Galtzearen artea

Quin Shi Huang-ek Txina batu zuenean, hartu zuen lehen erabakia liburuak erretzea eta pentsamendua transmititzen zutenak hiltzea izan zen. Lau mende beranduago, Dioclecianok Alejandriako Liburutegian zeuden alkimiako liburuei su eman zien. Tom Wolf-en The Bonfire of the Vanities [Arroputzen sutzarra] eleberria izan aurretik, eskuizkribuen erreketa izan zen Florentzian, eta Diego de Landak Yucataneko maiar herriaren kodex guztiak erre zituen. Cisneros kardinalak Granadako Madrazako liburu guztiak suntsitu zituen. Eta naziek piztutako sugarrek egile judutar, komunista eta anarkista guztien liburuak jan zituzten. Argentinak birritan erre zituen bere ezagutzak XX. mendean eta ISISek 20.000 liburu sutara bota zituen. Baina batzuetan ez dago horrelakorik egin beharrik. Azken finean, liburuak arriskutsuak izateko, ireki eta denbora dedikatu behar diezu. 1990. urtea zen eta garaiko musika talde bateko abeslariak dokumental batean zioen telebistako iragarkiak izugarri gustatzen zitzaizkiola, hainbeste droga hartua zenez ezin zuelako atentzioa mantendu minutu batez baino gehiagoz.

Lehen iraultza industrialera arte, bizitza oso geldoa zen, ofizioak oinordetzan jasotzen ziren; informazioa urria zen. Ikusiz eta entzunez ikasten zen, ez irakurriz. Testuak hain ziren bakanak, berauetara sarbidea izate hutsa pribilegio bat zela. Ikasteko edo egiteko zeneukan memoriak eta kontzentratzeko gaitasunak bizitza salbatu ziezazuketen. Nola izango zen Bigarren Iraultza Industrial batean bizitzea, baina soilik mekanizismoan oinarritu ordez, informazioan eta teknologian oinarrituko balitz? Eta ezagutza gabezia sufritu ordez gehiegi izango bagenu, informazio zuzena eta okerra, hutsala eta sakona, maila berean egongo balira, zabortegi informatibo bat izango balitz bezala? Eta bertan utziko bagintuzte eta lurperatutako zerbait bilatu beharko bagenu, nolakoa den ondo ez dakigun zerbait? Zer gertatuko litzateke hiri gertuenetik zenbait egunetara jaio ordez, lurraren beste aldean dagoen norbaitekin edozein unetan mintzatu ahalko bazenu, baina hala ere ezingo bazenu jakin nolatan den hori posible? Nola izango zen ez jakitea lurra lantzen, ezta etxe bat eraikitzen, sua egiten edo ogia egosten ere? Nola konponduko ginateke, dena bideratuta balego pertsona bakoitzak gauza bakarra egiten ikasteko, isolatuta, nahiko balu ere pertsona batek sistema osoa errepikatzeko inolako aukerarik gabe?

Demagun koloretako mundu batean jaiotzen garela eta alde guztietatik kolore biziekin erakarri nahi gaituztela eta irratiko saioak eta telebistako serieak bat batean gelditzen direla eta irudi ulergaitzak, musika nahasgarria eta oihuak igortzen dituztela. Eta turisten ahotsak gure leihora helduko balira baita neguko gau ilunenetan eta sare sozialek mundua laburtuko balute bi minutuko bideoetan eta inoiz jakingo ez bagenu noiz erantzun behar den mezu bat. Demagun dena ikasteko jaio garela eta ezer ez dela adimenean sartzen zentzumenetatik ez bada. Mundu horretan jaiotzean, pertsona baino lehen, balizko kontsumitzaileak izango ginateke, egitura indiskriminatu batek etengabe «Begira!» oihu egingo ligukeelako eta jarraian norabide guztietan seinalatu. Horrek prezio bat izango luke.

Adam Schaff1 ekonomian geratu zen, lana salgai urria den horretan, etorkizunean itxaropenik ez izateak eragiten duen desengainuan eta etsipenean. Baina hori baino krudelagoa da. Moldagarriak izaki, baldintzarik bitxienetan bizirauten duten animaliak gara. Oihanik itxiena eta basamortua jasaten ditugu, basoa eta mendia, lurrikarak, uholdeak, gerrak, diktadurak… Txit malguak gara. Ingurunera moldatzen gara eta ahal dugun heinean, ingurunea gugana moldatzen dugu. Gure burmuina plastikoa da, baita gure jokabideak, gure kode morala, gure ohiturak… Horregatik funtzionatzen du psikoterapiak. Horretxegatik ere gara hain hauskorrak.

