Laugarren printzipioa eta erruaren esleitzea

Azken urteotako gertaerak ikusita, Unabomber manifestuan historiaren printzipioetako bati buruz esaten direnak gogoratzea saihestezina egiten da. Laugarren printzipioari dagokionez, ondokoa esaten du: «ezin da gizarte berri bat teorikoki planifikatu aurretiaz, gero gizarte hori ezarri eta planifikatu zen bezala ibiliko denik espero» (Gizarte industriala eta bere etorkizuna manifestuko «Historiaren printzipio batzuk» atala). Printzipio hauek gizarte bat nola garatzen den azaltzen duten portaera-arau orokor batzuk bezala aurkeztu ziren, giza-planifikazioan ustekabeko ondorioak agertzea saihestezina dela agerian utziz. Espero daitezkeen ondorioei buruzko ezagutzak gehi ditzakegu, kontuan hartuak izan ez diren arren, gizarte teknoindustrial baten garapenari dagozkienak.

1978ko espainiar konstituzioa adibidez, gizarte berri baten planifikazio teorikoa izan zen. Gizartearen oinarri bezala, garai hartan inguruko estatuetan hedatuta zegoen ideia erabili zen: sufragio unibertsala baliatzen duen eta botere bereizketa duen ordezkaritzako demokrazia. Errealitatea 4. printzipio horrekin erkatuz, argi ikus dezakegu gizarteak ez duela funtzionatzen garai hartan imajinatu zen bezala eta instituzio publikoek ere ez dutela funtzionatzen planifikatu zen bezala. Ustelkeria politikoari buruz asko hitz egiten da azken urteotan, baina planifikatu zirenean «gizarte-ongizate orokorraren» esanetara egon beharko luketen instituzio publikotan bertan, «perbertsio» bat dagoela sumatzen da. Egia da gizarte-ongizate hori zehaztea, horrelakorik benetan posible baldin bada, ez dela lan erraza eta are zailagoa gizartea zenbat eta konplexuagoa izan. Zertan datza «perbertsio» hori? Bada, modu eta bide desberdinak erabiliz, zenbait talde eta erakunderen interes partikularrak interes orokorren gainetik jartzen direla. Amarru hau ez da bakarrik kargu publikoen delituzko-ekintzengatik, fabore-tratuengatik eta influentzia-trafikoagatik gauzatzen, baizik eta instituzioen jardun legalean ere gertatzen dela. Horren adibide dira lehiaketa publikoak saihesteko instituzioen babesarekin sortzen diren enpresa publikoak eta bestelako amarru batzuk, gero administrazio publikoen beraien ikuskatze txostenetan eta kontu auzitegietan inoiz azaltzen direnak. Instituzio horiek zuzentzen dituzten alderdi politikoak dira interes partikular horien bideratzaileak. Nire helburu baina, ez da sistemaren eraginkortasun falta horienganako kezka sortzea. Ez, ez da hori bakarrik. Gertakari hauek, zenbait baldintzatan gizarte teknoindustrial bat nola funtzionatzen duen erakusteko balio dute. Bertan, eraginkortasuna gero eta baxuagoa bihurtzen duelako gizartea bera ekiditen saiatzen den gauzak eman daitezke (nola ez, ezkertiartasuna protesten buru delarik): klientelismoa, ustelkeria, nepotismoa eta abar. Alabaina, gakoa muinean dago, laugarren printzipioak eta Gizarte industriala eta bere etorkizuna-k aurkeztutako arauek nabarmentzen duten bezala.

Norena da egoera honen errua? Espainian, politikariak gizarteko arazo nagusienetako batean bihurtu diren iritzia zabaldu da. Aurkako iritzi hauen iturria 2007-2008an hasi zen ekonomia-krisian legoke. Babesgabetasun eta ezintasun sentimendu hauek herritarrengan hazi egiten dira beraien interesak beste batzuen interesen azpitik daudela ikustean eta honek gizarte teknoindustrialaren berezko beste arazo batzuk elikatzen ditu. Politikari, espekulatzaile, bakari eta abarrei errua botatzen ari zaio, baina erruaren esleitze hori, gizarte honen funtzionamenduaren ezagutza desegoki batetik abiatuta egiten ari da. Ted Kaczynskiren mezu batek analisi egokia egiten lagun dezake:

«Beraz, demokrazia mundu modernoko sistema politiko nagusia bihurtu bada, ez da norbaitek gobernatze sistema gizatiarrago bat behar genuela erabaki zuelako, baizik eta industrializazioak sortutako baldintzetan, sistema demokratikoak teknologikoki eta ekonomikoki beste sistema batzuk baino indartsuagoak direlako. Hau horrela, teknologiak aurrera egiten jarraitzen duen bitartean, ez dago bermaturik bizirauteko eta zabaltzeko sistema politiko egokiena ordezkaritzako demokrazia izango denik. Posible da, demokrazia beste sistema politiko arrakastatsuago batengatik ordezkatua izatea. Egiatan, hori dagoeneko gertatu dela argudiatu liteke. Hauteskunde nahiko ondraduak bezalako itxura demokratikoak mantendu arren, modu onargarrian defenda liteke, hedabideak eta alderdi politikoak kontrolatzen dituzten eliteak direla benetan gure gizartea zuzentzen dutenak. Esan liteke, hauteskundeak, propagandisten eta publizisten talde aurkarien arteko lehia hutsalak besterik ez direla bihurtu.»

