Xu Lizhi-ren poemak

Xu Lizhi 1990. urtean jaio zen Txinako Jieyang hirian, Guangdong probintzian. Ez zuen gaztaro gozorik izan; gurasoek txikitan abandonatu zuten, bullying-a jasan zuen eta bere amaordearekin hazi zen. Mutiko lotsatia zen, bakartia, eta bere ama hil zenean munduan bakarrik geratu zen.

2010. urtean, Shenzhen hirira joan zen, bertako lantegi erraldoietara lan egitera eta Foxconn enpresako muntaketa-katean lan egiten hasi zen. Enpresa horretan lanean ziharduen bitartean, langileen aldizkarian 30 artikulu argitaratu zituen: poesia, prosa, saiakera, zinema-kritika eta iruzkinak. 2014. urteko irailaren 30ean bere buruaz beste egin zuen enpresako leiho batetik salto eginez. Enpresako lan baldintzak jasan ezin izan zituen beste langile bat besterik ez zen izan; urte haietan bere buruaz beste egitea beste irtenbiderik aurkitu ez zuen beste koitadu bat gehiago. Azkenik, Foxconn enpresak sareak jarri zituen langileen leihoen azpian, suizidio kopurua nabarmen jaitsi zen eta iritzi publikoa gaiaz ahaztu zen, arazoa desagertu izan balitz bezala.

EZn ez gara gaiaz ahaztu. Horregatik, Xu Lizhi-k idatzitako poesia batzuk argitaratzen ditugu. Hauen bitartez, poeta bikain honen pentsakera eta bizimodua pixka batean ulertzeko aukera izango dugu. Txinan lanaldi jasangaitzak egiten dituzten pertsona zenbatezin guzti horiek, guretzako produktuak ekoizten dituzten bitartean senti dezaketen ezintasunaz eta bakardadeaz nolabait jabetzeko aukera izango dugu. Irakurketa gazi-gozoa izango da, baina ez dezagun aukera hori gal.

Foxconn bezalako enpresa handietan, gure eguneroko bizitzan ezinbestekoak bihurtu ditugun sakelako telefonoak ekoizten dituzte; Apple enpresako iPad eta iPhone gailuak, baina baita beste marka batzuetakoak ere. Duela urte gutxi arte behar ez genituen gailu horiek, gero eta maiztasun handiagoarekin bota eta berriagoekin ordezkatzeko beharra dugu. Bizitza errazten ei digute. Duela hamarkada bat baino hobeto bizi gara benetan? Ziborg moduko batzuk bihurtu gaituzten sega-potoen osagaiak nondik datozen eta gure eskuetara heldu arte zenbateko sufrimendua sortzen duten, ez dakigu eta ez dugu jakin nahi: pobrezia, miseria, esklabotza, suizidioak, erailketak, mafiak, bortizkeria, bortxaketak… Zer axola du guzti horrek gure sare sozial korporatibo gogokoeneko «lagunen» artean maiz gu ere nazkatuta gauzkaten memeak partekatzen ditugun bitartean, ezta? Ditxosozko gailuek ipnotizaturik gauzkate eta badirudi berdin zaigula zein maila arte zelatatzen gaituzten edo manipulatzen gaituzten. Mugaren bat izan behar dugula uste dut. Ez dakit noiz eta ez dakit nola, baina inora ez garamatzan lasterketa hau gelditzeko modua aurkituko dugula pentsatu nahi dut. Guk gelditzen ez badugu, baliabideak agortu eta bidea bera amaituko baita.

Gehiago luzatu gabe, eman diezaiogun hitza Xu Lizhi handiari:

Burnizko ilargi bat irentsi nuen

Burnizko ilargi bat irentsi nuen
torlojua deitzen zela esan zuten
Isuri industrialak eta langabezi-inprimakiak irentsi nituen
makinen gainean makurtuta, gure gaztaroa laster joan zen
Lana irentsi nuen, pobrezia irentsi nuen
oinezkoentzako zubiak irentsi, erdoildutako bizitza hau irentsi
Ezin dut gehiago irentsi
irentsitako guztiak nire eztarria narritu du
Lotsazko poema bat
nire herrian zehar zabaltzen dut

Egun berri bat

Ozeanoa berriz ikusi nahi dut
nire bizitza erdian isuritako malko guztien handitasuna ikusteko
Mendi garai batera igo nahi dut berriz
nire arima galduari itzul dadin hots egiteko
Belardi batean etzan nahi dut
eta nire amak eman zidan Poesia Klasikoak1 liburua gainetik irakurri
Zerua ukitu nahi dut
eta izpi urdin argi horiek laztandu
Baina ezin dut horrelako ezer egin
eta beraz, mundu hau utziko dut
Ezagutzen nauen inor
ez zen ni joateaz harritu beharko
Ez hasperenik, ez tristurarik
une egokian etorri nintzen eta une egokian joango naiz ere

