeamenduan nekazaritza lurrak zorrotz erregulatzen dituzten irizpide eta araudiak sakonki berrikusi beharko dira” (Síntesis y Conclusión de la Fase de Reconocimiento de la Conurbación Baiona-Donostia. Arkitektura Eskola/Gipuzkoako Aldundia, 1995). Horiek horrela, 60-70. hamarkadetako nekazaritza lurren suntsipena ezdeus gerta daiteke etorkizunerako aurrikus daitekeenaren aldean.

Lurralde antolaketa kontuekin jarraituta, berdintasunik gabeko garapen eskema zeharo okerra dakar gainera egitasmo honek. Batetik, Eurohiriak hain gogoko dituen barruti “bikainen” -Txingudin eraiki asmo duen erdigune metropolitar handinahaia, kasu- eta “bikaintasun” horretan deuserako bizi ez diren barruti baztertuen arteko desoreka sozialak eta espazialak areagotzen ditu. Bestetik, hirigintza garapenari buruz aurki daitezkeen aipamen urrietan, Iparraldeko eremuan nahi beste lur erabilgarri izateko interesa nabarmentzen da, batipat. Horrekin batera, honako hau dio: “Ezberdintasun nabariak daude bi lurraldeen artean (…) Ezberdintasun horiek osagarriak izateaz gain, indargarriak dira, lurralde batzuen eta besteen espezializazio bereizgarria bultzatuz”. Hau da, Iparraldeak “ohatze-olgeta” (erdaraz: “dormitorio-asueto”) motako etxegintzaren bitartez bizi duen “suburbanizazio” prozesua areagotu nahi du. “Dentsitate apaleko” urbanizazioek landaren kaltetan hirigintza eremua neurriz kanpo hedatzea, presio inmobiliarioa, lurralde xahuketa eta biztanleen arteko harreman gabezia bultzatzen dute.

Gainerakoan, “metropoli berdea”z mintzatzen zaigu, “garapen iraunarazgarria”ren tesiak (bikainak batzuentzat) aintzat hartuta. Eta kontu horiekin nahikoa ez balu, “Eurohiriaren Hiri Ekologiari buruzko Gutuna” sortzea aipatzen du, hau da, “Eurohiriko lurraldearen ingurugiroaren kalitate label” fantasmagoriko bat. Eta nola ez, “Eurohiriaren Parkea” ere eraikiko da, “Eurohiriaren bizitza kalitatearen hobekuntzarako eta turismoa erakartzeko ingurune babestua”, alegia. Nolanahi dela, erakusleihoko merkantzia-natura arrasto batez gaur egun oraindik eskueran dugun errealitate oso bat aldatzeagatik deus ere galduko ez genukeela pentsarazi nahi digu.

Ezin uka, berriz, aurrerago egiten duen iragarpenarekin bete-betean asmatzen duela: “Erabakitzeko prozedura berria bultzatu behar da”, dio Liburu Zuriak, “edo beste era batera esanda, beste motako erabakitzeko prozesua”, “gouvernance” deitzen duena. Izendapen hori berria da eta euskaraz “gobernabilitatea” eta “gobernagarritasuna” itzultzen du. Izan ere, metropoli baten erakuntza, printzipioz, ez da gai erabakiak hartzeko prozesuari dagokionean jendearen partehartzean eta udalen autonomian oinarritzeko; aginte-prozedura berri batean oinarritzen da, nahitaez, goitik behera zentralizatua eta herrien erabakitzeko ahalmena biribilki murrizten duena. Hain zuzen ere, helburu horrekin eratu da “Baiona-Donostia Eurohiriaren Mugaz gaindiko Agentzia” deituriko erakundea. Entitate hori “politika eta instituzio maila handieneko erakundeari loturiko entitate albokoa” da; hau da, Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Bulegoa eta BAB-Baionako aglomerazioko presidentearen aginduetara dago. Liburu Zuriak agentziaren “autonomia” goraipatzen du eta ahalmen handiagoak ematearen alde agertzen da, lurralde honetan inbertsio guztiak Eurohiriaren interesetara zuzentzeko. Honako oharpena egiten du gainera: “Guztiak du eragina Eurohiriaren eraikuntzan, hortaz, Eurohiriak lurralde honi dagokion gauza guztietan erreferentea izan behar du (…) bestelako erakunde administratiboek eta erakunde lokalek eguneroko erabakiak hartzeko orduan”.

