FUNTSEZKO KONTUA

Hil ala biziko atakan bizi gara, irudimenik eta emozio-alfabetizaziorik ez duten, baina gaur egun jaun eta jabe diren pertsonen te­rrorismo-ekintzek mehatxatuta. 1945az geroztik, hau da, Truman tolesgabeaz geroztik, terrorista ahalguztidun eta goi funtzionario horiek guztiek arrazionaltasun jakin baten arabera jardun direla sinesten duena, anker horien iritzia loretxoak eskainita, baraualdi egunak biderkatuta, esku­txorik esku giza katea eginda edo eurekin buruz buru mintzatuta aldatuko duela sinesten duena inozoa da, industria militarraren interesak ustekabean igarotzen zaizkiolako (eta berdin dio nahita edo nahigabe den). Gainera, badira gure artean borondate onekoak izanda ere, euren larrutan gozo jarraitzea besterik nahi ez duten pertso­nak, keinu egozentrikoa oso.

Ez, horiek baino serioagoak dira gure betebeharrak: benetan gogaitu behar ditugu gizateriaren izatea ala ez izatea euren esku duten adigogor ahalguztidun horiek, eskuak benetan lotu behar dizkiegu. Gaurko eta biharko gizakien onbeharrez, ezin dira errepikatu Hiroshima eta Nagasaki suntsitu zituzten aginduen antzekoak (…) Halako agindurik ere ezin da izan, eta ezin da izan halako aginduak eman ditzakeen gizasemerik. (…)

Hiroshima bakar batekin ere, ezer gutxi axola du non gertatzen den, ezer gutxi axola du Harrisburg-en, Chernobil-en edo Wackersdorf-en gertatzen den eta berdin dio ustezko bake garai honetan ala gerra garaian gertatzen den; Hiroshima bakar batekin ere, gure Lur maitearen toki guztiak Hiroshima erraldoi bihur litezke batera, edo zerbait okerrago. Toki guztiak espazioan lotuta egoteaz gain, denboran ere lotuta daudenez, irisgarri bihurtzen direlako eta, agian, norbait jada iritsi egin delako. Ez badugu gaurtik bertatik esku hartzen, baliteke bilobak edota birbilobak gurekin hiltzea, guregatik. Orduan gu, gaurko gizakiok eta gure arbasoak ez ginatekeen inoiz existitu izango.

Gunther Anders
«10 Tesis sobre Chernóbil» (1986) liburutik itzulia. «Gunther Anders. Filosofía de la situación» antologian sartua. Los libros de la catarata argitaletxea (2007).