25 URTE

Oso esanguratsua da fanzine espirituz jaiotako aldizkari honek 25 urte betetzea, baina, aldi berean, zifra hutsa baino ez da hori. Irautea ez da nahitaez gauza baikorra, baina izan, bada lanaren eta borondatearen adierazgarri, baita zorte onarena eta zoriarena ere. Aztarna txiki bat da, geure bizitza eta ingurune soziala eraldatzeko irrika kontraesankorraren bide hau ibiltzean, eraikitzen lagundu nahi dugun eta, ustez behintzat, eraikitzen laguntzen dugun historia xumean utzitako aztarnatxoa.

Nola laburbildu lerro gutxi batzuetan bizitako une, egindako esfortzu, izandako zalantza eta ziurtasun guztiak, miseria txiki eta handitasun xumeak, hainbeste aukera on eta porrot? Ez dugu nostalgiarako edo atseginkerietarako garairik bizi, baina, agian, bada memoriarako eta oroitzapenetarako garaia, aurrera begira hausnarketa egiteko eta esperientzia biltzekoa. Bost bosturteko hauetan, argitalpen honek hola-hala bete ditu hitzorduak, bere baliabide propioen irregulartasunaz eta, bizitasun nahiz etorkizun-promesa den bezainbeste, porrota, desorientazioa eta iragana ere baden mundu libertarioaren babesaz eta oxigenoaz.

Sarritan, puntu sinboliko eta erreal batera iristeko, kargatzen ari garen pisua edo arrastaka garamatzan inertzia haztatu beharra izaten dugu. Egiten dugunari zentzua bilatzeak fedezko edo esperantzazko osagai bat du nahitaez eta setan, uste sendoetan zein ideietan oinarritu arren, ustekabekoak eta zalantzazkoak izaten dira emaitzak askotan. Ingurune-tentsio horrek pizten gaitu eta, aldi berean, indarrak ahitzen dizkigu. Badakigu egiten duguna garela eta harrokeria nahiz handinahia inora ez daramaten bideak direla.

Hortaz, bizirik izateaz pozten gara, baita geure gogoen bultzadarekin nahiz beste pertsona batzuen indarrarekin aurrera jarraitzeaz ere. Hori bai, orekarien sokan balantzaka dabilenaren apaltasunarekin beti, asko eta ezer ez izatearen umiltasunarekin eta jakinda, onenetan ere, gure proiektuak askatasunaren aldeko borroka luze eta bukatugabearen zatitxo bat besterik ez direla izango, gizatasun deitzen dugun hori hil ez dadin.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like