Aldi berean, espazio kolektiboari eragiten dioten erabakien inguruko gizarte eztabaida murriztu nahi da. Informazio ezak gizartearen axolagabetasuna du helburu eta agentziaren egitasmoak errazago lantzeko nahita egiten da hori. Eramandako prozesuan herritarrak eta gizarte erakundeak baztertu ez ezik, kalteturiko udalerriei aitortzen zaien autonomia maila mugatzea eskatzen du gainera Eurohiriaren eraikuntzak. Liburu Zuriak mesprezuz aipatzen du “udal hirigintza plangintza mosaikoa, beste maila bateko hurbilketa falta zaiona”, metropoliaren eskala handikoa, alegia, eta bere ustez udalen “autonomia, onetsia, agian gehiegizkoa da”.
Hitz batez, Eurohiriak eredu bakar bat proposatzen digu: gizarte xahutzaile, teknokratiko, kapitalista… Nola nahi ere, sekula ezin esan daiteke metropoli bat eraikitzeak gizakiaren bizitza hobetzea duela helburu. “Neohirietan” sakabanatuta bizi den jendea hiri handiek sortzen duten noraeza, masifikazioa, isolamendua eta alienazio teknologikoaren mendean bizi da. Metropoli modernoek itxuraz “eroso” bizi den biztanleria bati dagozkion kanpoko zeinuak erakusten badituzte ere, ez da ahaztu behar gizartearen zati bat estuasun geroz eta handiagoan bizi dela, hiri handietako gaztedia eta sektore baztertuak batik bat.

Arazo honen erro soziala ere nabarmendu nahi dugu, inposatu nahi zaigun lurralde eredua edo metropolia ez baita halabeharrezkoa. Kapitalaren interesekin estu lotua dago. Ekonomia-ren globazliazioaren ondorioz, Kapitalak hirugarren sektoreagatiko lehian murgiltzen diren gune urbano handietarantz jotzen du, bertan kokatuz balioa irabazten duelako. Hori dela eta, administrazio publikoen eskuhartzeak, kapital pribatuaren logikarekin bat eginik, honek behar duen lurralde metropolitarra moldatu eta indartzen du, hazkundea hirigune horietara bideratzea ahalbidetzen duten azpiegituraz sortuz.

Arazo zaharrek ez dute arazo be-rriak sortzeko arrazoi bihurtu behar. Donos-tia-Irun aldean Gipuz-koako biztanleriaren %28a bizi zen 1860 urtean (honela banatua: Donostia 14.111 biztanle, Altza 1.230, Pasaia 1.266, Errenteria 2.869, Irun 5.747…); 1991 urtean portzentaia %57koa zen eta biztanleria hamar aldiz baino gehiago hazi zen. Ipar Euskal Herrian antzeko zerbait gertatu da zoritxarrez, eta kostalderanzko joerak desoreka handia sortu du. Hala ere, lurralde honetako biztanleria dentsitateak ez du europar dimentsioko metropoli bat sortzeko ahalmena dagoenik esan nahi; are gutxiago, tankera honetako egitasmo handinahia egokia denik.

AZPIEGITURA PLAN BELDURGARRIA:

Begirazten zaion lekutik begiratzen zaiola, ez da beste norabide bateko zeinu edo arrastorik sumatzen: azpiegiturei dagokienean Eurohiria eredu desarrollista eta sostengaitzean oinarritzen da.

Gurpil zoroa da. Liburu Zuriak dionez, “garraio fluxuak, batez ere merkantzienak, nabarmen areagotzen ari dira eta pilaketak eta arriskuak sortarazten dituzte. Egoera etorkizunean latzagoa bihurtuko da, hortaz, komeni zaigu? Eraiki nahi den Eurohiri horri, merkantzien trafikoaren areagotzea komeni ahal zaio?”. Eta jarraian erantzuna, baietz: “Merkantzien garraioa areagotzea nahi dugu, eta garraio-fluxu horiei loturik, balio erantsia -hau da, etekinak- eskuratzen jarraitu nahi dugu ere (…) Berori aurretik adierazi dugu zehatzago: Atlantikoaren plataforma intermodala eta logistiko gisa eratzea (…) merkantzien fluxu ahalik eta handiena erakartzeko”.

