SIEMENS ETA NAZIONALSOZIALISMOA (edo langileen espetxea)

«Azkeneko bi Urteetan Siemens kontsortzioak 150. urtemuga ospatu du. Une honetan, Europako elektrizitate eta elektronikaren arloko entrepresarik haundiena dugu, bere etekinak etengabe gora doazelarik. Esate baterako, iazko balantzean etekinak %20a igo ziren: 2500 milioi Marko.»

ZER EKOIZTEN DU SIEMENSEK?

Elektrizitate eta elektronikaren inguruko ia edozer aurki dezakegu: sistima eta zirkuito ezberdinetarako osagaiak, ordenagailuak, etxerako elektratresnak, medikuntzara orientaturiko teknologia, garraiotarako teknologia,… eta abar. Azken urteetan gero eta gehiago armak eta teknologia militarrik aurreratuena, eta baita teknologia atomikoa ere. Hau dela eta, Alemanian eta Erdieuropako beste zenbait herrialdeetan, antifaxistez gain, talde ekologista eta antimilitaristek ere boikot kanpaina antolatu dute.
Baina kontsortzioa ez dute bakarrik Siemens izena dute entrepresek osatzen. Benetazko kapital inperioa dela esan dezakegu, bere eskuak AEG-Telefunken, Man, Dornier, Thyssen, Philips, Bosch eta abar bezalako marka garrantzitsuetan aurkitzen ahal ditzakegularik.

Baina nola lortu zuen entrepresa honek gaur egun den kontsortzio haundia izatera heldu?

SIEMENS ETA GERRA

1933ean, masen paranoia militarista eta nazionalista Europa guzian zehar hedatzen ari zelarik, naziek Alemanian boterea hartu zuten. Proiektu politikoa garatzeko, Hitlerrek armata boteretsua behar zuen, eta armen ekoizpen masiboa hasi zen Alemanian.

Egoerari moldatuz, errekonbertsioari ekin zion entrepresak, eta 1937n entrepresaren gaitasunaren %85a zuzen edo zeharka armetarako erabiliak ziren osagaiak ekoizteko erabiltzen zuen.

Nazien hornitzaile nagusia izan zen Siemens, eta gerraren ondorioz Europa guzia pobretzen ari zen bitartean, entrepresak negozio bolumena bostkoiztu zuen.

SIEMENS ETA ESKLABUTZA

1940n Siemens beharturiko langileak erabiltzeari ekin zion. Kontsortzioaren esanetan, ekimena ez zen haiena, naziena baizik, Siemens historia guzian «kontsortzio aurrerakoi eta soziala» omen baitzen.

Lehendabiziko esklabuak juduak izan ziren. 1941ko kailan Berlingo lantegian 3500 judu ari ziren, eta gehiago beste hirietan, baina deportazioak hasi eta 1943ko Otsailan azkenekoak heriotz eremuetara eraman zituzten.
1940ko udazkenan atzerritik ekarritako lehendabiziko esklabuak erabiltzen hasi ziren, eta hiru urte beranduago langileen %30a ziren.

Esklabuen plantila heterogeneoa zen aras: atzerritarrak, gerra-presoak, alemanak (juduak eta ez juduak), protestanteak, liberalak eta aurrerakoiak… Langile hauentzat «entrepresa egoitzak» eraiki zituzten.

Entrepresa egoitza hauek kontzentrazio eremuekin puntu aunitz amankomunean badituzte ere, ez ditugu nahastu behar. 1942ko udaberrian Siemensek 135 «enpresa egoitzak» zituen. Karl Hein Roth ikerlearen esanetan «erizpide ekonomikoz planifikaturiko langileen espetxeak» ziren, eta bertan izua, kontrola, tortura eta zigor ziegen bidez, ekoizpenaren igoera lortzen zuten.

Honi buruz 1941tik aurrera kontsortzioko zuzendaria izandako Hermann von Siemens, 1946an, gerra bukatuta zegoelarik zera esan zuen: «atxilotutakoak pozik ziren entrepresan aritzeko aukeragatik» (!!) eta baita «bizi baldintza latzak izatearen seinalik ere ez zegoela».

SIEMENS ETA KONTZENTRAZIO EREMUAK

Esan bezala, kontzentrazio eremuetako presoak ere erabiliak izan ziren, lantegirik haundienak Ravensbruck, Buchenwald, Gross-Rosen, Auschwitz, Flossenburg eta Sachsenhausenen zirelarik. Bertako egoera azaltzeko Ravensbruck hartuko dugu adibidetzat.

Bertan Siemens eta Halskek zuten lantegia, eta han aritzen ziren 2.300 emakumeak 20 etxoletan bizi ziren, bertan elikagai eza, gaixotasunak eta izua eguneroko errealitatea zirelarik. Errepresioa SSko ikuskatzaileek eta Siemensko langile arruntek (arduradunak) bideratzen zuten. Bertan izandako emakume baten esanetan, «egunero arduradunaren batek SSko funtzionari batekin kontrola egiten zuen, eta ardunadunak norbaitek azkarrago egiten ahal zuela lana erabakiz gero, egunean behin torturatzen zuten».

Ravensbrucken instalazioa eta egoera honen tamalgarriak izatearen ardura kontsortzioak zuen, elikadura, etxebizitza eta abar ez baitzeuden gobernuaren eskuetan. Esan beharra dago ere, torturatzeko erabakia Siemenseko arduradunek, eta ez SSk hartzen eta burutzen zutela gehienetan.

SIEMENSEN LANGILEEKIKO ARDURA

Gerraren ondoren buruturiko Nurembergeko Epaiaren erabakiak «beharturiko lana gizadiaren aurkako krimentzat» hartu zuen. Baita Europako Parlamentuak 1986ko Urtarrilaren 16an zera erabaki zuen «entrepresek legezko ardura eta ardura morala dute, izandako esklabuei indemnizatzeko».

Azken kalkuloen arabera, faxismo garaian 12 milioi pertsona esklabu aritu ziren. Gerra hotsaren bitartean, gobernu federalak Eki-Europan bizi ziren Nazionalsozialismoaren biktimak onartu zituen, eta diru publikoaz fundazio bat eratu zuten, Polonia, Bielorrusia, Errusia eta Ukraniakoek 200-1.000 Markoetako indemnizazioa altxatu zutelarik. Beste herrialdeetakoek (Txekia, Eslobakia, Ungaria, Serbia… eta abarrekoek) ez zuten ezer jaso. Baina esklabuek erabili zituzten entrepresek (Siemens, IG-Farben eta Volkswagen batez ere) ez dute dirurik jarri.

Siemensek ez du inolako ardura moralik bere gain hartzen. Bizirik atera ziren Juduentzat 7 milioi Marko eman zituen. Hagitz gutti da hau, 2.203 judu besterik ez baitziren bizirik atera eta bakotxak 3.303 marko besterik ez zituen altxatu.
Baita esklabizaturiko alemanek ere erraparazioaren zain daude: jubilazioa kotizatzea, soldatak ordaintzea eta torturak eta gaixotasunak indemnizatzea esijitzen dute. Emakume batek salaketa bideratu zuen, baina arras politikoa zen sententziaren arabera, Siemens errugabetzat hartzen zuen eta errudun bakarrak SSkoak zirela zioen. Ez zuen kontutan hartzen entrepresak bertan lorturiko etekin guziak entrepresak, eta ez gobernuak hartu zituela eta hazteko erabili zituela.

IZAR BELTZA
(Iruineko Talde Anarkista)

[related_posts_by_tax posts_per_page="4"]

You May Also Like