Nola izango zen gure psike sakonenaren aurka doan mundu batean jaiotzea, gure kognizioaren aurka, gu geu garenaren narrazioaren aurka ere doan mundu batean? Nola izango zen etorkizunerako itxaropenik gabeko leku batean jaiotzea eta beste leku bat sortzeko astirik ere ez izatea? Agian hausnartzeko denbora, isilik gauden uneak, pentsamenduak ordenan jartzeko erabili beharko genukeen denbora, pantailara begira aritzeko erabiliko genuke, mezutxoak erantzuteko, saiakera irakurri ordez hizki handiak dituzten argazkiak ikusteko. Hori eginez gero, memoria eta abstrakzio gaitasuna galtzen hasiko ginateke, dena azkarra eta arina bihurtuko litzatekeelako —janaria, informazioa, erlazioak—. Ezingo genuke 20 minutuz baino gehiagoz ezertan adi egon, eta ordenagailua sakelan eramango bagenu ez genituzke telefono zenbakiak gogoratu beharko, ezta bestelako datuak ere, eta ezagutza bera lotu gabeko zirrara, sentsazio eta irudien nahasketa bat bihur liteke. Metaforaren gaitasuna galduko genuke, lerro artean dagoena antzemateko gaitasuna, literaltasunean gatibatuko.

Hori gertatuko balitz, helduok eleberri bat irakurtzeko ezintasun horri aurka egingo genioke, liburu batean «sartzea» kostatzen zaigunaz mintzatuko ginateke, nori eta hamabost urte lehenago hainbeste irakurtzen genuenoi. Haurrak antsietatea pairatzeaz eta adi egoteko urritasunaz diagnostikatuko lirateke.

Haur-eskolan estresa duten haurrak ikusiko genituzke eta historiarik berriena ahaztuko genuke. Oinarrizkoenak direnak galduko genituzke: hausnarketarako dugun gaitasuna, analisi sakona burutzeko modua eta poesia.

Hainbeste amarrura moldatzearen eraginez, izatea ahalbidetzen digun hori galduko genuke.

Ez dut esan nahi gizarte hipotetiko hori kaiku hutsa izango litzatekeenik, baina bai erasotua izateko erraza, ikaragarri babesgabea.

Eskerrak guri ezin zaigula horrelakorik gertatu.

Paula Llaves

OHARRAK

1. «Alienazioa fenomeno sozial bezala» eta «Zein etorkizun izango dugu?» bezalako lanak idatzi zituen egileari erreferentzia egiten dio. Ikerketa hauek nagusiki soziologikoak dira eta bertan oso ondo aztertzen ditu alienazioa eta erotasuna bezalako kontzeptuak gizarte industrialetan norbanakoen artean ematen diren hartu-emanetan; ekonomikoak, erlaziozkoak, emozionalak…

Paula Llavesen idazkiak baina, jasaten dugun moldatze psikologikora dago zuzendua. Gizatalde mailan eragiten digun moldatzeaz ari da, baina baita norbanako bezala, hainbat arlotan jasaten dugun moldatzeaz: adi egoteko, gogoetarako eta oroimenerako ditugun gaitasunez eta, bereziki, kontzeptuak asimilatzeko, emozioak ezagutzeko, sortzeko eta analizatzeko gaitasunez hain zuzen. Beraz, egileak Schaff «ekonomian geratu zela» dioenean, indar handiko analisi sozio-ekonomikoa egin zuela uste badu ere, talde mailara mugatu zela adierazi nahi du, ez zuela bere ikerketa norbanakoetara luzatu. Hau da, ez zuela aztertu gehiegizko informazioa eta batez ere gehiegizko publizitatea jasaten duen gizarte batek, norbanakoon pertsonalitatea eraikitzeko moduan, gure gaitasunetan eta buruko osasunean dituen eraginak.

Testu hau El Salto aldizkarian argitaratu zen 2019ko apirilean CC BY-SA 3.0 lizentziarekin eta hemen online aurki daiteke: https://www.elsaltodiario.com/fake-news/opinion-paula-llaves-arte-de-perder

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude