ARMAK ETA PETROLIOA

EREMU ESTRATEGIKOA

Golko eskualdean (Penintsula Arabiarra eta Iran) badaude munduko petrolio biltegien %65a eta gasaren %33a. Bertan, Petrolio Esportatzaileen Erakundeko bost estatu dira erreserba handienen jabe: Saudi Arabia (26,1), Irak (%10), Emirato Arabiar Batuak (%9,8), Kuwait (%9,7) eta Iran (%8,9). Beste inon baino bost aldiz merkeagoa da hemen kupela bat petrolio ateratzea, gainerako estatuek ez baitute erreserba nahikorik ez eta berauek bezalako esportazio-biderik. XXI. mendearen lehen hamarkadan, bost estatuok munduko kontsumo guztiaren erdia berenganatuko dute. Txinara, Indiara eta Iranera zabalduko omen dute merkatua. EEBBen menpekotasuna are handiagoa izango da (%70koa, datu ofizialen arabera).

EEBBen ZABALKUNTZA ORDAINETAN

Dolar eta armen joan-etorri aberasgarri honi eutsi ahal izateko, EEBBek, eremu hartan duten kontrol militar zuzena bizkortu behar dute. Esku hartze militarra aurrera eramateko gatazka giroa bultzatzen ari dira.

Dena ongi dabil: EEBBak, beren armadak inguru horretan behar dituen armategiak saltzen ari zaizkie «petromonarkiei», zabalkuntza militarrak sortzen dituen gastuak ordaindu ahal izateko eta esku hartze zuzena mantentze aldera.
Gaur egun, Qatarren daude estatubatuarrek munduan duten armategirik handienak. EEBBek eta «petromonarkiek» ez dute Irak petrolioaren merkatura itzultzerik nahi eta helburu horrekin bere azpiegitura erasotzen segitzen dute.

ARMAGINTZA MERKATUA

1990tik 1997ra arte, Saudi Arabia, Qatar, Kuwait, Barhein, Oman eta Emirato Arabiar Batuak (“petromonarkiak”), 5 biloi pezetako kontratu militarrak burutu dituzte EEBBekin.
Monarkia saudiarra, munduko arma eroslerik handiena bilakatu da: 1997an 45 mila miloi dolarreko etekinak lortu zituen petrolioaren salmentarekin eta kopuru horren laurdena eman zuen gerra hegazkinak erosteko.

IRAKeko PETROLIOA «BIRKOLONIZATUA»

1990ean, Irakek 3 milioi petrolio-kupela/eguneko esportatzen zuen.1991an, Irak Kuwaitetik bota zuten arren, Segurtasun Kontseiluak lehenago ezarri zizkion isun ekonomikoak indarrean daude oraindik. Isun hauek, Iraken petrolioaren esportazioari galerazoa jartzen zioten. Hau dela eta, Irakek 17 biloi pezeta galdu du gaur egunera arte.

Gainera, Segurtasun Kontseiluaren erabakiek diotenez, Irakek bere esportazioen heren bat eman behar du Golko Gerran sortutako kalteak ordaintzeko.

Beraz, 1972an nazionalizatu zuten petrolioa «birkolonizatu» egin dute.

Irakek, 1997an sortutako «Petrolioa Elikagaien truke» plangintzatik kenduz, 4 biloi pezeta ordaindu ditu, jada.

IRAKIARen PETROLIO-KOPURUAREN BANAKETA

Enbargoa hasi zenetik, Iraki zor zaion petrolio kopurua, Saudi Arabiaren eta, neurri txikiago batean, Kuwaiten bitartez esportatzen ari da. Honela, Saudi Arabiaren salmentak 5,2 miloi kupelatik 8 miloira hazi egin dira. Etekin hauei esker, bai Kuwaitek baita Saudi Arabiak ere berreskuratu egin dute EEBBei Gerran utzitako dirutza (7,7 biloi pezeta) eta sasoi honetako ekoizpen-kopuruaren murrizketari eta prezioen beherakadari aurre egin ahal izan diete.

NEGOZIO BOROBILA

Iraki ezarritako enbargoaren luzapenari esker, Golkoko erregeen eta printzeen ondasunak izugarri handitzen ari dira eta beren botere politikoari eusteko EEBBek eskaintzen dieten segurtasun militarra errez ordain dezakete. Zeregin honetan diru mordoa jarri dute. Era berean, EEBBek munduko energi hornidura kontrolatzen segitzen dute eta Ekialde Ertainetik jasotzen duen dirua armagintza arloa berpizteko erabiltzen ari dira.

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like