Gatazka batek pertsonen edo merkantzien mugikortasuna geldiarazten duen bakoitzean edo oinarrizko zerbitzuren bat etetzen duenean, greba-eskubidearen murrizketa planteatzen da, pausu bat gehiago azken finean kapitalismo garatuaren baitan ematen diren askatasun publikoen murrizketan. Asko hitz egiten da greba eskubidea arautzeaz eta are eta gehiago gizarte mailan oihartzun handia daukaten gatazken kasuan. Egoera hauetan adostasun eredugarria ematen da merkatuko demokraziaren fronte politiko eta ideologikoa deitu dezakegunaren artean.
Ministroak, kazetariak, abokatuak, enpresa buruak, elkargo profesionalak, kudeatzaile politikoak eta gizarte zibila deitzen diogunaren gainontzeko ordezkariak bat datoz (nola ez) langileen grebarako eskubidea onartzerakoan, baina baita ere berau arautzearen garrantzia azpimarratzerakoan, batez ere honek «gehiegizko» eraginak dituenean gizartean. Kontsumitzaileen eskubideen arabera mugatu behar omen da greba eskubidea Beste era batean esanda, negozio enpresarialaren edo eta kapitalaren akumulazioaren menpe egotea nahi da greba eskubidea. Guztiok dakigun bezala, prozesu hori merkatuaren baitan ematen da, izan ere herrialde kapitalisten ekonomia jardueraren adierazleetako bat da kontsumoa.
Greba eskubidea arautzea edo zerbitzu publikoen kasuan berau praktikan ezeztatzea da epe motzeko helburua El Prat-en moduko gatazka[[Gatazka honek El Prat-eko aireportua kolapsatu zuen 2006ko uztailean. El Prat-ek Iberiaren handling zerbitzuaren kontratua galdu zuenean piztu zen (hegazkinen lurreko zerbitzua eta ekipajeen maneiua). Aenak (Estatu espainoleko aeroportuak kudeatzen dituen erakunde publikoa) enpresa berriei esleitutako handling kontratuen berri eman zuen, lizentzien eta enpresen kopurua handitzen zen bitartean kosteak %30ean murriztuz. Modu honetan 900 lanpostu murriztuko ditu Iberiak (200 konpainiei lur-zerbitzua eskaintzen zien aireportuko %35eko fakturazioa hortik lortuz 2.000 langilerekin) eta hitzarmen kolektibo hau medio, enpresa berri hauetako langile bihurtuko diren hauek.]] bat dagoen bakoitzean. Bestalde, argi dago langileek presioa eragin nahi badute, abisatu gabeko berehalako greba dela gelditzen zaien aukera bakarra, batez ere Administazioak ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuak ohiko zerbitzuaren portzentai handi bat bermatzen dutenean.
Zuzenbide arloko adituek lasai asko esaten dute talde batzuek greba eskubide pribilegiatua daukatela zuzendaritzaren borondatea aldatzeko presio ahalmena daukatenean. Zuzenbidearen paladin hauek (kontsumo askatasunarenak) ez dira isiltzen ezta eskubide kolektiboekin talka egiten duten interes korporatiboen kontra egin behar dutenean. Hori bai, soldatapekoen eskubide korporatiboez ari garenean soilik, ez bai dute ezer esaten elkarte profesional eta enpresarialen eskubide korporatiboen kontra.
Gaia eskubideen arlora eramaten denean (hiritarren eskubideen arlora) gatazkaren benetako arrazoiak ezkutatzen dira eta kontsumoaren demokraziaren ideología baieztatzen da. Izan ere mugikortasunaren “oinarrizko” eskubidea babestean, greba eskubidearen kontrako hiritartzaile ongipentsalariak egiten duten moduan, merkantzia (turismo) bihurtzen dute mugikortasun eskubidea, produktu bat merkatu batean erosten duenaren eskubidea, negozioaren zikloa mantentzen laguntzen duenarena azken finean. Gatazkaren baldintzak zuzenbidearen erretorikara eramate hau aukera ona da egun batzuetarako soldatapekoak direla ahaztuz, mugikortasun eta oporretako exotismoaren kontsumitzaile eskubidea aldarrikatzeko.
Sindikatuek, gatazka eskuetatik aldegin zaiela onartzean, nahasmena eta langileak kontrolatzeko gaitasun eskasa erakusten zuten. Eta horixe aurpegiratzen zieten kontsumoaren demokraziaren fronte mediatikotik. Azken finean, dirulaguntza ematen zaie sindikatuei langileak euren lanpostuetan kontrolpean izan ditzaten, eta kasu honetan, zerbitzu publikoen funtzionamendu ona bermatu dezaten. Mota honetako gatazketan asko errepikatzen dira langile eta sindikatu txikien aldarrikapen jarreren kriminalizazioa, eta hau administrazio eta patronaletatik eskatzen diren lan eskubide murriztapenarekin erlazionatuta dago.
Merkatuko gizarte demokratikoaren adostasunaren baitan, aldarrikapenaren eta disidentziaren deslegitimazioa faktore klabeak dira. Horrela, lan-merkatuaren desregularizazioarekin eta ia hiru hamarkadetan zehar langileek egin duten lan-eskubideen uztearekin (honek ekarri duen lan-negoziazioaren murrizketarekin), kontrako iritzia eta deslegitimazioa sortu du sindikatuen aldarrikepen itxuratik kanpo dagoen edozein gatazka espresiorekiko.
El Prateko gatazkak gizarte erlazio kapitalistaren baitako kontraesanak erakutsi ditu, izan ere momentu puntualetan indar guztiarekin ateratzen da bere hauskortasuna. Agerikoa da alde batetik desregularizazioaren eta askatasun ekonomikoaren alde eta bestaldetik lana erregulatzea exijitzen dutenen inkongruentzia.
Hala ere, ez da ahaztu behar kapitalismo garatuaren gizarteak eragiten dituen desregularizazio boladak, langileen akzioaren desregularizazioa dakarrela eta honen ondorioz, joku sindikala errespetatzen ez duten greba espontaneoak. Soldatapeko erlazioak, izatez, tentsio puntu batean (El Prat-en galtzeko zorian dauden 900 lanpostu) abstrakzioetan ordez (eskubidea, demokrazia, gizarte erantzukizuna, eta abar) indar korrelazioetan isladatzen den gatazkak dakartza. Eta puntu honetara iritsirik eraginkorrak iruditzen zaizkion bitartekoak eta taktikak erabiltzen ditu bakoitzak. El Prat-eko langileen erradikalizazioa lan-erlazioen desregularizazioa praktikoki ulertzeko modua izan zela esan dezakegu, kasu honetan hala ere euren alde, zerbitzu bat ematen dutelako eta eragina daukatelako oporraldien hasieran.
Bestalde, grebalariek ez zuten inoiz zalantzan jarri kontsumo askatasunaren printzipioa, hor mantentzearen alde borrokatzen zuten euren lanpostuak mantendu eta maileguak ordaintzen jarraitu ahal izateko («maileguak ordaindu behar ditugu eta hiltzen hilko gara», zioen haietako batek). Zentzu honetan, gizarte-erlazio hori eraikitzen duen sistemari atxikitako kontradizioaren espresio bezala ulertu behar da gatazka hau. Kontradizio hau errealitatean agertzen denean egonkortasun-eza sortzen du. Era batean, sistema menperatzailearen parametroen barruan gertatu zen guztia, bai enpresa-maniobrak eta baita langileenak ere, merkatu desregulatuaren etekinen maximizazioa lortzen saiatu bait ziren.
Corsino Vela
[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]