Aldi berean, bestelako arazoa sortzen da, “horrek dakarren kamioien garraioaren etengabeko hazkundearekin zer egin, alegia (…) Orduan, zalantza hori sortu ahala, begiak trenera bihurtu behar dira. Soluzioa izango al da? Kamioien trafikoarekiko alternatiba izan al daiteke?”. Egin kontu, ezetz dio biribilki: “Behin eta berriz adierazi dugun bezala, trenak etorkizunean kuota handiagoa hartzen badu ere, inoiz ezingo du merkantzien garraioaren portzentaia esanguratsu bat bereganatu. Kamioiez egiten jarraituko da hori nagusiki”. Hartara, AHTarekin kamioien kopurua gutxituko dela dioen leloa amarrukeria hutsa dela bistan da. Hala ere, edonolako gogoeta eragozteko kontsignak botatzen ditu gero: berak daki nola, AHTari esker “errepideetan kamioi-kopurua asko gutxituko litzateke (…) Kamioirik gabeko “hiria”! Eurohiriaren slogan bereizgarria izan daiteke”.

Jarraian eskaintzen duen azpiegitura-dantza ezin hondagarriagoa da, ordea.

Abiadura Handiko Trena: Lehentasunezko ekimena AHTaren “Euskal Y”a eraikitzea da, “batez ere merkantziak bideratzeko korridore berri” gisa. Harekin batera, garraioaren zerbitzurako plataforma logistikoak egin nahi ditu, “bakoitzak 100 hektarea inguruko lurrazalerarekin”.

Hegoaldeari dagokionean, horietako bat “Hernani-Astigarraga artean, Urumean aldez alde”, Behobia ondoan beste bat (A-8 autopistaren aldez al-de), eta gainera, Gain-txurizketan ere beste bat gehiago koka litekeela adierazten du. “Jakina, horiek ez dira ez bakarrak ezta nahitaez handienak ere izango (…) Errealki, trenbide sare berriaren inguruan alderik alde kokatutako plataforma logistiko kate batetaz ari gara (…) merkantzien fluxuen parte handi bat negoziatzeko gaitasuna izango dutenak (…) Besterik egin ezean, Eurohiriaren lurraldea azpiegitura berriak igaroko luke, baina merkantzien trafikoari dagokionean berau elikatuko duten plataforma logistikoak -eta negozio aukerak, beraz- hemendik kanpo kokatuko lirateke”.

Iparraldean, “Abiadura Handiko linea berria barnealdetik igaroko da (…) 350km/orduko abiadurarako diseinu parametro modernoenekin”.

Bestalde, “Euskal Y”arekin batera -orain arteko proiektu ofiziala-, Liburu Zuriak egituragatik “L” izenarekin ezaguna den egitasmoa jasotzen du. Inolako kasualitaterik gabe, gainera, AHTarentzat euskal Merkataritza Ganberek 1998an ezagutzera eman zuten bigarren proposamen horren egileak eta Eurohiria landu duten enpresa-kontsultoreen Idazketa Taldea bera dira. Zergatik “Y”az gain “L”a? Laburki esateko, Liburu Zuriak “Y”a merkantzietarako zalantzarik gabe beharrezkoa, baina bidaiarien trafikoa biltzeko eskasa jotzen du. Honela dio: “Aurretik kontuan hartu ez den metropoli berriaren ikuspegitik begiratuta, AHT/TGVren geltokiak non kokatu eta nolakoak izango diren finkatu behar da. Abiadura Handiko sare berriak hirien lurrazpitik iragankorrak izan daitezen jotzen da, geltokien zentralitatea dela medio, abioiarekiko lehiakorragoak izateko. Lurrazpiko geltoki bat ezartzea ere posible izan daiteke, Donostiaren erdigunean”. Ondorioz, Donostiako hiri erdialdetik AHT bigarren linea bat marrazten du. Eta lerro honi jarraipena emanez, Abiadura Handiko lerro guztiz berri bat marrazten du mendebalderuntz: Añorga, Usurbil, Aginaga eta Andatza (Aia) zeharkatzen ditu horrek, Bilboko norabidean zuzen-zuzen. Halaber, Bidasoa Beherea/Urruñako eskualdean, AHTaren sarea bikoizten du: “Beste geltoki bat Txingudiko erdigune berrian kokatu liteke, era berean lurrazpian eta linea berri batean”.

Egundoko dentsitatea lukeen AHT sarea beraz. Ibilbide ezberdinek lurralde osoan eragingo lituzketen kalteak neurrigabeak dira.

