INGURU ASANBLEARIOAREN DIAGNOSTIKO LABURRA

Espazio asanblearioen inguruko errealitatearen diagnosi bat egiterako orduan, kontu batzuk argitzea beharrezkoa iruditzen zait. Lehenik eta behin, talde desberdinetan bizitako esperientzia propioetan oinarrituta dago idatzi hau. Talde hauek, alderdi nahiz sindikatuen egituren baitan ez dauden eta asanbladan biltzen diren multzo bezala ulertzen ditut. Hauen barruan diskurtso desberdinak aurkitu ditzakegu. Kutsu antikapitalista eta erradikala daukatenei buruz arituko naiz, hauek baitira hoberen ezagutzen ditudanak. Nortasun irekia izan ohi dute (edozeinek parte hartu dezake, beti ere parametro eta perfil batzuen artean) eta bere erabakitzeko espazioa asanblada horizontala da. Gai eta perspektiba desberdinak dituzte; ezagunenak esate baterako, gazteriaren esparruan gaztetxeak/gazte asanbladak edo kontrainformazioan irrati libreak izango liratezke.

Behin aurrekoa zehaztuta, begi bistakoa da orokorrean herri mugimendua eta konkretuki talde asanblearioak ez dabiltzala osasunez ondo. Erreferentziazko proiektu asko desagertu egin dira eta nahiz eta beste batzuk sortu, askotan partaidetza eskasa izaten da. Errealitate hau kalean ere, islatu egiten da eta biak eskutik doazenez, borrokari dagokionez azkenengo honetan bizitza galduz doa. Konturatu gara urte gutxiren baitan, nola eta noiz jakin gabe, erresistitzen jarraitzen dugula bai, baina askori gero eta neketsuagoa egiten zaigula. Egoera honen aurrean, beharrezkoa da hausnarketarako eta eztabaidarako lekuak sortzea, erresistentziatik sorkuntzara pasatzea, dagokigun garaiarekin bat alternatibak proposatzea edo gutxienez lan-ildo batzuk markatzea.

Zentsu honetan, badira 2 gertakizun azpimarragarri urte gutxitan aldaketa sakonak eragin dituztenak gurean. Alde batetik, kultura politikoan aldaketak ematen ari dira EHan. Ezker Abertzaleak borroka esparruetan historikoki eduki duen pisua kontuan izanda, ekintza armatuen amaierarekin eta estrategia aldaketarekin batera, boterearekiko tentsionamendu-maila lausotu egin da gutxinaka. Ein handi batean gure esparru politikoak markatu ditu (adibidez maila errepresiboan), nahiz eta faktore hau bakarra ez izan (15Mak esate baterako estatuan eragina izan zuen bitartean, askok EHan ikusle moduan bizi izan genuen). Honek eragina izan du herri mugimenduaren eta honen baitan aurkitzen diren kolektibo askoren kultura politikoan. Gizartea badugu helburu, logikoa da pentsatzea bertan ematen diren aldaketek gure taldeetako kulturan ere aldaketak sortuko dituztela. Ez daukat argi non amaitzen den lehenengoa eta non hasi hurrengoa, ezta gorpuzten dituzten berezko ezaugarririk dauden. Hala ere, badaude adierazgarriak diren hainbat fenomeno honi forma ematen diotenak: konfrontazio-maila aldatzen ari da (poliziarekin istilu zuzenak dituzten manifestazio ilegaletatik isilak eta baimenduak direnak egitera), ekintza zuzenaren praktika desberdinen erabilera eta hauen pertzepzioa gizartean aldatzen ari da (kale borrokatik desobedientzia zibilera esate baterako), aldarrikapenak lortzeko moduetan (etxeen okupazioetatik instituzioekin akordioetara heltzera) edota militantzia ereduetan ere (zurrunago batetik malguago batera) aldaketak ematen ari dira. Egoera bakoitzak beharrizan desberdinak eskatzen dituela onartuta, garrantzitsua da kultura politiko kultura bat, hau da, egiteko modu desberdinen ezagutza, berehalako etorkizunean bakoitzak eskeintzen dituen aukerak eskuragarri edukitzeko, kontraesanak onartuz eta konplexu barik eredu eta modu egokienak erabiltzeko.