Badakit helduko dela egun bat

Badakit helduko dela egun bat
ezagutzen ditudanak eta ezagutzen ez ditudanak
nire gelan sartuko direna
nire gorpuzkia jasotzera
eta nik zoruan isuritako odol tanta ilunduak garbitzera
iraulitako mahaia eta aulkiak berrantolatzera
usteldutako zaborra botatzera
balkoian esekitako jantziak batzera
norbaitek amaitzeko astirik izan ez dudan poema idazten lagunduko dit
norbaitek amaitzeko astirik izan ez dudan liburua irakurtzen lagunduko dit
norbaitek pizteko astirik izan ez dudan kandela pizten lagunduko dit
hainbat urtez ireki ez diren errezelak izango dira azkenak
norbaitek hauek irekitzen lagunduko dit eta argia sartuko da
ondoren, berriz itxiko dira eta estu-estu iltzatuko
prozesuaren urrats guztiak txukun eta irmo burutuko dira
dena garbi dagoenean
guztiak lerroan aterako dira, bata bestearen atzetik
eta atea isilean ixten lagunduko didate

Terrakotazko armada muntaketa-katean

Zutik lerroan jarrita daudenak:
Xia Qiu
Zhang Zifeng
Xiao Peng
Li Xiaoding
Tang Xiumeng
Lei Lanjiao
Xu Lizhi
Zhu Zhengwu
Pan Xia
Lian Xuemei
gau eta egun lanean dihardute eskulangileok
jantzi antiestatikoak
kapela antiestatikoak
zapata antiestatikoak
eskularru antiestatikoak
eskumuturreko antiestatikoak
jantzita dituzte
denak prest
ordena militarren zain
eta kanpai-hotsarekin batera
Qin dinastiara jaurtikiak dira

Ilaran zain

Hiri honetan jende-ilarak
kaletan gora eta behera dabiltza
oinezkoen zubietan gora eta behera dabiltza, metrorantz
Lurrean gora eta behera dabiltza
bira bakoitza bizitza bat da
beti presaka dabilen espezie hau
jaiotzetik heriotzara lanpetuta
ilara errespetatzen duten une bakarra hiltzen direnean da
burua makurtzen dute, ordena jarraituz
eta beraien amen umetokira itzultzen dira

Meditazioa

Poema hau amaitutakoan
sahastira joango naiz meditatzera
eguzkia gordetzen denean, mendien gaineko zeruari so egongo naiz
txitxarren2 karrankek eta lakuko urak
garbi dezatela hilkorren mundua, eta bisitari baten bihotza
eta ilundutakoan barkamena, ahanztura,
absoluzioa, errukia… xuxurlatuko dut

Erreka / Ur-bazterra

Zutik nago bide bazterrean
oinezkoen eta kotxeen etengabeko jarioari begira
zutik nago zuhaitz baten azpian, autobus geltoki baten azpian
uraren etengabeko jarioari begira
odolaren eta desioaren etengabeko jarioari
zutik nago bide bazterrean etengabeko jende-jarioari begira
bidean daude, nire etengabeko jarioari begira
beraiek errekan daude, ni ur-bazterrean
beso soilekin igeri egiten ahalegintzen dira
ikuskizunak kutsatu egiten nau
zalantza egiten dut ea nik ere errekan sartu nahi ote dudan
beraiekin indar egin, beraiekin hortzak estutu
zalantza egiten dut eguzkia mendebaldeko mendietan gordetzen den arte

Plater bakarreko menua: haragi birberotua

Berakatz-ernamuina eta haragi birberotua
Meloi mikatza eta haragi birberotua
Piper berdea eta haragi birberotua
Tofu lehorra eta haragi birberotua
Patata eta haragi birberotua
Aza eta haragi birberotua
Banbu-ernamuina eta haragi birberotua
Loto-ernamuina eta haragi birberotua
Tipula eta haragi birberotua
Tofu ketua eta haragi birberotua
Uraza eta haragi birberotua
Apioa eta haragi birberotua
Azenarioa eta haragi birberotua
Soja-ernamuina eta haragi birberotua
Ilar berdea eta haragi birberotua
Ozpinez ondutako ilarra eta haragi birberotua
Xu Lizhi eta haragi birberotua

Kakahuete baten heriotza-oharrak

Salgaiaren izena: kakahuete gurina
Osagaiak: kakahueteak, maltosa, azukrea, landare-olioa, gatza, gehigarriak (potasio sorbatoa)
Produktu zenbakia: QB/T1733.4
Kontsumitzeko modua: paketea ireki ondoren kontsumitzeko prest
Biltegiratzeko modua: estalkia ireki aurretik leku lehor batean mantendu, eguzki izpietatik aldenduta, estalkia ireki ondoren hotz mantendu
Ekoizlea: Shantou hiriko Xiongji elikadura enpresa, SL
Fabrikaren helbidea: Shantou hiria, Herensuge lakua, Iparraldeko Erreka herria, Ekialde Urruna industrialdea, B2 fabrika
Telefonoa: 0754-86203278 85769568
Faxa: 0754-86203060
Kontsumitzeko epe-muga: 18 hilabete
Jatorria: Shantou hiria, Guangdong probintzia
Webgunea: stxiongji.com
Ekoizpen-data: 2013-10-08

Gela alokatua

Hamar metro karratuko lekua
estua, hezea, inoiz eguzkirik ematen ez diona
hemen jan, lo egin, kaka egin eta pentsatzen dut
baita eztul egin, buruko mina izan, zahartu, gaixotu baina ez hil
lanpararen argipean behin eta berriz begirada galtzen dut, inozoki irri egiten dut
alde batera eta bestera nabil, ahapeka abesten dut, irakurri, poemak idatzi
leihoa edo ate karrankaria irekitzen dudan bakoitzean
bere hilkutxako atea astiro irekitzen duen
hildako bat bezalakoa naiz

Fa nire laguna

Eskuak beti gerria eusten dauzkazu
gizon gaztea zara
baina beste langileen begietan
haurdunaldiko hamargarren hilabetean dagoen emakumea dirudizu
langile migratzailearen estutasunak pairatu dituzun arren
iraganaz mintzo zarenean, beti irribarre egiten duzu
baina irribarreak ez du estaltzen samina, mingostasuna
bakarrik etorri zinen duela zazpi urte
Shenzhen-eko auzo honetara3
tinko, konfiantzaz beteta
edurrak eta izotzak agurtu zintuzten
gau beltzek, behin-behineko lan baimenek4, aterpetxeek…
hainbat gorabeheren ondoren hemen sartu zinen, munduko lantegi handienean5
orduan hasi zen zutik egotea, torlojuak estutzea, aparteko orduak, gau osoan lan egitea
margotzea, bukatzea, leuntzea, distiraraztea
paketeak egitea eta egitea, amaitutako produktuak mugitzea
egunero mila aldiz makurtzea eta zutik jartzea
mendien neurriko salgai-pilak tailerreko zorutik arrastatzea
ez zenekien gaixotasunaren haziak zugan ereinda zeudenik
minak ospitalera arrastaka eraman zintuen arte
han entzun zenuen aurreneko aldiz
«disko-hernia orno lunbarrean» esaldi borobila
minari eta iraganari buruz mintzatzean irribarre egiten zenuen bakoitzean
zure baikortasunak hunkitzen gintuen
harik eta Urteberri-jaiko6 afariaren amaieran, mozkorturik
eskuineko eskuarekin botila bat oratu, ezkerrekoan hiru hatz zutitu
eta negar-zotin baten ondoren, hau esan zenuen arte:
«Oraindik ez dut hogeita hamar urte bete eta
ez dut inoiz neska-lagunik izan
ez naiz ezkondu
eta nire bizitza dagoeneko akabatuta dago»

Bilduma honetako poesia originalak (txineraz)7 2015eko abenduan China Labour Bulletin GKEak argitaratu zituen bere webgunean. 2016ko urtarrilean berauen ingeleseko itzulpena8 argitaratu zuen. Horren aurretik, 2014an, Xu Lizhik bere buruaz beste egin eta aste gutxira, China Labour Bulletin-ek Xu Lizhiren beste zenbait poesia9 argitaratu zituen.

Poeta bikain honek gure aburuz, ezintasunak eta bakardadeak eragin dezaketen mina eta desesperazioa modu ezin hobean helarazten ditu. Latza egiten zaigu jakitea, urteak joan urteak etorri, antzeko sufrikarioak bizi dituzten milioika pertsona daudela Xu Lizhiren aberrian zein munduko beste hainbat txokotan. Leku guzti horietan, etenik ez duen oinazea eta samina pairatzen duten gizonak, emakumeak, agureak, atsoak, mutikoak eta neskatoak daude.