Autopista lerro berriak: Honako proposamena aurkezten du jarraian: “Beste autobide bat, gaur egungo korridorea baino barneago kokatua, kostaldetik urrunago”. Onartzen duenez, “ingurugiroan eragin oso handia izango luke, eta era berean, jadanik dauden bestelako azpiegiturekiko gehiagarria izanik, ez luke eurek sortarazitako eragina murriztuko”. Alabaina, gutxigora-behera 57km autopista lerro berri eraikitzea planteatzen du, mugaren bi aldeetan lau zatitan banatuta. “Honako soluzioa inbertsio pribatuei erakargarri gerta dakieke, hain zuzen jadanik dagoen kanala kongestionatu ahala”. Autopista zati berriak honako hauek dira:

-Donostialdeko 2. Gerrikoa: 16km-tako zati berri hori Usurbilen hasi eta Oiartzunen amaitzen da. Zeharkatzen duen lurraldea menditsua da. Urumea-Errenteria zatian sei karril eta 74.000 ibilgailuko trafikoa kalkulatzen du aurreproiektuak, Donostialdeko errepide sareko arteria handiena bilakatuta beraz. Donostialdeko ingurune erruralean egundoko kalteak eragingo ditu: Zamalbide, Astigarragako Bentak, Txoritokieta, Urumeako ibarra, Ergobia eta Hernani gaineko Oriamendiko magalak, Galarreta, Errekalde, Aritzeta…

-“Bidasoako Gerrikoa”: Egiazki “Oarso-Bidasoako Gerrikoa” izendatu behar luke. Gutxigora-behera 12km.tako autopista traza berri honek, egungoa baino barnealderago kokatua, Donostiako 2.Gerrikoari jarraipena emango lioke Oiartzunen hasi eta Biriatu/Behobia aldean Bidasoa zeharkatu arte. Oiartzungo udalerrian Arragua, Pintoko Erreka, Lamialeku eta Gurutze zeharkatzen ditu; Irunen Olaberria eta Meaka.

-“Donibane Lohitzune – Bidarteko Zinturoia”: Gutxi gorabehera 5km-tako autopista zati berria.

-“BABko Zinturoia”: Baionako aglomerazioa eraztun handi baten gisa inguratuko lukeen 24km luzerako autopista zati berria. Trazak hainbat udalerri kaltetzen du eta Baionako Portura sarbide berria du, Tarnoze aldetik (Landak).

Autopista lerro berrien inguruan honako hau dio Liburu Zuriak: “Esan daiteke, egia baita, A-8 autobidea Hegoaldean eta A-63a Iparraldean, beroriek egin zirenean, hiriguneen kanpo-saihesbide gisa egin zirela (…) Hala ere, 600.000 biztanleko metropolia eratu nahi bada -hain zuzen, hainbat auzi eskala handitan birplanteatzea eskatzen duena-, eta Pirinioen Mendebaldeko Ipar/Hegoa korridoreak suposatzen duena kontuan hartuz, bestelako ikuspuntutik begiratu behar da, hau da, adierazitako metropolikoa den eskala handiko hausnarketa. Badirudi, gutxienik, erantzun-mota birplanteatu behar dela, hau da, jauzi koalitatiboa eman behar da, eta ez soilik koantitatiboa”.

Jakina, logika horren bidetik segituz gero, gerriko berri horiek ere denborarekin kolapsatuta geratuko dira, eta orduan berriak beharko dira. Eta aurreraka egiten den ihesaldi horrek ez du amaierarik izango.
Kamioien erabilerarako bide berezia: Segidan “kamioien erabilerarako bide berezia” eraikitzea proposatzen du. Posibilitate honek aukera bi eskaintzen ditu trazaketari dagokionez:

A) Trazaketa independientea duen kamioientzako errepide berezia;

B) “Bi pisutako aukera mistoa”. Hau da, AHTaren traza berriari gainjarritako kamioien erabilerarako bide berezia. Posibilitate hori zeharo erasokorra izanik ere, kalterik txikienaren izenean justifikatu nahi du gainera: “Bigarren kasu honetan, trenbide azpiegitura errepide berri batekin batera eratu liteke, honako diseinu soluzioen bidez, alegia: AHTa lurgainetik doan zatietan -Iparraldean batipat-, trenbidea batez ere merkantzien trafikoa bideratzera zuzenduriko autopista berri baten erdibidean kokatuz; eta AHTaren lurrazpiko zatietan -hau da, Hegoaldean batipat-, aldiz, errepidearentzat berezko trazaketa ezberdin bat eginez edo bestela bi pisutako tunela eratuz (…) Berritasuna suposatzen du. Bide batez, trenbide/errepide ingurabide arazo bikoitzaren soluzioa izan daiteke, era honetan, gutxienez, lurraldean urradura berri bakar bat eragin dadin”. Hamaika ikustekoak jaioak gara!