Bestalde, 10 urteren baitan ezagututako beste gertakizun garrantzitsu bat, erlazionatzeko eta komunikatzeko moduetan aldaketa sakonak eragin dituzten teknologia eta komunikazio-baliabide berrien agerpena izan da. Sare sozialak eta hauekin lotutako teknologiak dira aipagarrienak (sakelekoak). Gaur egun, «benetan» baino, gehiago komunikatzen gara «birtualki», «on line» egon behar duten euskarrien bidez, kalea (borrokatzeko esparru bezala ulertuta) hustuz eta sare sozialetako eduki kritikoak emendatuz. Pertsonak eta aldarrikapenak esparru «errealagoetara» desplazatzeko mundu «birtuala» erabiltzerik dagoen galdetu diezaiokegu gure buruari.
Zentsu honetan, sare birtuala modu kritikoan erabili behar dugu, gure helburuetarako erabilgarriak izan daitezkeen ezaugarriak dituzten moduan (erraz pertsona desberdinei gure mezua berehala helarazi eta jasotzeko gaitasuna, informazioaren eskuragarritasuna) alde negatiboak ere dituztelako (datuen-lainoan informazioaren saturazioa, «gustoko dut» konpromezuarekin nahastea, enpresa multinazionalen jabegoa eta gure datuen bilketa, kaleko presentzia baztertzea, kostu ekologikoa etab.). Helburuen planteamenduan eta erabilpenaren kostuak asumitzean egon daiteke gakoa. Inplizituki beste helburu batzuk daramatzan estrategiak baztertzera eraman gaitzake sare sozialen erabilpenak, kasu askotan erosoagoak direlako eta ez dutelako kostu pertsonal /ekonomiko/errepresibo bat suposatzen (adibidez ez da berdina facebookean esaldi aldarrikatzailea edo kaleko horma batean margoketa, azkenak propagandaz gain kalean presentzia eta desobedientzia-edukia daukalako.).
Ez erabiltzeak berriz (paradoxikoki), gizartearentzat ikustezin bihurtu gaitzake («ez bazaitut googlen topatzen, ez zara existi­tzen»). Mezuak igorri/jasotzeko moduak aldatzen doazen einean, hauetara moldatzen jakin behar dugu, komunikatzeko era tradizionalak eta berriak kasuan kasu aukeratuz.

Gure kolektiboen eta gizartearen osasun ahulera bueltatuz, zentsuzkoa da galdetzea: Nondik hasi berreskurapena?

Lehenik eta behin, militantziari eta bere iruditegiari erreparatu behar diogu. Bizi garen gizartea gero eta indibidualistagoa izanda, balore batzuen galerarekin batera (konpromezua eta elkartasuna adibidez), politikoki antolatuta dagoen figuraren pertzepzioa etsipen orokortuan (sistemak irabazi egin du eta ezin da ezer ez egin) eta ongizate/kontsumo-gizartearen baitan (egoera hemen ez da ain latza, beste gauza batzutan emango dut denbora) kokatu behar dugu. Testuinguru honetan, pertsona aktibo eta antolatuaren jarduera gero eta debaluatuagoa dago, ez da erakargarria eta pertsonengatik gero eta urrunago dago. Distantzia hau aldebikoa dela esango nuke:Alde batetik, kolektiboetan parte hartzen dugunok proiektatu dezakegun irudiagatik (adibidez beti kontra egotea alternatibak proposatu edo eraiki gabe) eta gure egiteko moduagatik (hurbiltasun eta pedagogia eza) eta bestalde, gizarteak pairatzen duen immobilismoagatik. Beharrezkoa da distantzia hori laburtzea, jentearen errealitate desberdinetatik isolatzen gaituen burbuila hori apurtzea eta gure buruei gizarteak nola ikusten eta sentitzen gaituzten galdetzea, zer irudi proiektatzen dugun/jasotzen duten eta zer egin dezakegun hau aldatu eta hurbiltzeko.

