Katakrak argitaletxeak pentsamendu politikoa euskaratu eta zabaltzeari ekin dio. Zentzu honetan azken urtean bi liburu kaleratu ditu, Silvia Federiciren «Soldataren patriarkatua» eta Angela Davisen «Askatasuna, etengabeko borroka bat».
Liburu bien idazleak aski ezagunak dira eta oraingo honetan Katakraken eskutik haien pentsamenduaren parte bat ezagutu dezakegu. Silvia Federiciren bost artikulu jasotzen dira, batzuk ikuspegi historikoa ematen digute, beste batzuk gaur eguneko analisiak. Guztietan Federiciren ikusmira feminista eta marxismoari egiten dion kritika ageri dira.
Angela Davisen kasuan, berak idatzitako artikuluak, berari egindako elkarrizketak… biltzen ditu liburuak. Gaur eguneko ustez lotu gabeko gertakariak agertzen ditu, eta lotura horiek mahaigaineratzen ditu. Ikuspegi intersekzionala du ekarpen nagusi, mugimendu beltza, feminista, klase borroka… munduko punta batean jasotzen den erasoa eta beste puntakoarekin duen harremana… Horretaz guztiaz hitz egiten du Davisek liburuan.
Biak beraz, bai edo bai gomendagarriak.
Eta euskaraz, euskara txukun, ulergarri eta aberatsean topatzen ditugu autore biak. Beraz, itzultzaile izan diren Amaia Astobiza Uriarte (Federiciren kasuan) eta Amaia Apalauza Ollo, Inigo Roque Eguzkitza eta Garazi Ugalde Pikabea (Davisen kasuan) zoriondu behar ditugu. Plazer bat izan da liburu bi hauek irakurtzea.
[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]