Zoritxarrez, euskaldunok, sufrimendu guzti hori auspotzen dugunik ezin dugu ukatu. Gure eguneroko bizitzan hartzen ditugun hainbat erabakik eta egiten ditugun hainbat hautuk, ondorio andanak eragiten dituzte. Ez da berdina azokan tokiko barazki eta jakiak hautatzea edo urruneko herrialde batean merke eta baldintza krudeletan ekoitzitakoak eta ondoren multinazional espekulatzaileek barku erraldoietan ekarriak erostea. Ez da berdina oporretan ondoko hondartzara joatea edo hondartzara hegazkinez joan eta ustezko plazeragatik atmosferan milaka tona kutsadura barreiatzea. Urte gutxitan telefonoa hainbat aldiz aldatzeak ere ondorioak ditu. Zeharkako ondorioak agian, baina ondorio guztiz errealak azken finean. Behin eta berriz ahazten zaizkigun ondorioak baina gertuagotik biziko bagenitu lotsa eta damua eragingo zizkigutenak.

Ezin gara obsesionatu edo etxean geratu, egiten dugun ia edozerk hainbat landare, animalia eta pertsona suntsituko dituen beldurrez. Baina kontrakoa ere ez da bidezkoa, merkatuak estaltzen saiatzen diren ondorio guzti horiek existituko ez balira bezala, axolagabeki kontsumitzen eta kontsumitzen jarraitzea. Besteak beste, berdin jarraituz gero laster ondorioak denok pairatuko ditugulako, baita guk geuk ere. Gertatzen ari diren hainbat gauzetan dugun erantzukizuna bistakoa da baina berandu onartzen badugu, norabidea aldatzen saiatzen garenerako talka bortitza saihestezina izango delako. Beraz, esna gaitezen supituan eta has gaitezen egoera ero honi lehenbailehen eta ezbairik gabe buelta ematen. Xu Lizhirentzat arras berandu da, noski. Ez dadila gu guztiontzat ere dagoeneko beranduegi izan.

OHARRAK:

1. Poesia Klasikoak olerki-liburua, Konfuziok irakasten zuen bost liburu klasikoetako bat da. Txinako ikasleek azken bi mila urteetan liburu honetako poesiak buruz ikasten dituzte.

2. Txitxarra intsektu bat da. Gure kilkerrek bezalatsu, udako egun beroetan arrek emeak erakartzeko soinu edo karranka berezi bat egiten dute.

3. Shenzhen duela 50 urte arte arrantzaleen herrixka bat bat baino ez zen, baina 1979. urtean Txinako gobernuak gune ekonomiko berezi bezala izendatu zuen. Shenzhen, Hong Kong eta Guangzhou hiri handietatik gertu dago eta helburua kapitalismoa bertan probatzea zen, hiri handi bat sortuz. Gaur egun Shenzhen Txinako hamar hiri handienen artean dago eta ia 9 milioi biztanle ditu. Bertan kokatzen dira hainbat eta hainbat enpresa, fabrika eta lantegi.

4. Txinatarrek ez dute zonalde batetik bestera mugitzeko askatasunik. Nekazaritza guneetan ozta-ozta bizirauten duten askok, hirietara joan nahi izaten dute, baina hirietan behar diren lanpostuetarako heziketa eza eta hirietako masifikazioa medio, gobernuak migrazioak eragozten ditu eta bere interes estrategikoei erantzuten dioten migrazioak bakarrik onartu ohi ditu.

5. 0 Fa, Xu bezala, Foxconn enpresako langilea da. En­presa honek ia bi milioi langile ditu eta gehienak lantegi barruan bizi dira.

6. Txinan, Asiako beste hainbat lekutan bezala, Urteberri-eguna ospatzen dute, Udaberriko Festa ere deitu ohi dutena. Ospakizunak urteko lehen hileko lehen egunean hasten dira, beraien egutegiaren arabera (gure eguzki-egutegiaren arabera, neguko solstizioaren ondorengo bigarren ilberria, urtarrilaren 21a eta otsailaren 21a bitartean gertatzen da). Urteko jairik garrantzitsuena da eta 15 egun irauten ditu. Horregatik, familiatik aldenduta bizi diren milioika txinatar beraien jatorrizko herrietara itzuli eta festak familiarekin ospatzen dituzte, Lurreko giza migraziorik handiena burutuz. Hauek kontuan hartuta, poesia honen protagonistak, egileak eta beraien lankideek hain ospakizun berezia Foxconn-en igarotzeak, berebiziko zama psikologikoa izan behar da beraientzat.

7. https://labur.eus/nj4Bj

8. https://labur.eus/4FtJH

9. https://labur.eus/F7d5r eta https://labur.eus/MNgyl

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like

Leave a Reply

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *