GIZAKI EZ DIREN ANIMALIAK BAZTERTZEN DITUGU

Badira gizakiok gainontzeko animalia espezieengandik banatzen gaituzten zenbait hesi, ikusten ez diren arren gure buruetan iltzatuta daudenak. Ohitura, aurreiritziak, berekoikeria, prepotentzia eta indarraren erabilera desegokiaren gainean eraikitako hesi hauek, jaiotzean bere zoritxarrerako giza formarik ez zuten milioika eta milioika izaki errugabe oinazera eta heriotzera bultzatzen dituzte egunero. Gutxiengo informazio bat jaso duen edonork badaki gizakiok beste animalia espezie bat besterik ez garela. Linneo eta Darwinek, besteak beste, garbi esan zuten. Gure herentzia genetikoaren zati handi batean (% 95etik gora) txinpantze, bonobo, gorila eta orangutanekin bat egiten dugu, eta beraiekin batera primate handien taldea osatzen dugu. Primateak gara, bai.

Talde hau beste handiago baten barruan dago, ugaztunen taldearen barruan hain zuzen ere, eta ugaztunen taldea era berean ornodunen barruan; horrela osatzen da, espezie arteko bat-bateko aldaketarik eta etenik gabe, animalia erreinua. Hala eta guztiz ere, gizakiok estatus berezi eta zoragarri bat, erdi sakratua, daukagula uste dugu, eta beste espezieengandik aparteko duintasun eta eskubideak ditugula. Gure espeziearen aurrean horma bat eraiki dugu. Gainerako animalia guztiak horma horren atzean aurkitzen dira. Gorilak eta euliak zaku berean sartzen ditugu, primate batek intsektu batekin gizakiokin baino antzekotasun handiagoa duelakoan. Ispilu bat nahikoa da baieztapen hau baliorik gabe uzteko. Zaila egiten zaigu errealitate hau onartzea, eta behin eta berriro gure ezaugarri eta gaitasun bereziak aipatzen ditugu komeni zaizkigun ezberdintasun horiek mantentzeko.

Hizkuntzak, erlijioak, musikak, heriotzaren zentzuak, ugalketaz aparteko sexuak eta ilargira koheteak bidaltzeak erabateko arrazoiak dirudite. Honekin ordea, beste ezaugarri eta gaitasun asko ahanzten ditugu, non beste animaliek gainditu egiten gaituzten. Hegazti batek bere kasa hegan egin dezake, eta guk ez; arrain bat gure aldean aise mugitzen da uretan; eta baleak hain era sofistikatuan komunikatzen dira, ezen gu, “izaki nagusiok”, ez baikara ulertzeko gai. Ezaugarri edo trebezia ezberdinak egoteak ez lioke inongo lehentasun motari biderik ireki behar. Adibidez, ez dezagun onartu 1,90etik gora neurtzen duten edo zuriak eta ilehoriak diren pertsonen lehentasun ukaezina ezartzen duen lege bat, 1,50 neurtzen dutenekiko edo beltzekiko,…

Espezie biologikoen ezaugarrien arabera gauzatzen den diskriminazioa ESPEZISMO izenarekin ezagutzen da, eta arrazakeria, sexismoa eta klasismoaren parekoa da. Ezberdintasun bakarra, diskriminazioa kasu hauetan arrazan, sexuan edo klase sozialean oinarritzen dela da, eta ez espeziean. Honela, edonola eta bidegabeki diskriminatzen ditugu gainerako animalia espezieak, eta honek min eta oinaze latzak dakartza duintasuna eta eskubideak ukatu dizkiegun milioika izaki errugaberentzat. Kontutan hartzekoa da animalia hauek, herentzia genetikoaz aparte, sentitzeko eta sufritzeko ahalmenean ere gurekin bat egiten dutela.
Espezismoa edo hasieran aipatzen nituen buruko mugak modu gehiagotan ere agertzen dira. Kontu handiarekin bereizten ditugu animalia batzuk beste batzuengandik (pertsonekin ere berdin jokatzen dugu); bereizketa hau da, hain zuzen ere, beraiekin edukiko dugun erlazioa zehazten duena. Animalia batzuk atseginak, politak eta erakargarriak iruditzen zaizkigu, horregatik aukeratzen ditugu konpainiako animalia bezala, gure etxeetan bizi daitezen, edo bizitza guztian zehar gatibu mantentzen ditugu, kaiola eta arrainontzietan sartuta, zoologiko, safari, parke natural edo aquariumetan ikusteko. Beste animalia batzuk, berriz, etxaldeetan pilatzen ditugu baldintza miserableetan, beraien haragi gozoaz prezio on batean gozatu ahal izateko. Ez garela animaliak diogu, baina gurekin identifikatzen ez ditugun animaliak erabiltzen ditugu, laboratorioko arratoiak adibidez, esperimentu krudelak egiteko, gure antzekoak direlako eta zientzilariek diotenez emaitzak gure espeziearentzat baliagarriak direlako (hauxe bai kontraesana!). Beste batzuetan, galtzeko arriskuan dauden animalia basatiei laguntzen diegu, bizitzeko tokirik gabe utzi eta gero; argi daukagu Bengalako tigreak bizirik iraun behar duela, baina arriskuan dagoen espeziea, estoldetako arratoia edo labezomorroa balitz… ez ginateke horrenbeste saiatuko laguntze ahaleginetan. Amaitzeko, badira gure eguneroko bizitzari oso lotuta agertzen diren animaliak, bai lan garaian edo baita jolasteko garaian ere; lanerako erabiltzen ditugun animaliak adibidez, egunero esplotatzen ditugu gupidarik gabe lan gogorretan, eta guretzat sinbolikoki esanahi bereziren bat daukatenak gure herriko jaietan hiltzen ditugu. Harrigarria da animalia berdinak zer tratu ezberdin jaso dezakeen ikustea bere bizilekuaren arabera. Elefante bat, adibidez. Hemen bere handitasunak txunditu egiten gaitu eta zirko, zoo eta baita zenbait publizitate desfiletan ere ikusten dugu. Dokumental asko egin da berari buruz. Asian zama abere bezala erabiltzen dute. Afrikan ehizeko beste harrapakin bat besterik ez da. Bere marfilaren salerosketarako ere hiltzen dute, eta marfil honek gure mendebaldeko etxeetan bukatzen du. Zaila egiten zaigu, ordea, egur tropikal polit hori berau garraiatu zuen animaliarekin lotzea, edo marfilezko figura eder hori berau lantzeko hil behar izan zen animaliarekin.

Bada aipatu nahi nukeen hirugarren hesi bat. Gure gizartean geroz eta gehiago dira animalien defentsarako elkarteetan lan egiten dutenak eta beraien bizimodua aldatzen dutenak ahal den heinean beste izaki batzuen oinazea ekiditeko. Hala ere, zenbait deskalifikapen merke eta askotan batere pentsatu gabekoei aurre egin beharrean aurkitzen dira. Deskalifikapen hauen oinarrian aurreiritziak eta gizakiok aldarrikatu dugun nagusitasun faltsutik jaisteko beldurra aurkitzen dira. Zilegitzat hartzen da (baita gomendagarritzat ere) elkarte humanitario batean edo sindikatu batean militatzea, musika talde bateko fan izatea edo posabasoen bilduma egitea, baina beste izaki batzuentzat duintasuna eta tratu txarrik ez jasotzeko eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenak kritikatu egiten dira. Neurriz gaineko esplotazioa eta ongi pasatzeko sarraski, oinaze eta alferrikako min honekin bukatu nahi dugu bidezko kausa solidario hau defenditzen dugunok. Izan ere, hauxe da zehazki esan nahi duguna animalien eskubideez hitz egiten dugunean.

Munduko herri askotan gaurkotasun handiko arazoa da animalien eskubideena. Milioika pertsonak parte hartzen duen elkarte animalista anitz dago. Guztiok ideia batean egiten dugu bat: zinez sinisten dugu animaliok, animalia guztiok, errespetatu behar diren oinarrizko eskubideak ditugula. Zergatik deritzogu garrantzizkoa gaur egun animalien eskubideez hitz egiteari? Hona hemen hiru arrazoi:

1. Animaliak izaki sentikorrak dira, mina eta oinazea pairatzen dituzte.

2. Gizakiak beste animaliak jo eta era ezberdinetako tratu txarrekin menderatzen ditu, oinaze izugarria sortuz.

3. Gizon eta emakumeok animalia etikoak gara, hau da, gure ekintzak epaitzeko gai gara.

Hiru arrazoi hauek ez dira animalisten ondorio edo ideia interesatuak, baizik eta inor gutxik eztabaida ditzakeen egia objetiboak. Gainera, arrazoi hauek moralki behartzen gaituzte alferrikako minik ez eragitera mina edo oinazea pairatu dezakeenari, gizakia izan ala ez.