Jaizkibelgo Superportua: Metropoli berriaren merkantziak garraiatzeko estrategiaren barnean, halaber, Liburu Zuriak dio: “Eurohiriaren portuetako iharduera zehazteko bidean da. Pasaiaren kasuan itsaso irekian portu handi bat eraikitzeko aukera aztergai da, Bilboko portu berriaren antzera”. Ezbairik gabe, Pasaiako portua Jaizkibelgo itsaslabarretan zabaltzeko egitasmo eskergari abala ematen dio, lurraldearen antolamendurako eta naturaren babeserako hainbat plangintzatan balio naturalik gorena eta babes berezia aitortzen zaizkion kostaldea izan arren. Bost axola… Superportuarentzat aurrikusitako kokapeneraino sarbide bat planteatzen du, trenbide sare berritik.

200 hektareako poligono Industrial-Logistikoa Gaintxurizketan: Ekimen handinahiak gehituz doa lehiatsu. Oraingoan “portuei loturik parke logistiko industrialak egiteko kokapenak proposatzen dira (…) Pasaiako portuari dagokionean, Gaintxurizketa ingurua eta Hernani eta Astigarragaren arteko Urumeako korridorea dira kokapen proposamen argienak”. Gaintxurizketan bereziki, garapen logistiko-industrial izugarri handia planteatzen da, “200 hektareako parke industrial-logistiko” baten ezarpena dela medio. “Eurohiriaren eraikuntzak ahalbidetu eta aldarrikazten duen ikuspegi berriaren paradigma da”.

Aireportu berria metropoliarentzat: Beti bezala aurrerantz ihes eginez, aireportu berri bat eraikitzeko proposamena dator eta beharko litzatekeen azalera 200Ha.koa kalkulatu du. Halako azpiegitura baten beharra zuritu nahian, hona zer dioen: “Aire trafikoa hazkunde azeleratua ezagutzen ari da; honek hegazkin handiagoak eskatzen ditu, bidaiari gehiagorentzako edukierarekin, finean prezioak merkatzeko, aire-merkatuaren liberalizazioak eta aire konpainia berri askoren etorrerak sortutako merkatu agresiboan. Horrek pisten eta terminalen hedapena eskatzen du (…) Hondarribiko aireportuak muga handiak ditu edozein hedapenetarako. Biarritzekoak, berriz, nahiz eta hasiera batean ongi egon, espazio mugak ditu orobat, zaildu egingo luketenak Eurohiriaren “aireportu-hiriak” eduki beharreko proiektu handinahi baten garapena”. Horrenbestez, Liburu Zurian proposatzen da “metropoli berriaren aire trafiko eskaintzarako eskura egon daitezkeen etorkizuneko alternatibak lantzea”, eta “Mugerretik hurbil, Errobi ibaiaren inguruak, hain zuzen, kokapen aukera hoberenak” ematen ditu. Zehazki, Milafranga udalerriko ibarraz ari da.
Txingudi: birmoldaketa erraldoia: Garrantzitsua da hurrengo hau ere. Metropolien erdiguneak, jakina denez, botere adierazle diren hainbat ekimen urbanistiko arranditsuren erdian finkatzen dira. Kasu honetan, Txingudik ordainduko luke halako hiri-birmoldaketa eta mudantza erraldoi baten nahigabeko ohorea, “bere badia natural ikusgarria inguratzen duten lursailetan”. Erabilera ezberdinak proposatzen dira: Europako Plaza, etorbidea, etxebizitzak, ekipamenduak, zerbitzuak, jarduera ekonomikoa, Eurohiriaren Azokagunea, dorre bereziak, e.a., “jaio berri den metropoliaren indarra eta potentziaren erakusle”.

