ALIENAZIOA

Gaur egun, kontrola automatikoki ezartzen dute gure gain, bizi eta mugitzera behartuta gauden tokien bidez. Geure bizitzan zehar, errito batzuetan partaide izaten gara: lana, “aisialdia”, kontsumoa, sumisioa; bizi garen mundua horretarako bereziki diseinatuata dago eta.

Guztiok badakigu merkatal guneak erosteko, bulegoak lan egiteko, ironikoki deituriko “egongelak” telebistari begira “egoteko” eta ikasgelak irakasleen esanetara egoteko eginak direla. Geure bidaietan ezagutzen ditugun bazter guztiek, aldez aurretik jarritako esanahia daukate, eta, bizimodua automatikoki aurrera eramaten jarrai dezagun gu bide horietatik ibiliaraztea baino ez daukate.

Benetan zaila da, megadentetan begiratu eta erostea ez den beste edozer egitea, horretarako ohituta gaude eta ulertezina da bertan beste edozein gauza egin dezakegula, aipatu gabe -ondo pentsatuz gero- erostea ez den zerbait egitea ilegala dela, ia beti.

Munduan, gero eta eremu libre gutxiago dago, giza-eraikinarik gabekoak, non geure gorputzak eta gogoak askatasunean mugi daitezkeen.

Ezagut genitzakeen leku guztiek jaberen bat badute: pertsona edo entrepresaren bat. Berauek izena eta izana jarri diote leku horretxeri: jabego pribatua, merkatal gunea, superautobidea, ikasgela, parke nazionala,… Munduan zehar egiten ditugun bidaiak, ez gaituzte ia inoiz oraindik libre geratzen diren txokoetara eramaten.

Pentsakera eta plazerra edozein eratara libre izan daitezkeen gune hauek, astiro-astiro desagertuz doaz eta amets prefabrikatuak geure diruaren eta emozioen truke saltzen diguten eremuak, Disneyland esaterako, sortu.
Giza biziaren osagai garrantzitsua da norberak munduari zentzua ematea, bakoitzak bere bideak sortzea eta beren baitan jokatzea.

Gaur egunean, ia egundo ez gara egoten horrako joera duten tokietan, hortaz,ez litzateke harritzekoa izan behar hainbeste jende etsita eta hutsa sentitzen bada. Munduan, alderdi libre gutxi dagoenez eta eguneroko bizimoduaren ibilbideek horietara eramaten ez gaituztenez, Disneyland bezalako tokietara joan beharrean izaten gara, jokoa eta zirrarararen antzeko emozioak sentitzeko.Honela, gure bihotzek irrikatzen duten benetako abentura, sasiabenturen ordez, eta sorkuntzaren grina sasitestigantzaren ordez aldatu dute.

Geure denbora araututa eta beteta dago geure espazioa den bezala; areago, geure espazioaren zatiketak iragartzen du jadanik gure denborari gertatu zaiona.

Mundu guztia bizi eta mugitzen da ordutegi estandarizatu baten arabera, planetaren alde batetik bestera geure mugimenduak sinkronizatzeko. Sistima honen baitan ere badira mugatzen gaituzten beste ordutegiak: lanarenak, eskolako autobusenak, garraio publikoarenak eta entrepresen harrerarenak. Geure bizimoduaren programazio hori, haurtzaroan hasten da eta geure bizitzetan izugarrizko kontrola ezartzen dute: ahantzi egiten dugu, azken batean, geure bizitzaren denbora geurea dela eta nahi dugun erara erabil dezakegula, lan egunak diren, otordua edo asteburua den gogoan izan gabe.

Gutariko gehienok, berezko bizimodua dugu amets. “Aisialdia” delakoa, lana ez den beste edozer gauza egiteko programaturiko denbora besterik ez da. Zenbat aldiz ikus dezakezu egunsentia? Zenbatetan ibiltzen zara paseoan eguerdi eguzkitsuetan? Bidaia bat oso zirraragarria egiteko aukera aste honetan bertan sortuko balitzaizu, joan zintezke?
Holako eremu eta ordutegi trinkoek geure ahalmena zeharo mugatzen dute. Aldi berean, elkarrengandik urruntzen gaituzte. Geure lanbidean luzaro egoten gara langintza zehatza eginez, giza talde zehatz batekin, leku zehatz batean (edo aurrez ezarritako giro batean, aldi baterako langileen kasuan, behinik behin).

Esperientzi mugatu eta errepikakor hauek munduari buruzko ikuspegi oso murritza ematen digute soilik, eta bestelako jendea ezagutzeko aukerarik ez dago. Gure etxeak are isolatuago egoteko dira. Kutxatiletan sartuta egoten gara, neurri batean kapitalismoak gu baino okerrago tratatu dituenen beldur garelako eta baita ere seguritate sistimak saltzen dituzten entrepresen propaganda paranoikoa barneratzen dugulako. Gaur egungo auzoak lehen komunitatea zenaren hilerriak dira, jendea kutxa txikietan egonda… geure supermerkatuetako produktuak bezala, “freskue” mantentzeko. Orma lodiak geu eta auzoen artean eta geure senideak beste hiri eta herrialdeetan barreiatuta, oso zaila da komunitatea aurkitzea eta oraindik zailagoa elkarren sormenetik edateko eremua sortzea. Geure lanak eta etxeak leku bati lotuta gauzkate, geldirik, eta presaka egindako oporretan ez bada munduan zehar bidaiatu ezinean gabiltza.

Eta gure bidaiek mugatzen dute, mugatzaileak dira. Geure garraiobide modernoek: autoek, autobusek, metroak, trenek, hegazkinek; denek eremu itxietan ibilarazi egiten digute, kanpoaldea pantaila batetik telesaio aspergarri bat balitz bezala begiratuz. Gutariko bakoitza, jomuga ezagunez beteriko mundu propio batean bizi da (lantokia, janari denda, dantzalekua,…), zenbait lotura beren artean (autoan jartzea, metroan geldirik joatea, eskailerak igotzea,…) eta aukera gutxi ustekabekorik ikusteko, edo txoko berririk aurkitzeko. Baten batek, hamar herrialde ezberdinetan zehar joan liteke eta bere kotxetik asfaltoa eta gasolindegiak ez den besterik nekez ikus lezake. Autobideetan entzerraturik ezin irudikatu genezake benetako bidaia librea nolakoa den, bestelako pertsona eta gauza berriak aurkitzera eramaten gaituzten bidaia horiek.

Horren ordez berriz, auto pilaketetan sartzen gara, egoera berdinean dauden ehundaka pertsonez inguraturik, baina altzairuzko kaiolek, geure autoek, elkarbanaturik. Horregatik, geure bidean objetuak ikusten ditugu, ez gizakiak.

Geure garraiobide modernoekin toki gehiagotara iristeko aukera omen daukagu, baina toki horiek gutxiago ezagutzen dugu, zerbait ezagutzen badugu.

Bidaiatzeko ahalmena handitu ahala, hiriguneak zabalduz doaz paisaian zehar. Distantziak handitzen direnean auto gehiago behar da. Auto gehiago behar bada espazio gehiago behar da. Honela distantziak berriro handitzen dira,… Martxa honetan, asfaltoak eta gasolindegiek, hasieran ezagutzea merezi zuten leku guzti horiek ordezkatuko dute.

Gutako batzuk Internet “azken muga”, eremu libre eta oraindik garatu gabekoa bezala jotzen dugu. Ziberespazioak, erabiltzeko aukera dutenei askatasun maila zehatza eman diezaieke ala ez. Eman ala ez eman, etxean entzerraturik egon behar duzu, borondatezko anputazioa eginez. Gogora ezazu, gorputza eta gogoa zara: askatasuna al da luzaro jezarrita geltirik diz diz egiten duten argitxoei begira, dastamena, ukimena eta usaimena erabili gabe egotea? Belar hezearen sentsazioa ahaztu al zaizu?, eta area beroarena zure oinpean?, eucaliptusena eta egur errearena zeure sudurrean? Tomate landarearen usaina gogoratzen al duzu?, eta kandeletako suaren dizdira? Korrika, igeriketan, ikutuka ibiltzeko emozioa?

Gaur egun, Internet erabil dezakegu kilikatzeko, iruzur egin digutela somatu gabe, geure bizitzak hain mugatuta eta hainbeste aurreikus daitezkeen, ezen ahatzi egin baitugu zeinen gozagarri izan daitezkeen ekintza eta mugimendua mundu errealean. Zergatik konformatu behar dugu ziberespazioak eskaintzen digun askatasun mugatu horrekin, hor kanpoan, mundu errealean esperientzi eta emozio ugari sentitzeko dauden bitartean?

Korrikan, dantzan, txalupan bidaiatzen, bizitzaren orpotik azken tantaraino edanez, mundu berriak esploratzen egon beharko ginateke. Zein mundu berri? Berraurkitu beharko genituzke geure gorputzak, geure zentzumenak, inguratzen gaituen espazioa eta orduan espazio hori eraldatu ahal izango dugu geuk emandako zentzua duen mundu berri batean.
Horretarako, jolas berriak asmatu behar ditugu, gureganatutako eremu berrietan,merkatal guneetan, jatetxeetan eta ikasgeletan aurrera eramatekoak. Ezarritako arauekin hausten duten jolasak geure asmo eta xedeekin bat datozen arau berriak sortzeko. Geure etxeetako isolamendutik eta bakardadetik aterako eta berriro elkartuko gaituzteen jolasak behar ditugu, elkarren laguntzaz onura dezagun.
Hondamendi naturalek, energi mozketek jendea batzen duten bezala (azken finean, guztiz aurrikusita dagoen mundu honetan emozio pixka bat ipintzen dute), jolasek batuko gaituzte gauza berri eta zirraragarri asko egin ahal izateko. Beharko genuke: bulegoetan poesia, eta merkatal guneetako ormak bertsoz margotuak, dohaneko kanpalekuak supermerkatuetan, sabotaiak egiteko tailerrak eta eskulanak lantegietan, sexoa parkeetan eta ikasgeletan, autobideetan zaku lasterketak,…
Denborari eta bidaiak egiteko erari buruzko beste ideia batzuk asmatu behar ditugu. Erlojurik gabe bizitzen saiatu, gure bizimodua gainerako mundu lanpetuarekin sinkronizatu gabe. Saia zaitez bidaia luze bat oinez edo bizikletaz egiten, irteratik amaitu arte ikusten duzun guztiarekin gozatzeko, tartean kristala ez duzularik. Saia zaitez zure auzoan bertan esploratzen, teilatuetatik eta lehenago erreparatu ez duzun txokoetatik. Harritu egingo zara, zeuk aurkitzeko prest! zenbat abentura dagoen jakinda.

“Heraldo” egunkaritik hartuta

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like