Animalen askapenerako borroka bortxakeriaren aurkako eta berdintasunaren aldeko borrokaren kontestu aurrerakoiean sartzen da. Ezin da antiespezista izan eta aldi berean arrazista edo sexista izan; era berean, ezin da antiespezista izan eta aldi berean bidegabekeria ekonomiko eta sozialen biktima diren gizakien aurrean axolagabe azaldu. Gure ustetan, animalia ez gizatiarrek jasaten duten zapalkuntza, bigarren mailako fenomeno bat izatetik urrun, dominazio eta gehiegikeria eredu zentral baten erakuspena da, eta eredu zentral honetatik dator gizakien arteko dominazio eta gehiegikeria eredua. Mespretxuaren eta zapalkuntzaren mekanismoak zalantzan jartzea animalien askapenerako borrokaren barruan sartzen da. Espezismoaren aurkako borrokak iraultza kultural bat inplikatzen du, gure bizimoduaren aldaketa osoa, pentsamenduan eta gizakion jarrera guztietan eragin handia duena. Eta guztiok gaude inplikatuta. Guztiok erabaki dezakegu arazoaren edo ebazpidearen parte garen.


ESPERIMENTU BAT

Laboratorioetako esperimentuetan erabilitako animalien patuaz kezkatzea txorakeriatzat hartu ohi da. Zalantzarik gabe horren arrazoia, fisiologia eta ikerketa medikoetako argitalpen askotan ageri den terminologia teknikoa dela eta, gai horretan ezjakinak garenok animaliei benetan gertatzen zaiena jakiteko dugun zailtasuna da. Beste arrazoi bat ikerketa hauek gizakiari onuraren bat ekarriko diotela eta, beraz,beharrezkoak direla aurresuposatzea da. Jarraian Britainia Handiko Hornikuntzetarako Ministerioak Bigarren Mundu Gerra garaian egindako gas pozoitsuen ondorioei buruzko nahiko txosten osoa ikusiko dugu. Testuak termino tekniko gehiegi dauzka, izan ere, esperimentatzaileak untxi bati begi batean lewisita gas dosi handia injektatu ondoren, begia nola usteltzen zitzaion bi astetan zehar erregistratu behar izan zuen. Baina txostenaren hizkerak eta idazkerak errealitatetik nola urruntzen gaituzten ikusteak merezi du. Gertaera gizaki baten aurrean gertatzen ari dela konturatzea ezinezkoa da.

“Lesio larriek begiaren galera eragiten dute. Lesio larridun begietako bitan, lewisitaren eragin suntsitzaileak kornearen nekrosia (suntsiketa) sorrarazi zuen odol-hodiak bertaraino iritsi baino lehen. Bi kasuetan lesioak tantatxo batek eragin zituen. Kasuetako batean, untxia anestesiatu egin zen, eta horrek konjuntiba osoan zehar lewisita hedatzea erraztu zuen. Begi honetan, gertaera-segida betazalen berehalako espasmoarekin hasten da; jarraian, 20 segundu beranduago,malko-jarioa hasten da (lehenik malko gardenak eta, minutu bat eta 20 segundu pasatzean, esne-itxurako jariatze harderianoa). Sei minutu eta gero, hirugarren betazala edematosoa (handitua) bihurtzen da eta, 10 minutu eta gero, betazalak berak puzten edo handitzen hasten dira. Noizbehinkako begi-keinuak salbu, begiak itxita dirau. 20 minuturen buruan, edema (hantura) hain da handia, ezen begia ez baita jadanik itxita ageri, betazalek ez dutelako begi-globoa estaltzea lortzen. Handik 3 ordura, kornea ezin da ikusi eta petekia konjuntibalak (odoljario txikiak)daude. Malko-jarioak darrai.

24 orduren ostean edema jaisten hasten da eta begiak muki-zornea isurtzen du. Iritis (hantura) handia dago eta kornea edematosoa da, batez ere hirugarren gainazalekoan… Hirugarren egunean isuritze ugaria dago eta betazalak oraindik handituta daude. Laugarren egunean betazalak itsatsi egiten dira isurketen ondorioz. Iritis handia. Korneak ez daude oso handituta. Zortzigarren egunean zornea dago, betazalak haragitsu daude eta begi-globoa estutzen dute; ondorioz, begia ezin da guztiz ireki. Hamargarren egunean kornea oraindik abaskularra eta oso opakua da, eta zorneak estalita ageri da. Hamalaugarren egunean kornearen zentroa likidotu eta desegin egiten dela dirudi, 28. egunera arte bere horretan iraungo duen deszemetozele bat (mintz bat kornearen gainean) utziz; egun horretan puskatu egiten da, zorne masan begiaren hondakinak soilik utziz.”


(Ida Mann, A. Pirie, B. D. Pullinger, An Experimental and Clinical Study of the Reaction of the Anterior Segment of the Eye To Chemical Injory, With Special Reference to Chemical Warfare Agents, “British Journal of Ophtalmology”, Monograph Supplement XlII).

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like