Barneko errepide-sare berria: Bere-biziko ondorioak dituen ekintza bat gehiago. “Metropoli-korridore” baten eraikuntzak nahitaez hiriarteko garraio arazoengan ondorio garrantzitsuak ekartzen ditu berekin. Era guztietako garraio premiak bultzatzen dira, baina batez ere autoaren erabilera orokorran oinarritzen da. Hartara, “barnekobide-sare berria (…) Eurohiriaren armadura eraikitzea” proposatzen du. Arduragabekeriaren beste agerpen biribil bat da, jadanik “barne iriskorasunari erantzuten dion azpiegitura-kontzentrazio handiak eragindako ingurugiro-inpaktu negatibo garrantzitsua pairatzen duen lurraldea” dela kontuan hartuta, Liburu Zuriak berak onartzen duenez. Nolanahi ere, halako oharkizunak bost axola zaizkio. Eta Lezoko autobia gatazkatsua eredutzat ematen du gainera. “Metropoli berriaren egitura eratzen hasi da hor”, dio, Pasaia eta Irun artean programaturiko errepide sare zabal-zabalaz aipamen eginez.

Metro arina: konponbide faltsuen gaitz-espiralera eramana: Liburu Zuriak egiten duen metro arineko proposamena tamalgarria da. Tranbiak ekonomia, gizarte eta ingurumen aldetik garraiobide egokia izateko duen gaitasuna alferrikatzen du. Batetik, metro arina ezartzeak, planteatzen duen moduan, Iparraldean trenbidearen zenbait gune hartuko lituzke, “neurri dezentean egungo trenbide sarean zehar baitoa”. Eta inolako lotsarik gabe aitortzen du jarduketa horrek posible egingo lukeela, ez bakarrik “Donostiatik Baionarako zerbitzuaren jarraipena”, baizik eta “ekintza honek ekarritako trafikoaren areagotzeak egungo trenbide sarean saturazio arazoak sortuko lituzke, TGVren korridorearen premia eta beharra bultzatuz”. AHTaren aldeko interesekin nahasita egiten duen metro arinaren proposamen hori zitalkeria da, eta eztabaida piztu du Iparraldean.
Bestetik, “metropoli lineala” bezala deskribatzen duen Eurohirian -lurralde eredu horrek motordun garraiobide mota guztietan beharrak areagotzea bultzatzen du, baina batez ere auto pribatuan-, jarduketa hori ez da trafiko gurpildunaren bolumena murrizteko gai. Alde horretatik, alferrik saiatzen da metro arinaren proposamena ibilgailu pribatua erabiltzeko asmoak kentzeko elementua dela frogatzen.

Azkenik, metro arinaren funtzioa garraiotik haratago doan perspektiba batetik ulertu behar da. Bereziki, “hiri nortasun berriaren sortzaile” funtzioa egozten zaio. Horri dagokionez, Liburu Zuriak honako hau esaten digu: “Nazio eta nazioarte mailako esperientziek azpiegitura mota honek zeharkatzen dituen espazioen errotiko itxuraldaketa erakusten dute (…) Bizkarrezur berde izenekoa eratzen da, metropoliaren Etorbidea (…) Metro arinaren ezaugarriak dituen garraio publikoaren ardatz indarstu hau, Euro-hiriaren sare metropolitarra artikulatzen duena, bere eraikuntzarako ezinbesteko faktorea bihurtzen da (…) kalitatea duen beste edozein metropoli moderno handiren antzera”. Badirudi “clean” gisako girotzeaz ari dela -janari bizkorreko jatetxeetan bezala, aire girotua eta bidaiari girotuak halaber-, bizitza metropolitarrean eta garraiobide modernoetan horren tipikoa den bakartze ia eskizofrenikoaz eta giro anestesiagarriaz. Azken finean, gaur egun metro arinaz zenbat eta gehiago hitzegin, orduan eta gehiago ematen du “kapritxozko helburu estetiko” hori dela funtsezkoena.

BUKATZEKO

Pentsatzekoa da gizartea erabakitzeko ahalmenik gabe uzten duen tankera honetako eraso indartsuak eta lurraldearen okupazio bortitzak bere aurkako erantzunak eta erresistentziak sortuko dituela hainbat herri eta auzoetan. Uste dugu, gainera, merezi duela horretan ahalegintzea. Finean, “Eurohiria” lokal mailan erabateko larritasuna duen globalizazioaren adierazlea da.

Mugaz gaindiko lankidetza beste eredu eta balore batzuren gainean oinarritu behar delakoan gaude: hurbiltasunean oinarrituriko ekonomia, gizarte eta kultura harremanen sustapena norabide alternatiboaren muina izan daiteke. Asko eta asko gara haien hizkuntzan mintzo ez garenak, edota haiek bezala pentsatu, desio edo amets egiten ez dugunak.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like