Zaindu beharreko beste aspektu bat pertsona/talde antolatu nahiz ez antolatuz osatutako komunitatea da. Bakoitza gurean isolatu beharrean, hurbilekoekin aliatu behar gara. Gure giza-ehuna murrizten doan einean, bere kideak gatazken edo erasoen (barruko nahiz kanpoko) aurrean zaindu eta danon ongizatea babestuko duen komunitatea sortzea/berreskuratzea ezinbestekoa da. Gure kolektiboen kasuan, gutxi izanda ere, ez gara asko ezagutzen edo ez dugu elkarrekin lan egiten. Badirudi bakoi­tzaren borrokak eta aldarrikapenak direla garrantzitsuenak eta horrela, gizarteak baztertutako sektoreekiko ere (nagusiak, etorkinak, presoak, gaixoak, langabetuak, emakumeak etab.) ezjakintasuna eta distantzia areagotu egiten da. Nola eratu erasoei modu eraginkorrean erantzungo dion komunitatea, giza-ehun hori? Alde batetik elkarlana eta aliantzak sustatu behar ditugu kasu eta behar konkretu batzuei erantzuteko, nahiz eta hauek ez izan diskurtso ain erradikala (adibidez auzoko eskolari gaztetxearen espazioa eskeintzea) eta beti ere, gurea mantenduz. Bestalde, komunitateko parte direnekin elkar-ezagutza eta elkarlanak, sare bat eratu eta indartu dezake (adibidez, herri bazkarirako inguruko nekazariei eta komertzio txikiei elikagaiak erostea, saretzea kostu ekonomikoei lehene­tsiz), batzutan gertatzen zaigun isolamendua edo «gettizazioa» sahiestuz, hurreneko errealitatearen pertzepzioa galdu gabe eta heltzen ez garen sektoreetara sarbide bihurtuz. Horretarako beharrezkoak dira topagunerako espazioak, bai fisikoak (ekimenak aurrera eramateko lokalak) nahiz ez-fisikoak (ekimen konpartituak) sareen eraketa nahiz komunitatearen indartzea ekarri dezaketelako. Leku ireki eta ez baztertzaileak, parte har­tzera / ekarpenak egitera gonbidatzen dutenak eta sakonean diskurtso erradikal bat mantenduko dutenak (eta ez bakarrik agerian), esate baterako kaleratutako familientzako okupatutako etxeak denborarekin etxe komunitarioak bihurtzea edo langabetuentzako lur okupatuak kooperatiba autogestionatu bat bihurtzea.

Amaitzeko, espontaneoki espazio orekatu, botere erlaziorik gabeko eta horizontala izango den asanblada idealizatuari erreparatu behar diogu. Izan ere, asanblada bakoitzak nortasun propioa izanda, badira askotan errepikatzen diren arazoak. Inertzia produktibistek «egin behar da» dioten dinamikekin, eztabaidak planteatzea eta diskurtso propioak garatzea oztopatzen dute. Konpromezu maila desberdinek eta erlazionatzeko modu ez-osasuntsuek garapenean eragin eta pertsonak «erretzen» dituzte talde-kohesioa eta motibazioa apurtuz. Asanbladaren kontraesanak (horizontala da baina jendetsua denean izan daiteke eraginkorra ez izatea) eta mugak konplexu barik onartu behar ditugu hauek identifikatu (esate baterako kasu batzutan adostasunetara heltzea ezinezkoa dela eta ez dela beti eraginkorra) eta kudeatzeko.

Askotan gertatzen diren arazo hauek eta beste batzuk merezi duten denborarekin kudeatzeko, eta taldearen osasun ona bermatzeko, zaintzaren ikuspuntutik mugimendu feministek ikusarazitako komunikazioa eta emozioen lanketa lehen lerrora ekartzea ezinbestekoa da.

Akatsak hobetzeko asmoz, askotan egiten dugu autokritika, garaipen txikiak (nahiz eta batzutan bizirautera eta erresistentziara mugatu) gutxitan dastatzen ditugun bitartean. Batzuentzat bidea estutzen doan irteerarik gabeko kalezuloa da. Besteentzat berriz, itxaropentsua eta baikortasunez betetakoa da ibilbidea. Itxuraz ez da oso atsegina baina pausoz-pauso egin behar dugunez, ni baikorretakoa naiz.

Kepa Aurtenetxe

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like