Gaur egun ezagutzen ditugun sistema demokratikoak, garapen teknologikoaren fruitu dira eta garapen horrek denboraren poderioz eraikitako sistema teknologikoak, kutsatzen eta baldintzatzen ditu. Honek esan nahi du sistema teknologikoa funtsezko baldintzatzailea dela bai demokraziaren sorreran, zein bere funtzionamenduan. Paragrafo honetan, Kaczynskik «eliteak» aipatzen ditu baina beste batzuetan aipatzen dituen «erakunde handiak» argigarriagoak lirateke. Zoritxarrez, erakunde handi hauek duten boterea ez da konprenitzen, ezta zergatik eta nola garatzen den ere. Handinahiak, diru-zalekeriak edo beste giza-pasioek sortuak direla esan ohi bada ere, ez da horregatik bakarrik. Errua instituzioetako txandakako agintariari edo ordezkariari esleitzea oso ohikoa da, analisi sakonagoak ekidinez. Arazoen konplexutasunaren aurrean, hori irtenbide bat da, baina ez da irtenbide egokia, ez horixe. Gizarte baten bilakaeragatik «boteretsuei» errua botatzen diotenek ez dute arazoaren funtsa ikustea lortzen.

Erakunde handiak izaki inpertsonalak dira eta ezin dira ondo deskribatu pertsonak bailiran. Beraien jokaera ez da pertsonena bezalakoa, berauetaz elikatzen diren arren. Pertsonak iragan egiten diren bitartean, erakundeek denbora gehiago irauteko joera dute. Pertsonen jokaerei era guztietako sentimendu ugarik eragiten dieten bitartean, erakundeei oso gutxitan gertatzen zaio halakorik eta ia beti beraien kalkulu hotzen interesei hertsiki lotuta jarduten dute. Berezko dinamikak dituzten sistemak dira eta duten boterea, sistema teknologikoarekin erlazionatzeko duten eran datza:

«Norbanakoengandik eta talde txikiengandik erakunde handietara botere transferentzia gertatzea hainbat arrazoirengatik saihestezina da gizarte teknologiko batean. Horren erakusle da, adibidez, sistema teknologikoaren funtzionamendurako funtsezko hainbat eragiketa egiteko, erakunde handiak ezinbestekoak direla.»

Pentsa beza irakurleak une batez funtsezko eragiketa horietan, aurrera ateratzeko beharrezkoak dituzten koordinazio eta araudiekin, ezinbestekoak dituzten denbora luzez hezitako milaka pertsonekin, dena mantentzen duten industrien neurrietan eta konplexutasunean. Guzti horri gehitu beharra dago estatu industrializatuetan, lurraldearen egonkortasun jurisdikzionala mantendu ahal izateko, nola ugaritzen joaten diren norbanako interesak bilatzen dituzten gremioak, enpresa elkarteak, sindikatuak, poliziak eta abar. Beraien artean talka egiten dute edo baliabide batzugatik lehian aritzen dira. Norgehiagoka horiek bide berriak, batez ere teknologikoak, bilatzera bultzatzen dituzte. Eta horrek azkenean, indarrean dauden araudien bortxatzea ekartzen du edo arauketa berrien beharra. Guzti honek, gizartean dinamismo bat txertatzen du, garapen teknologikoa mugatzeko saiakera oro iragankor bihurtzen duena. Natura edo askatasuna babesteko ekimen erreformistak lehia horretan murgiltzen ditu (oso egokia da Gizarte industriala eta bere etorkizuna manifestuko «Gizarte industrialean askatasunaren murrizketa saihestezina da» atala irakurtzea). Ez da argi geratzen zein den gizartearen bilakaera prozesu honen helburua (nolako gizarte gaiztora helduko gara?), baina bitartean, norbanakoek eta talde txikiek bizitzako gai garrantzizkoetan duten autonomia murrizten dela nabaria da.

Errealitate hau kontuan hartuz, oraingo gertakarien garrantzia ez da neurtu behar instituzioen kalitatean edo eraginkortasunean duten eraginean, baizik eta gizarte teknoindustrialaren garapenari datxezkion arriskuetan. Atxikitako arrisku horiek, ez daude instituzioak gobernatzen dituen ideologiari loturik. Funtsari dagokionez, gobernua liberala, kapitalista, kontserbadorea, sozialdemokrata, komunista edo sumindua izan, ez dago desberdintasun askorik.

2013ko urtarrilak 7

OHARRA:

El texto original en castellano de este artículo está disponible online con el título «El cuarto principio y la asignación de culpas».

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like

1 comment

Leave a Reply

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *